Uholdeak kaltetutakoak laguntzeko Gora Burlata taldea sortu dute

Hamarnaka boluntariok lokatza garbitzen eta urak hartutako materialak etxabe eta lokaletatik ateratzen eman dute asteburua. Kirolgunean aurkitu dituzte kalterik handienak.

Ostiralean bertan, egoeraren larritasuna ikusita, laguntza ematera kalera atera ziren burlatarrak. Kaltetutakoak laguntzeko sarea osatzea erabaki zuten, eta Gora Burlata izenpean whatsapp talde bat sortu zuten auzolanean aritu nahi zuten guztiak antolatzeko.

Lokatza garbitzen eta urak hartutako materialak etxabe eta lokaletatik ateratzen eman dute asteburua. Oraindik lanak ez dira bukatu. Gaur 16:00etan egin dute hitzordua, Larrainetako plazan, auzolanarekin jarraitzeko.