Herriko eragileek azpimarratu dute patronatuak espazio anitzak direla, eta alderdi politikoek eta kirol eta kultura erakundeek erabakitzen dutela horietan herriaren kultura eta kirol bizitza. Salatu dutenez, Navarra Sumako udal gobernuak ez du beste alternatibarik proposatu, ezabatuko dituela baino ez die jakinarazi.
Burlatako eragileei ahotsa kendu eta erabakiak aldebakartasunez hartu nahi izatea gaitzetsi dute. Kalera ere aterako dute aldarria, gaur 20:00etan elkarretaratzea eginen dute udaletxearen aurrean. "PSNk hilaren 30ean du patronatuak suntsitzeko edo prozesu hori geldiarazteko giltza, eta hausnarketa-prozesu bat egiteko", azaldu dute ohar bidez. "Prozesu horretan, antolaketa-aukerak lasaitasunez aztertuko dira, eta, benetako parte-hartze prozesu baten bidez, patronatu, elkarte, klub eta kirol eta kultur erakundeen plantillak, alderdi politikoekin batera, Burlatarako aukerarik onena erabakiko dugu".
Burlatako kirol patronatuko eta kultura patronatuko langileen asanbladak bihar hasiko den greba mugagabearekin jarraitzea erabaki du.Igerilekuei eta kultur etxeari eragingo die. "Burlatako alkateak justifikatu gabeko gutxieneko zerbitzuak agindu ditu greba hau saboteatzeko", gaitzetsi dute. Aurreko greba deialdietan ez zen gutxieneko zerbitzurik ezarri ez kultur patronatuan, ez kirol patronatuan; eta pandemia garaian alkateak ez zituen funtsezko zerbitzu gisa izendatu.