Elkarrizkettap

Nerea Balda: "Literaturak balio dezake norberaren arnasa zaintzeko; nirea hala egiten du"

Euskalerria Irratia

Zure arnasa zaintzeko nobela eskuartean duela elkarrizketatu du Ttap aldizkariak Nerea Balda San Juan (Irurtzun, 1975). Zaintzaren hari mutur desberdinak landu ditu zaintzaileari ahotsa emanez, zaintzak behar dituen pertsona ere erdigunean jarrita eta nerabezaroaren aldaketa eta mugei adi egonda. 

Nerea Balda San Juan, arratsalde on eta ongi etorri zure herriko txoko honetara. 
Arratsalde on zuri ere. 
Zer moduz zaude?
Pozik. Pozik gonbidapenagatik. Seinale izan daitekeelako nire liburua ari dela bere bidea egiten. 
Pozik emaitzarekin ere bai?
Beti erabat agian ez da izaten. Pozik harrerarekin. 
Hasteko zer moduz ote zauden galdetu dizut. Jakin nahian benetako erantzuna. Izan ere axolagabeki galdetzen dugu maiz.
Konbentzio moduan erabiltzen dugun zerbait izaten da galdera hori, bai. Askotan hitzez aparte badira beste seinale batzuk jakiteko pertsona horrek benetan jakin nahi ote duen zer moduz zauden edo ez. Badira tonua, begirada… beti ere, galdetzen digutenean denoi ez diegu esan nahi zer moduz gauden benetan. Bada tarteko bide bat nola zauden esan eta galdetzeko. 
Zure arnasa zaintzeko du izena zure azken nobelak. Zaintzaren hari muturrak landu dituzu. Zure kasuan zaintzak zenbaterainoko pisua du?
Gaur egun esanen nuke eroso xamar nagoela alde horretatik. Izan ditut bolada zailagoak: alaba txikia zenean, edo aita hamakan izan genuenean… autonomiarik gabeko pertsonak zaindu behar izan ditudanean momentu gogorragoak izaten dira. Une hauetan alde horretatik lasai nago. Ez dut menpekotasun egoeran dagoen inor oso gertu. Eroso nago aukera dudalako nire burua zaintzeko. Denbora eta burua horretan jartzeko. 
Alaba, ama, ahizpa, arreba, bikote, laguna… horiek guztiak ere bazara eta denak modu batean edo bestean zaintzak zeharkatzen ditu. 
Gizartean bizi garen aldetik beti elkarrekintzan ari gara ondokoarekin. Autonomiarik gabeko pertsona horiez gain badira zaintza orokorrean hartuta har daitezkeen beste kontu batzuk: lankide bati mesedea egitea, aspaldi ikusi gabeko lagunari deia egitea, familiako bati aholku bat ematea… ez dira agian denbora asko eskatzen dizkizuten gauzak baina bai da egotea. Gertu sentitzea jendea. 
Horrenbeste zeharkatzen gaituen gai batek nola izan dezake horren leku gutxi gizartean, askotan izan delako gutxietsia..
Egin behar dugun zerbait edo berez datorkigun zerbait bailitzan hartzen dugulako. Noizbait zainduak izan gara, gero zaindu behar dugu… berezkoa eta derrigorrezkoa den zerbait bezala ikusten da. Ez da behar bezala baloratzen edo aintzat hartzen espero den zerbait delako. Kontrakoa gertatzen denetan agian bai: begira horri, ez du zaintzen ama. Aldrebes bai, ematen duelako hala izan behar dela, baina gertatzen denean ez da kontuan hartzen. 
Gizarte kapitalistari ere ez zaio errentagarri egiten
Beti doan eta emakumeek egindako lana izan da. Etxean egindakoa. Produktibitateari lotuta, makinek denbora eta enpatia sortzen ez duten bitartean ba ez dauka pizgarri ekonomikorik eta beraz ez da kontuan hartzen. 
Ez da kasualitatea emakumeoi dagokigula zamarik handiena, berezkoa dugulakoan. Ikusezin izatea ere ez da kasualitatea. 
Berez, emakumeek egindako lana izan da historikoki eta egun gauzak aldatzen ari dira piskanaka. Oso moderno garela uste dugunetan ere badugu gauza asko egiteko. Haurrekin ikusten dudan kontu bat jarriko dut adibidetzat: umeentzako parkeetan gero eta aita gehiago ikusten dira, baina gero eskoletan: nork deitzen du jakinarazteko haurra gaixo dagoela eta ez dela joanen, edo guraso bileretara aitak ere hurbiltzen dira, baina oso gutxitan bakarrik, gehienetan ama ere ondoan dutela, nork lortzen ditu inauterietarako praka gorriak… nik uste karga mentalak emakumearengan segitzen duela. Oraindik ere bide handia geratzen da egiteke.  

