Nafarroako Gobernuak bere hamahiru departamentuen oinarrizko egiturak onartuko ditu datorren astean. Baina izendapen batzuk argitu dira. Uharteko alkate Amparo Lopez izanen da Barne saileko zuzendari nagusi. Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaria izan zen Patxi Lopezen gobernuan.
Hamar egunen buruan eginen da alkate berria aukeratzeko osoko bilkura Uharten. EH Bildu izan zen indar bozkatuena Uharten. Bost zinegotzi ditu. Zinegotzi bakarra duen eta bosgarren indar izan den PSNk eskuratu zuen, baina, alkatetza. Bere burua aurkeztu zuen Amparo Lopez hautagai sozialistak, eta GIH hautagaitzaren (lau zinegotzi) eta Navarra Sumaren (bi zinegotzi) babesa jaso zuen, EH Bilduren hautagaia alkate izan zedila ekiditearren.