Berriobeitiko euskara zikloak Sonakay izanen du protagonista

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 20a, 17:07

Euskaldunen eta euskara ez dakitenen artean "zubiak eraiki" nahi ditu Udal Kultura eta Euskara Batzordeak.

Zubiak eraikitzen leloa izanen du aurten Berriobeitiko euskara zikloak. Flamenkoa eta euskara uztartu dituen Sonakay talde donostiarra izanen da plater nagusia. Ekainaren 5ean eskainiko dute kontzertua, Artikako kultur etxean. 

Bestelako ekitaldirik ere izanen da. Publiko ez-euskaldunari zuzendua, Euskara maitatzen hasteko hitzak izeneko erakusketa antolatu dute, hitzkuntza ezagutzen ez duten pertsonak euskarara hurbiltzeko. Maiatzaren 24an jarriko dute ikusgai, Artikako kultur etxean, ekainaren 6ra arte. 

Ekainaren 3an, berriz, bertsolaritza musikatuan oinarritutako Gurerara ikuskizuna eskainiko du Oskar Estangak, Berriobeitiko erabilera anitzeko eraikinean. Bi ikus-entzunezko ere eskainiko dira. Lehenengoa, Iñaki Alforja zuzendariaren Euskaraldiari buruzko Biziprest dokumentalaren aurkezpena. Ekainaren 2an izanen da. Euskarazko Laburbira gala eginen da, bestetik, ekainaren 4an. Bi ekitaldiak Artikaberriko Artigunen eginen dira. 

Harrentzako jolasak ere izanen dira zikloa bitartean, eta jarduerei amaiera emateko Zirika Zirkusek Hemendikara ikuskizuna estreinatuko du Artikako kultur etxean, ekainaren 6an. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!