“Zaintzaileari ahotsa ematea haiei ikusgarritasuna ematea dela iruditzen zait”

Zure arnasa zaintzeko nobela honetan ere emakumezko zaintzaileak dira protagonista. Haiei ere ahotsa eman diezu. Adineko gizonezko bat zaintzen ari dira…
Bai. Hori da nik nire begiekin gehienetan ikusten dudan errealitatea. Azken boladan entzuten den esaldia da ea nork zaintzen duen zaintzailea. Gogorra den lana da. Pertsona bat ongi ez badago nola zainduko ditu besteak, ezta? Arreta hori emateko bera ere orekatua sentitu behar da. Zaintzaileei ere ikusgarritasuna ematea inportantea iruditu zait. 
Izurrite garaian jarri genuen arreta haiengan, bereziki osasun profesionaletan lanean ari zirenetan. Ez ote ditugun ahaztu haiek eta bereziki gure etxeetan zaintza lanetan aritzen diren horiek. 
Guk nahi ez ditugun lanak izaten dira batzuetan, lan gogorrak direlako, adineko pertsonak zaintzea eta askotan haiekin bizitzea. Lan hori ez da bereziki ongi ordaindua ez eta ongi zaindua ere. Zentzu horretan lan handia dugu egiteko. 
Nunkui du izena emakume horrek, Demetrio zaintzen duenak. 
Ekuadorreko jankoisaren izena du protagonistetako batek, bai, Nunkui. Adierazten du pertsonaiaren jatorria zein den eta bere egoera. Hori da inguruan nik ere ikusten dudana. Etorkinek egiten dute maiz guk egin nahi ez ditugun lanak. 
Ez ote garen ohitu haien istorioak normalizatzera. Askok haur oso txikiak uzten dituzte jaioterrian hona etorri eta zaintzan aritzeko. 
Liburuko protagonistak ere hausnarketa hori egiten du. Egoera hori ikusten duenean bere burua pribilegiatua ikusten du. Nik neuk zentzu horretan ere nire burua ikusten dut: Bizi garen tokian jaiotzeagatik baditugu zenbait kontu alde. 
Demetrio zaintzen du. 80 urtetik gorako agure bat da. Zein ohikoa den pertsona horrengandik hitz egitea, berari galdetu gabe erabakiak hartzea. 
Umetu egiten dira, infantilizatu. Ez dugu kontuan hartzen pertsona horiek euren bizitzetan egindako guztia: izan daiteke negozio bat aurrera eraman duena, familia handi batean partaide, erabaki zailak hartu behar izan dituena… iristen da momentu bat muga fisikoak edo adimenekoak ezin dute edo ikusten dugu ezin dutela zenbait gauza egin. Hori zaintzailearentzat ere zentzu batean zaila dela. Batez ere muga fisikoak dituztenean baina burua argi eta konturatzen direnean mentalki gai bai baina ez fisikoki… oreka zaila da bi aldeentzat. 
Nerabezaroa ere ageri da liburuan. Identitatea bilatzeko garaia. Hor ere nola bilatu oreka ezta. Noraino mugatu. Noraino den kapaz gizartera atera eta aurre egiteko…
Nerabezaroa izan daiteke bizitzan garai zailenetakoa, zailena ez bada. Aldaketa handiena dakarren garaia da eta gaur egun beste erronka batzuk planteatu zaizkigu: sare sozialena. Eragin handia du haiengan eta askotan ez mesederako. Mugak zenbateraino jarri aztertzen aritu behar dugu helduok. Zenbaitetan ikusten da jatetxe batean haur ttiki bat pantailari begira. Ez gara ohartzen zenbaterainoko kaltea ekarri dakioken gerora. Momentu batean erraza da nahi duen guztia egiten uztea mugarik gabe. Horrek batez ere nerabezaroan talka handiak sortzen ditu. Erosoa izan daiteke 11 urterekin telefonoa uztea nahi duena egiteko, baina kontziente bagara, ohartuko gara ez dela ona heziketatik. Zailtasun handiak daude mugak jartzeko garaian. 
