Barañaingo Udala bi haur eskoletarako hezitzaileak ordezkatzeko zerrenda berezituak aurrera ateratzen saiatuko da bigarren aldiz. Zerrenda osatzeko euskarazko eta gaztelaniazko azterketak egun eta ordu berean egitea proposatu du Udalak eta EH Bilduk salatu duen bezala hori hautagai euskaldunak diskriminatzea da, bi deialdiak espezialitate berekoak izanik, hizkuntza bat aukeratzera behartuta daudelako.
Barañaingo EH Bilduko ordezkariek aditzera eman bezala, "hezkuntza eremuan zerrendak osatzeko metodo diskriminatzaile hori duela urte batzuk gainditu zen Nafarroan, eta orain, espezialitate bereko azterketak egiteko aukera ematen zaie pertsona guztiei, baldin eta eskatutako titulazioa badute. Barañainen, duela hamar urtetik hona, funtzionatzeko modua zerrenda bakarra izan da, eta EH Bilduk uste du metodo hori dela operatiboena eta bidezkoena". Alderdi honek adierazi duenaren arabera, “gobernu taldearen politika euskarafoboek Udalaren funtzionamendua oztopatzen dute”.