Ariketa militarrak asteartean, Berriobeitiko parke baten ondoan

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 9a, 09:22

Ahotsa.info atariak zabaldu duenez, bide berde eta parke baten ondoan aritu ziren militarrak armekin ariketak egiten.

Aitzoainen du kuartela eta tiro eremua Espainiako Armadak. Ohikoa da Ezkaba magalean tiro hotsak entzutea. Berriobeitin izan ziren, ordea, asteartean. Bide berdearen inguruan eta haurrentzako parke baten ondoan ikusi zituzten asteartean, armak soinean, ariketak egiten. Ahotsa.infok zabaldu du berria. 

Iaz kuartela eta tiro eremua zabaltzeko asmoa erakutsi zuen Espainiako Armadak. 2019ko otsailean egin zion lizentzia eskaria Defentsa Ministerioak Berriobeitiko Udalari. 29,6 hektareara zabaldu behar zuen tiro eremua, Aitzoain, Berriozar eta beste hainbat herriren lur ondasunei eraginez. Irailaren hasieran udalak ukatu egin zion baimena, hesi hori ondasun publikoen aurkakoa zela argudiatuz. Militarrek atzera egin zuten Ezkaba mendiko itxitura proiektuarekin.

Militarrek proiektu horrekin atzera egin badute ere, tiro eremuan egiten ari diren beste eraikuntza lanek aurrera jarraitu zuten, udalaren baimenik eduki ez arren. Honetarako militarrek, baimena ez eskatzeaz gain, udalari obrak egingo zirela ere ez zioten jakinarazi. Udalaren moduan, herritarrak ere bigarren solairua begien bistan geratu zenean ohartu ziren eraikin berriaz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!