Zure arnasa zaintzeko egonen naiz, dio protagonistetako batek liburuaren amaieran. Zurea nork zaintzen du?
Pribilegiatua sentitzen naiz bizi naizen lekuan bizi naizelako eta baita nire inguruko jendearengatik: familia, lagunak… eta alde horretatik maitatua sentitzen naiz eta pribilegiatua. 
Gorka Urbizuren kantutik ekarri duzu nobelaren izenburua. Musikak ere balio dezake norberaren zaintzarako. 
Esanen nuke bai musikak eta edozein adierazpen artistikok. Literatura ere agertzen da liburuan. Garai honetan, udan, horrenbesteko festa ditugula herrietan musika ezinbesteko bilakatzen da. Edozein adierazpen artistikok balio dezake zaintzarako. Nire kasuan literatura da nire arnasa zaintzen duena. Dantzak. Norberaren zaletasunak zaintzen du norberaren arnasa. 
Besteak zaintzeko norberak ere ongi egon behar du. Autozaintza. Baina nago gizarte kapitalistan autozaintza saldu digutela. Gimnasioa, kremak, pilulak…
Berez ez ditugun beharrak pizten zaizkigu, batzuetan ohartzen gara eta besteetan ez. Sare sozialek ere eragin dute, iragarkiek-eta. 
Zaintzaz ari naiz, agian alderik gogorrenak aipatu ditugu, baina zaintza ere izan daiteke gozagarri eta onuragarri…
Denok izan gara zainduak ume ginenean. Ziur izanen dugu behar hori. Asetu egiten nau horrek. Pertsona bati mesede bat egiten diozunean, besterik gabe, esker on hori ere ona da, betetzen nau. Ikasten da beste zerbait ere baloratzen. Protagonistari ere gertatzen zaio. Aurretik baloratzen ez dituenak kontuan hartzen. 
Irakasle ere bazara. Nerabeekin egiten duzu lan egunerokoan. Haiengandik edan duzu nobelarako?
Urte asko daramatzat nerabeen artean, azkeneko urteetan are etxean tokatu zait garai hori bizitzea. Beste modu batean bizitzen ari naiz gertukoa denean edo irakasle bezala, baina azkenean ezagutzen dituzu egoera desberdinak… baita gurasoekin ere, haiekin izaten dituzun elkarrizketetan. Gero libururako erabili daitezke. Orokorrean bizitzan tokatzen da denetik, ezta?
Lehengo batean lagun batekin kafea hartzen ari nintzela, Leirerekin, bera ere euskara irakasle ari da nerabeekin, kontatu zidan batzuetan bazuela beharra egun horretan zegokion gaia alboratu eta ikasleei begietara begiratzekoa, galdetzeko, ea zer moduz zeuden. Alde emozional horri begiratzekoa. Denok dugulako motxila bat gainean, eta ikasleek ere bai. 
Eguneroko horretan askotan galtzen da hori. Nerabeekin gainera, irakasle bakoitzak denbora gutxi pasatzen du eta askotan ez gara iristen horretara, jakitera zer daukaten. Uste dut, hor ere ari garela piskanaka arreta jartzen eta adiago egoten. 
Alde emozionalera begira
Bai. Denbora luze daramat irakaskuntzan eta adibide larrienetara begira jarrita, suizidio protokoloak askoz ere lehenago jartzen dira martxan.. eta hori ez da gehiago gertatzen delako baizik eta aurrea hartzen diegulako lehenago. 
Zaintzaz eta pertsonez ari gara bereziki. Baina euskal filologoa ere bazara. Eta euskarak ez ote duen behar gero eta zaintzaile gehiago. 
Galdera honekin gogoan dut Korrikako hasiera batean irakurritako lelo batekin: gutako bakoitzak hizkuntza asko izan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu. Norberak beretik jarri behar du ez daukagulako besterik, euskarak ez daukalako besterik. Guk ez badugu egiten, nork eginen du. Fokoa pertsonengan jartzen dugu, baina agian, badirela goitik etorri beharko lukeen lana. Nekez arituko gara bestela. 

