Euskarabideak eta Jorge Oteiza Museoak hitzarmena sinatu dute lehen aldiz

Euskalerria Irratia 2025ko eka. 18a, 12:45

Museoaren jardueren eskaintza elebiduna bultzatzea da helburua

Euskarabideak eta Jorge Oteiza Museoa Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute lehen aldiz, euskara sustatzeko eta museoaren jardueren eskaintza elebiduna bultzatzeko. Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Euskara kontseilari Ana Ollok eta Jorge Oteiza Museo Fundazioaren patronatuko presidente Jaione Apalategik berretsi dute akordioa.

Hitzarmenak bi ardatz nagusi ditu: Jorge Oteizari buruzko saiakera grafikoa egitea eta bisitak eta eskola kanpaina elebiduna indartzea.10.000 euroko aurrekontua izango du.

Jorge Oteiza Fundazio Museoaren helburu nagusietako bat eduki didaktikoak eta dibulgaziozkoak argitaratzea da. Horrela, "museoaren irudia indartu eta artera eta kulturara hurbiltzea sustatu nahi dugu, bereziki, publiko gazteago eta askotarikoago batekin konektatzen saiatzeko", museoko arduradunek adierazi dutenez.

Hori dela eta, Asisko Urmeneta marrazkilari eta idazleak Jorge Oteizaren irudiari buruzko eleberri grafikoa egingo du. Aurten, kontzeptuaren eta gidoi grafikoaren dokumentazio- eta garapen-lana egingo du. Bestalde, Museoaren Zerbitzu Pedagogikoa eskola-kanpainaren programaz arduratuko da, "ikasgeletarako egokitutako hainbat lantegien eta museoan bertan egin beharreko ibilbide didaktiko batzuen bidez".

Hitzarmenari esker, lantegi eta bisita horien euskarazko eskaintza indartu ahal izango da. Ikasturte bakoitzeko 6.000 gaztek baino gehiagok parte hartzen dute eskola-kanpainaren barruan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!