2021eko azaroaren 25ean egindako osoko bilkuran onartutako aurrekontu-partidaren onarpena baliogabetu du Nafarroako Administrazio Auzitegiak. 2021eko abenduaren 1ean bideo-zaintzako kameren sistema instalatzeari buruzko herritarren kontsulta egiteko eskaera aurkeztu zen, eta hori dela eta ez zen gastua gertatu 2021an. Hala, auzitegiak ondorioztatu du, ekitaldi horren amaieran, “gai horri buruzko azken erabakia oraindik egiteke zegoela” eta “bidezkoa” dela aurrekontuaren zati hori baliogabetzea.
Ebazpenarekin “erabat pozik” azaldu da Bizi Zizur, herritarrei arrazoia ematen dielakoan. “Plan horren aurka geundela adierazi genuen, TANk bere epaian adierazi duen bezala: ez dago ez beharrik, ez premiarik gure herrian bideo-zaintza sistema bat ezartzeko”, adierazi dute ohar bidez.
Taldeak uste du, agerian geratu direla udalaren “jardunbide txarrak eta okerrak”, “inolako zentzurik gabeko proiektu bat aurrera eraman nahi izan duelako, bide egokiei jarraitu gabe, ez herritartasunari dagokionez, ez administrazioari dagokionez, ez legeari dagokionez”.
Bizi Zizurrek 2000 sinadura bildu ditu. Otsailean jakinarazi zuen udalak proiektua bertan behera utziko zuela, eta kamera zaharrak ordeztu.