Zizur Nagusiko udalbatzak bideo-kamerak jartzeko diru-partida onartu du galdeketa alboratuz

Herritarrek eginiko galdeketa eskaria baztertuta, Zizur Nagusiko Udalak bideozaintzako kamerak jartzeko partida onartu du Geroa Bai, Navarra Suma, PSN eta atxiki gabeko zinegotzi baten aldeko botoekin.

Zizur Nagusiko udalbatzak herrian bideozaintzako 65 kamera jartzeko 150.000 euroko diru-partida onartu du, bertan herri-kontsulta bat eta gaiari buruzko eztabaida bat egiteko eskaria alde batera utzita.

Horrekin batera bideokameren aurka Geroa Bai, Navarra Suma, PSN eta atxiki gabeko zinegotzi baten botoekin aurkeztutako 64 helegiteak ere atzera bota dituzte. EH Bildu eta AS Zizur kamerak ezartzearen aurka agertu dira. 

EH Bilduko Jose Angel Saizek, Geroa Bairekin batera gobernu-taldeko kide denak, nabarmendu du ez dagoela inolako justifikaziorik bideokamerak Zizur Nagusian jartzeko: "Herri lasaia da, eta ez dugu nahi segurtasunarekin zerikusirik ez duen kontrola lehenestea".

Horrekin batera, salatu du, Geroa Bairi begira, "gure gobernukideek ahaztu egin dutela aldaketa, edozein eskuinek bezala lider izateko aldaketa".

Andoni Serranok, (Geroa Bai), Segurtasuneko zinegotziak, eta bideokamerak jartzearen bultzatzaileak nabarmendu du horiek legea betetzen dutela, eta ukatu egin ditu gai horren inguruko "buloak eta tratamendu guztiz alderdikoia". Gogor kritikatu du EH Bildu, Uharten eta Atarrabian, koalizio soberanistak agintzen duen lekuan, zaintza-kamerak daudelakoan eta Joseba Asironek ere Iruñeko Alde Zaharrean jarri zituela esanez.

Javier Alvarezek (AS Zizur) Serranoren "parte-hartze eta gardentasun falta" arbuiatu du, eta puntu hori gai-zerrendatik kentzeko eskatu du, herri-kontsultaren eskaria zegoela kontuan hartuta.

Felix Castor Zunzarrenek (Navarra Suma) ukatu egin du bideokameren helburua inor zelatatzea izatea delituak saihestea baizik, eta Richard Ocañak (PSN) EH Bildu kritikatu du, bere ustez, beste udalerri batzuetan kameren inguruan jarrera ezberdina duelako, eta gaineratu du "alderdi politikoek herritarrak beren interes politikoetarako erabili dituztela".

Kamerei eskainitako diru kantitate berean berean, 24.400 euroko partida bat gehitu dute eskola-garraiorako, eta 44.000 euro Ardoin plan orokorra egiteko.