Eguesibarko gazteria teknikaria kontratatzerako orduan euskarak atzerriko hizkuntzen balio bera izango du

Unai Lako Goñi 2025ko ots. 14a, 07:39

Eguesibarko Geroa Baik salatu du atzera pausoa dela eta gazteriaren esparruan euskararen presentzia “oraindik gehiago” oztopatzen duela

Eguesibarko gazteria teknikari plaza betetzeko lehiaketa-oposizioaren testuinguruan, Eguesibarko Geroa Baik bere haserrea adierazi du Gobernu Taldeak euskararen ezagutza, beste atzerriko hizkuntzen modu berean balioztatzeko hartu duen erabakiaren aurrean.

Koalizioak ohar batean jakinarazi duenez, “ekainean UPNk, PPk, PSNk eta Eguesibar Bizi taldeek, plaza hori betetzeko euskararen ezagutza derrigorrezko baldintza izateko aukerari ateak itxi zizkioten”. UPNko alkateak ziurtatu zuen euskara zerbitzua ematen jarraituko zela, baina euskara jakiteagatik ematen diren puntuak, ingelesa, frantsesa edo alemana jakiteagatik ematen diren berdintsuak dira, 1,4 zehazki.

Geroa Bairen aburuz “puntuazio hau ez da nahikoa eta Nafarroako hizkuntza propioaren gutxiespen argia da”. Koalizioak gogorarazi duenez, “maiatzean PSNk eta Eguesibar Bizi taldeek hartutako erabakiak, plaza horrentzako eskatzen zen euskararen ezagutza maila mugatu zuen jada, eta berriki UPNren Gobernuak hartutako neurriak atzera pausoa dakar, Eguesibarko gazteriaren esparruan euskararen presentzia oraindik gehiago oztopatuz”.

Eguesibarko alkatearen esanetan berriz, joan den urtean udalak onartutako dekretua betetzen da erabaki honekin eta ados dago euskara meritu bezala balioztatzerako orduan, atzerriko hizkuntzekin batera.

Koalizioaren jakitera eman duenez, Eguesibarren eskola-adina dutenen %30 baino gehiagok D ereduan ikasten dute, eta beste ehuneko handi batek A ereduan, beraz erabaki honekin gazteria teknikariaren aldetik euskarazko arreta jasotzeko aukerak modu larrian mugatuz.

Azkenik, Eguesibarko Geroa Baik euskararen defentsarekin bere “konpromisoa berretsi nahi du eta Eguesibarko gazte guztiek zerbitzu publiko guztietan jasotzen duten arreta, gazteriarekin harremana duten zerbitzuetan barne, euskaraz ere izateko duten eskubidea bermatzea” eskatuko du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!