ZIUan dago Zizurren kotxe batek harrapatuta larri zauritutako neska gaztea

Larunbat gauean gertatu zen ezbeharra A-12 eta A-15 errepideak gurutzatzen diren tokian. Neska gaztea harrapatuta ihes egin zuen kotxe gidariak. Igande goizean atxilotu zuen Foruzaingoak.

14 urteko neska gazte bat larri zaurituta dago, ingresatuta Zainketa Intentsiboetako Unitatean, kotxe batek aurretik eraman eta gero. Ezbeharra larunbat gauean gertatu zen, Zizur Nagusia eta Iruñea lotzen dituen errepidean, A15a eta A12 errepideak elkargurutzatzen diren puntu beltz eta konplikatuan. Zebrabideetako bat zeharkatzen ari zela eraman zuen aurretik gidari batek neska gaztea. Kotxeko gidaria ez zen gelditu eta ihes egin zuen gainera. Atzo goizean, Zizur Nagusiko udaltzainek, gidariaren deia jaso zuten. 38 urteko Paternainen bizi den zizurtarra da. Kotxea Subizan ezkutatu eta telefono mugikorra bota zuela aitortu zien poliziei. Gidaria, udaltzainen aurrera azaldu zen azkenean eta hauek foruzainen esku utzi zuten. Sorospena ez emateagatiko delitua leporatuta, atxilotuta geratu zen.

14 urteko neska gaztea, Nafarroa ospitale unibertsitarioko zainketa intentsiboetako unitatean ingresatuta dago, egoera kritikoan azken informazioen arabera.

Istripuaren gunea, A-15 eta A-12 errepideak elkar gurutzatzen diren tokia, polemika puntu izan da azken hilabeteotan. Zaharberritze lanak egin dituzte bertan, kotxeen mugikortasunari arintasuna eman eta egunero egunero Zizur Nagusitik Iruñera bidean sortzen ziren kotxe pilaketak gutxitzeko. Baina planteamendu horretan, oinezko eta txirrindulariak ia tokirik gabe geratu dira. Horrela salatu zuten Zizurko aldedi zenbaitek eta baita bizikletaren  eta mugikortasun jasangarriaren aldeko hainbat eragilek. Kotxeetan eta kotxe erabiltzaileetan soilik pentsatutako obrak izan zirela. Oinezko eta txirrindulariek, espaloi estua eta bi zebrabide arriskutsu zeharkatu behar dute korapilo horretan. Istripuak gertatuko zirela ohartarazi zuten, oinezkoen aldeko taldeek eta azkenean gertatu da. Zizur Nagusiko Udalak ere bide gurutzearen arriskua salatu du eta bertan gaineko pasarela bat eraikitzea eskatu dute, baina momentuz, Nafarroako Gobernuak uko egin dio eskariari.