Entzutekoak

Isa Egiguren: "Lesboseko kostaldera iristen saiatzen direnen kontrako indarkeria sistemikoa da"

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 20a

Lesbos irla Europak azken hamarkadetan bizi izan duen harrera krisi handienaren sinbolo bilakatu zen 2015ean. Hamar urte igaro direnean, errealitateak gogortzera jo du. Isa Egiguren kazetaria bertan egon zen duela bi hilabete. 

Paradisua eta infernua toki bera izan daitezke. Hori erakusten digu Lesbos irlak, Greziako hirugarren handienak, udara iristearekin batera. Batzuentzat opor eta aisialdi leku dena, besteentzat Europara sartzeko ate bakarra da. 2015ean 800.000 pertsona baino gehiago iritzi ziren bertara, Siriatik, Afganistandik eta Iraketik ihesi bateze ere, Lesbos Europak azken hamarkadetan bizi izan duen harrera krisi handienaren sinbolo bilakatuz. Hamar urte igaro direnean, giza tragediak bere horretan dirau, askoz gutxiago diren arren gaur egun kostalde greziarrera iristen direnak. Isa Egiguren kazetaria bertan egon da, egungo egoerari erreparatzen: 

Greziako gobernuak migrazio politikak eta jardunak gogortu ditu azken urteotan, Egigurenen aburuz Europako migrazio politiken erakusgarri ere badena. Turkiako eta Greziako kostaldeen artean dauden 10 kilometroak zeharkatzea erabakitzen duten horiek euren bizitza arriskuan jartzen dute. Gaueko iluntasunean, itsasoaren erdian, greziar kostazainen tratu gogorra pairatzen dute. Itzulketa ilegalak, bestalde, eguneroko jokabidea dira. 

2026ko urtarriletik maiatzera bitartean, Greziako edo Turkiako kostazainek 5.200 gizon, emakume eta haur zeramatzaten 217 ontzi atxilotu dituzte. Denbora tarte berean, gutxienez 81 pertsona hil eta 41 desagertu dira herrialdera saiatzen ari ziren bitartean. Errealitate gogor honen aurrean, Europar batasunak beste alde batera begiratu bakarrik ez, eta giza fluxua kontrolatzeko Turkia bezalako herrialdeen finantzaketa handitu eta migrazio politikak gogortu dituela nabarmendu du Egigurenek. Gertatzen ari dena ez ahaztea eta gaiaz hitz egiten jarraitzea, beraz, gakoa da kazetariaren iritziz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!