Uharteko Gazteok Berpizten! mugimenduak antolatu du 2020an ospatzekoa zen Uharteko Gazte Egunaren 13. edizioa. Iratxok, taldeko bozeramaileak, Irrintzi Plazan azaldu du gogoak zituztela "herriko gazteak jai giroan elkartu eta gure papera aldarrikatzeko". Uharteko gazteak "gazte konprometituak gara, herriari ekarpen handiak egiteko gai gara eta hori erakutsi nahi dugu" adieraz idu Iratxok, zehaztuta "antolakuntzaren eguna dela larunbatekoa eta gure gaitasunak bertan erakutsiko" ditugu.
Larunbata izango da egun handia, baina ostiralean, martxoaren 4ean, 19.00etan, ‘Mundua eraldatuz gozatzeko’ errezeta liburuaren aurkezpenarekin hasiko da Uharteko Gazte Eguna. Joseba Alvarez gonbidatu dute, baita Itoizko urtegiaren aurkako protestetan eta ekimenetan parte hartu zuten zenbait ekintzaile ere. "Urtegiaren aurka aritu zirenak gazteak izan ziren eta belaunaldien arteko transmisioa ezinbesteko tresna ikusten dugu" azpimarratu du Iratxok.
Larunbata izango da egun handia eta goizeko 9.00etan Uharteko dultzaineroak kaleak soinuz beteko dituzte eta 11.00etan ekingo diote gazteek joaldun, erraldoi eta trikitalariekin kalejirari. Eguerdian, Euskararen aldeko murala margotuko dute San Juan plazan eta "etorkizuneko gazteei", hau da, umeei, aurpegia margotzeko aukera emanen diete.
14.00etan hasiko da herri bazkaria San Juan plazako Toki Alai pilotalekuan eta ondoren aurreko gazte egunetako momentu epikoenak bideo proiekzioan eskainiko dituzte. Oier eta Oihan bakarlariek emanaldia emanen dute eta arratsaldean . Arratsaldean Elektropikala elektrotxarangak "dantzan jarriko ditu Uharteko kaleak" 18:00etatik aurrera.
22.00etan hasiko dira kontzertuak. Larrutan, Liher, Baizera eta DJ Pezon bandak igoko dira oholtzara. «Antolakuntzak ez du jai eguna oztopatu eta bertaratuko den jendea kaltetuko duen portaerarik onartuko eta erasotzaileak jai gunetik kanporatuak izango dira», nabarmendu dute.