Ikastetxe publikoetako zuzendariek botako dute Berriozarko txupinazoa

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko abu. 31a, 08:10
2017ko argazki lehiaketako irabazlea.

Gaur hasi eta irailaren 4ra arte ospatuko ditu Berriozarrek herriko jaiak. Eskola publikoak 100 urte bete ditu aurten.

Kuadrillen bazkariarekin abiatuko dira Berriozarko jaiak, bi urteren ondotik. Ilargi parkean 14:30ean ezarri dute hitzordua. Ofizialki, ordea, 18:00etan jaurtiko dute festak iragarriko dituen suziria. Berriozarko eskola publikoaren mendeurrena ospatzeko, udalbatzak erabaki du aurten ikastetxe publikoetako zuzendariek botako dutela txupinazoa. Festa lehertuko da orduan, eta egitekorik ez da faltako Berriozarren.

Auzo Zaharraren eguna ospatuko dute bihar. Botxa txapelketako finalak, Dindaiaren eskutik haurrentzako tailerrak, txokolate jana eta Eztitan taldearekin dantzaldia izanen dira Berriozarko gunerik zaharrenean. Ostiralean, berriz, musika izanen da nagusi. Su ta Gar taldeak zuzenekoa eskainiko du Ilargi parkean, 20:00etan. 24:00etan, berriz, Harresi, Sofokaos, Nikotina eta DJ Pezon ariko dira. Larunbatean, halaber, ez da kontzerturik faltako. Raimundo El Canastero, Inkera eta Trikidantz ariko dira plaza berean. Aurretik ordea, erretiratuen bazkaria izanen da,  herri kirolak eta pilota jaialdia udal pilotalekuan. Igandean amaituko dira jaiak, 14:30ean kaldereteak eginen dira. Argi bateria eta jaietako azken trakarekin emanen zaie amaiera jaiei, Basoa pasealekuan.

Kontsultatu egitarau ofiziala hemen.

Kolore leherketa, festak iragartzeko

Jaietako kartel eta argazki lehiaketetako sari banaketa eta aurten nabarmendutako elkarteen omenaldia gaur izanen dira. 16:30ean eginen ditu Berriozarko Udalak. Neike Martiartu Barrosoren Kolore leherketa kartelak iragarriko ditu 2022ko jaiak. Lehengo saria irabazi du erraldoiak eta su artifizialak uztartzen dituen afixa koloredunak. Tokiko saria, aldiz, Elur Martiartu Barrosok eskuratu du Jatorrietara begiratzen kartelarekin eta Ana Villafranca Etxarriri 11 urte azpikoen kategoriako saria eman diote Zezensuzko lanarengatik. Ondoren, iaz jaiotako haurrei zapiak banatuko dizkie udalak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!