“Litekeena da lokala guri ez uztea”, aitortu dute Herrigunea osatzen duten herri kolektiboek (Gizarte plataforma, Hargin talde feminista, Plazaberri eta Jai Batzordea). Bake Epaitegiaren ondoko lokala kudeatu dute orain arte, baina Barañaingo eguneko zentroa ezarriko du bertan udalak, eta egoitza utzi beharko dute. Duela urte eta erdi abiatu zituzten Navarra Sumako udal taldearekin negoziazioak kolektiboentzako espazio berri bat bilatzeko, eta askatu berri da korapiloa.
Iñigo Gonzalez (Herrigunea): "Konpromisoak zorrotz betetzen dituztela ziurtatuko dugu"
“Akordio honek ez ditu asebetetzen orain dela urte eta erditik geneuzkan asmo guztiak”, azaldu du kolektiboak. Herrigunearen proiektuak lokal baten beharra duela babestu dute elkarrizketetan, eta egoitza bermatuko liekeen ituna bilatu dute. ”Navarra Sumako udal taldeak ez du lokal berria lagatzeko akordio politikoa lortu nahi izan”, argitu dute. Egoera desblokeatzeko eta “Navarra Sumaren kudeaketa txarragatik Europako diru-laguntza bat galtzeko arriskua zela eta”, esleipena aipatzen zuen puntua ezabatzea onartu du azkenean Herriguneak.
“Guk bete egingo ditugu hartutako erabakiak eta udalak eta udal gobernuak hartutako konpromisoak zorrotz betetzen dituela ziurtatuko dugu”, aurreratu dute. “Ulertzen dugu akordioak kolektiboek erabiltzeko lokal bat eraikitzeko konpromisoa hartzen duela”.