Zizur Nagusiko hiru lanposturako euskara eskakizuna baliogabetu du auzitegiak

Nafarroako Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi du Zizur Nagusiko Udaleko plantilla organikoan idazkaritza, gazteria teknikari eta obretako langile lanpostuetarako euskara jakitearen eskakizuna.

Navarra Sumak udal taldeak 2021eko otsailaren 25eko osoko bilkuraren erabakiaren aurka aurkeztu zuen errekurtsoa aintzat hartu du epaitegiak. Erabaki horren bidez urte honetarako plantilla organikoa behin betiko onartu zen, lanpostu horietan euskara eskakizuna.

Eskuineko hirukoak, "neurriz kanpokotzat" jotzen du C1 mailako hizkuntza-eskakizuna idazkaritza-lanposturako nahitaezkoa izatea. Gazteriako teknikariaren lanpostuari dagokionez, eta lanpostu horren berezko funtzioak aztertu ondoren, epaimahaiak uste du "ezin dela jo helburutzat dutenik herritarrari, oro har eta nagusiki, informazioa, orientazioa eta arreta ematea". Eta gaineratzen duenez, "ez da zehazten eremu mistoan euskara kualifikatua eskatzen duen jendaurreko zuzeneko arretako lanpostu bat denik", eta, beraz, eskunaren alegazioa ere aintzat hartzen du eta baliogabetu egiten du.

Azkenik, obretako beharginaren lanpostuari dagokionez, ebazten du ezen "udalak herritarrei arreta emateko beharretan oinarritzen badu ere euskararen nahitaezko eskakizuna, ezin dela pentsatu jendaurreko lana obretako langile baten funtzioekiko inmanentea denik". Horrela, honakoa ondorioztatzen du: "Bizilagunekin nolabaiteko harremana duela onartuta ere, bete beharreko plaza ez dago zuzenean lotuta herritarrek euskararen eremu mistoa erabiltzearekin, eta, gainera, lanpostu horretan hizkuntza hori erabiltzeko ezintasunak ez du nahaste handirik sortzen herritarrek eremu mistoan euskara erabiltzeko duten eskubidean".