Dena prest Zizur Nagusian, festa lehertzeko

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 13a, 09:09

Zizurko Asier Martiez eta Josu Arzoz kirolariek jaurtiko dute Zizur Nagusiko txupinazoa, bihar, eguerdian.

Bihar eguerdian abiatuko dira Zizur Nagusiko jaiak. Zizurko txozna batzordearen txupinazo alternatiboa, 11:45ean izanen da; ofizialki, 12:0etan jaurtiko dute suziria, udaletxetik. Jon Gondan alkateak joan den hilaren 26an iragarri zuen Zizurko Asier Martinez eta Josu Arzoz kirolariak, 110 metroko atletismoko eta eskubaloiko modalitatean Europako txapeldunak, izango direla aurtengo festetako txupinazoa botako dutenak. Txupinak leher egin ostean, festa nagusituko da Zizurren.

Kontzertuak izanen dira nagusi txoznetako egitarauan. Bihar 19:00etan zabalduko dituzte, eta Zizur DF eta Drunk freestyle arduratuko dira musikaz. 22:00etan hasiko dira aurreneko kontzertuak: Palmeera Sound, DJ Eskupe al alkalde, DJ Katxiporri & Tiko eta DJ Unaikox. Ostegunean, Hilketa, Iluntzean, Leizeak, Raba, Plastonettes, Narkada eta Croquetas Gratis igoko dira oholtzara. Ostiralean, Chanelita, Eztitan, Ezurte, La Eskolta eta Karibe Remix taldeen txanda izanen da. Larunbatean, ordea, Zaunka, Atturri, El Sonido de la Metralla, The Clayton eta DJ Pezon ariko dira.

85 ekitaldi ofizial

Kultura-arloko zinegotzi Karlos Teresek nabarmendu duenez, bi urtez festarik gabe egon ondoren, koronabirusaren pandemia dela eta, programan jasotako 85 ekitaldi ofizial antolatu dira. Programan aldaketak eta berritasunak sartu dira, hala nola ostiral eta larunbat arratsaldeetan Udalak erosi duen karpan egingo diren kontzertuak, kultur etxeko plazan, eta 11 eta 15 urte bitartekoentzako “Zero Gune” berria.

Kontzertuak eta dantzaldiak egiten jarraituko dutela alde zaharreko frontoian, osteguneko eta ostiraleko gauetan tokiko DJekin, eta asteazkenean Edelweiss eta larunbatean London orkestrekin. Gainera, Luis Ibero parkeko estalkian gazteentzako saio bat antolatuko dute; ostiralean, “Rebels Techno” egongo da, eta larunbatean, “Freedom tech II”. Horrez gain, igande arratsaldean, emakumezkoen pilota-partidak izango dira.

Gondanek eskerrak eman dizkie jaietako programa prestatzen lan egin eta ekarpenak egin dituzten pertsona guztiei, eta nabarmendu du “jaiegunak izatea” nahi duela, “errespetuz, tolerantziaz eta bizikidetzaz gozatzeko, eta Udalak jarrera eta portaera sexistak baztertzeko duen konpromiso sendoa” azpimarratu du.

Teres zinegotziak bat egin du alkatearen esker onekin, eta adierazi du programan jasota ez dauden beste ekitaldi batzuk egiten direla, hala nola Jai Batzordeak antolatutako “Ahatearen bazkaria”, non 2.000 pertsona baino gehiago bilduko baitira eta jaietako unerik jendetsuenetako bat baita.

Zizur Nagusiak 130.000 euroko aurrekontua du 2022ko festetarako, eta 95.000 eurokoa da ekitaldiak antolatzeko aurrekontua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!