Burlatako Udalak kultura eta kirol patronatuak ezabatu nahi zituela salatu dute azken hilabeteotan herri eragileek, eta parte hartze organoak desegitearen ondorioetako bat agerian geratu da herrian. Hiru hautagaitza aurkeztu dituzte aurten Burlatako txupinazorako: Burlatako Haur Eskolak, Burlatako Osasun Zentroa eta udal Jubiloteka. Aurreko astean, baina, haur-eskolen hautagaitza suziria botatzeko bozketa-prozesutik kanpo uztea erabaki zuen Ana Gongora Navarra Sumako alkateak.
Asteartean izan zuen oposizioak aldaketaren berri, eta Berta Arizkun eta Txema Noval EH Bilduko eta Burlata Aldatuz-eko bozeramaileek ebazpen horren aurkako errekurtsoa aurkeztu dute eta prozesua geldiarazteko eskatu dute.
Udalaren araudiaren arabera, Kultura eta Jaietako Patronatua da prozesu guztiaren arduraduna. Erakunde horrek hiru hautagai-zerrenden aurkezpenaren berri izan zuen, eta, prozesuarekin jarraitzeko baimena eman zuen, hautagaiak herri-bozketara pasatuz. Navarra Sumaren alkatetzak, ordea, aldebakartasunez baztertu du haur eskola bozketatik. 0-3 zikloko greba jarraitu duen haur eskoletako bat da Burlatako Bizkarmendia, 60 eguneko lanuztea izan da eta protesta jendetsuak egin dituzte tarte horretan, Burlatan ere.
Txupinazoa nor botako duen erabakitzeko bozketa abuztuaren 7ra arte luzatuko da, eta herrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute. Bi proposamen daude mahai gainean, Navarra Sumaren erabakiaren ondotik: Osasun Zentroa eta Jubiloteka.