Barañainen euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute hainbat herritarrek

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 2a, 11:42

Barañaingo Udalak 2021eko ekainaren 22an udalaren lanpostuen hizkuntza eskakizunen harira hartu zuen erabakia jendaurrean salatu du herritar talde batek. Adierazi dutenez osoko bilkuran PSN eta Navarra Sumako zinegotzien aldeko bozkekin, udaleko 13 lanposturi aurretik zuten hizkuntza eskakizuna kendu zitzaien “taxuzko inolako arrazoirik gabe”.

Ekimen honen bidez martxan jarriko duten informazio eta salaketa kanpainia bati hasiera eman nahi izan diote. "Egia bada ere 2002tik hona Barañaingo Udalak herritar euskaldunoi zerbitzua nafarron jatorrizko hizkuntzan emateko hainbat urrats egin dituela Bai Euskarari proiektuaren barnean, udala oraindik ere ez da herritarroi zerbitzu guztiak euskaraz emateko gauza, eta 2021eko plantilla organikoan euskarazko hizkuntza eskakizun horiek kentzeak egoera areagotu egin du, herritar euskaldunon hizkuntza eskubideei dagokienez. Izan ere, herritarroi zerbitzu egokia ematea da edozein administrazioren egitekoa, eta Barañaingo euskaldunok eskubide osoa dugu udalak ematen digun zerbitzua gure hizkuntzan jasotzeko eta bigarren mailako herritarrak ez izateko", adierazi dute.

Agerraldian, Barañaingo udalari 2022ko plantilla organikoan berriz ere euskarazko hizkuntza eskakizuna ezar diezaiela 13 lanpostu horiei eta euskarazko zerbitzua bermatzeko beharrezkoak diren lanpostu guztiei eskatu diote.

Albistea Plazaberri.infok landu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!