Urriaren 28an eta 29an eginen dute II. EDH-Fest jaialdia, Uharten

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 12a, 08:12

Argazkia: Ez Dago Hilda kolektiboa.

Las Tipex, Tatxers, Leizeak, Sorkari, Skabidean eta Herdoil izanen dira, besteak beste, Iruñerriko eszena antikomertziala sustatzea helburu duen Ez Dago Hilda kolektiboak antolatutako jaian.

EDH kolektiboak “Euskal eszena gaztetxeen alde, ez zaituztegu bakarrik utziko” izeneko kanpaina abiatu zuen 2019an, gaztetxeek euskal eszenari egiten dioten ekarpena nabarmendu eta eskertzeko helburuarekin. Berriozarren antolaturiko I. EDH-Fest jaialdiarekin eman zioten amaiera, 2019ko urrian. “Jaialdia arrakastatsua izan zen eta oso balantze baikorra egin genuen”, gogoratu dute. Maravillas eta Arrotxapeko gaztetxeak diruz laguntzea izan zuen helburu jaialdi hark. Baina uneko beharrei erantzuteko Alde Zaharrera bideratu duten etekina. “Hori dela eta, Errotxapeako gaztetxeari laguntzeko helburuarekin I. EDH-Fest jaialdia bukatutakoan II. EDH-Fest jaialdia antolatzeari ekin genion”, azaldu dute. Zenbait saiakeraren ondotik, badu data bigarrenak: urriaren 28an eta 29an izanen da, Uharten.

Las Tipex, Lukiek, Sustrai Berriak, Tatxers, Bake Faltsua eta Marianitoz Blai taldeak izanen dira ostiralean, eta larunbatean, berriz, Leizeak, Odolkiak ordainetan, Accidente, Sorkari, Skabidean, SMOG eta Herdoil. Bi egunetan, arratsaldeko 17:00etan hasiko dira kontzertuak, eta goizeko 4:00etan bukatuko dira.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, eguneko hamar euroan. Iruñeko Aitzina eta Herriko tabernetan eskuratu daitezke. Internet bidez www.labur.eus/ii-edh-fest atarian erosi daitezke, hamaika euroan. Egunean berean ere salgai egonen dira, leihatilan, aurretik bukatu ez badira, hamabost euroren truke.  

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!