Ikustekoak

Maddi Ane Txoperena: "Lagun baten heriotzak uzten duen doluari hitzak jarri nahi nizkion"

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 31

Zaldi bat (Txalaparta) Maddi Ane Txoperena Iribarrenen hirugarren nobela da. Miren protagonistaren eta mendian aurkitzen duen zaldi baten arteko harremanetik abiatuta, laguntasuna, dolua eta gizakiaren zein animaliaren arteko mugak jorratzen ditu

Eleberria benetako gertakari batean oinarritzen da. Joxe Angel Zubiria Leiza Xubiri lagunaren heriotzak markatu zuen, eta ordutik argi izan zuen haren inguruko zerbait idatzi nahi zuela: "Banekien honen inguruko zerbait egin nahi nuela baina ez nekien zehazki zer bilakatuko zen. Gogoa nuen pertsona hori pertsonaia bilakatzeko.”

Lan honetan dolua ez ezik, laguntasunaren inguruko hausnarketa ere egin nahi izan du: "Bikotekidea galtzen duzunean alargun geratzen zara, gurasoak galtzen duzunean umezurtz. Izendapenak ditugu egoera horiek azaltzeko, aldiz lagun hiltzen zaizunean ez dago garbi non kokatzen zaren heriotza horrekiko eta horri buruz hausnartzeko gogoa nuen eta nobela honen forma hartu du".

Liburuan behin eta berriz agertzen da gizakiaren eta animaliaren arteko muga lausoa. Pertsonaiek badute senetik eta arrazoiaz harago mugitzen dira askotan. Zaldia ez da elementu sinboliko hutsa; protagonistaren dolua eta emozioak ulertzeko bide bihurtzen da. Idazlearen esanetan, "badira bizitzako gauza batzuk arrazoiaren bitartez bakarrik esplikatuta hankamotz geratzen zaizkigunak".

Formari dagokionez ere, aurreko lanetatik urrundu da. Kapitulu laburrak eta testu mota ezberdinak uztartu ditu, hasierako blokeo batetik sortutako egitura da: "Neure burua desblokeatzeko teknika gisa erabaki nuen idazten hastea jakin gabe nora iritsiko nintzen", azaldu du. Prozesu horretan, Txalaparta argitaletxeko Garazi Arrularen laguntza funtsezkoa izan dela ere nabarmendu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!