“Ikasgai batean zero atera izana ez da arazoa, zein ikasgaitan atera izana baizik, euskaran”


Aktualitateari begira, galdetu nahi dizut zer nolako hausnarketarako bide eman dizun EAEn gertatutakoak: zenbait ikaslek nota kaxkarra atera dute euskarazko probetan eta nota hori kontuan ez hartzeko eskatu dute. Epaitegietara ere iritsi da afera. 
Ertz asko izan ditzake aferak, bai. Nabariena da eta euskaldunok ikusten duguna da berez arazoa ez dela izan 0a baizik zein ikasgaitan izan den zeroa. Fisikan zero gehiago izan ziren. Hemen ikusten dut, eta Kontseiluak ongi azaldu zuen, oraingoan oldarraldia hezkuntzara iritsi den, ez dela notaren arazoa baizik eta zein ikasgaitan. Erasorik larriena izan da hori. Azaleratu da guk hezkuntzan badakigun zerbait: zenbait hizkuntza ereduk ez dutela euskalduntzen,. A ereduk adibidez, D ereduak ere nekez gaur egun. Hori agerian geratu da. Baina aipatu nahiko nuke gai honi lotua, sare sozialetan gertatua, ikasle horiek atera zirenean euskara egiten zer nolako egurra eman zaien, ez bakarrik esaten dutenagatik baizik euskara mailagatik. Bat batean denok bilakatu gara euskaltzain. Horrek ere ez dio mesederik egiten euskarari. Azkenean euskara ikasten ari den pertsona batek zein ondorio atera dezake: gaizki egiten badut, zer nolako egurra jasoko dudan. Akatsak egitea bada hizkuntzak ikasteko modu bat. A ereduak ez du euskalduntzen baina gai izan ziren zerbait esateko. Esan zezaketen gaztelaniaz eginen zutela eta listo. Pertsona horiek ere zaindu behar direla iruditzen zait, gero esan dezaten, euskara hobetzen segituko dut gero gai izateko euskaraz hitz egitera. Ur handitan sartu gabe aipatzeko azpigai asko daude. 
Azken nobelaz aritu gara, Zure arnasa zaintzeko izenekoa. 2025eko Ramiro Pinilla eleberri laburren saria jasota ikusi du argia. Aurretik, besterik ere argitaratu dituzu: Atzerrian. Azpimarrak edo Dardarak poesia liburua ere bai. Eta esanen nuke, modu batean edo bestean, denetan ageri dela zaintza gaia. Agian ez azken honetan bezain ageri, baina bai zeharka.
Seguraski nahigabe. Idazten hasten naizenean zenbait gai landu nahi dituzu kontzienteki eta beste batzuk agertzen dira: zure kezkak edo, izan daitezke. Gauza bat da zuk kontatu nahi duzuna et abeste bat irakurleek jasotzen dutena. 

Idazleek beti izaten duzue zerbait eskuartean?
Beti agian ez. Egia da azkeneko urteetan bai aritu naizela idazten eta orain ere martxan dut, bukatu xamar, beste zerbait oso desberdina, orain artekotik zerikusia ez duena. Erroa argitaletxearekin aterako dut eleberritxo bat euskara ikasleentzako: abenturak, mitologia… oso desberdina. Horretan nabil. Ongi bidean urte bukaerarako prest egonen da. 

Aurrera begira, gairen bat edo baduzu buruan?
Idatzi ondoren eta bukatu berritan hustuta sentitzen naiz. Orain denbora bat pasa behar da, esateko zerbait izateko. Pertsonaietatik abiatzen naiz ni. Hortik abiatu. Liburu horretan dauden hariak hor zintzilik geratu direnak. Izatekotan, horietakoren bat izanen da. 

Nerea Balda San Juan, eskerrik asko solasalditxoagatik, txoko honetan geratzeagatik. Abenduko zure lan berriaren zain geratuko gara. 

Eskerrik asko zuei 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!