Elkarrizkettap

Aitziber Grados: "Ez dut nire lana dibertigarria izan gabe irudikatzen"

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 16a

'Benetan Zabiz'-en, Malen Altunarekin batera aurkezten duen podcastean, ezagutu genuen Aitziber Grados (Altsasu, 1999). Altsasuarra eta Z belaunaldikoa, egungo gazte euskaldunen ahots nabarmenetako batean bilakatu da azken urteotan; are gehiago, Hiru Damatxok EITBrentzat ekoizten duen 'Linbo' late night-eko aurkezle bilakatu denetik. Umorea eta inprobisazioa lagun, publikoak, hasieratik, oso ongi hartu duen profila izan da Gradosena; zalantzarik gabe, gelditzeko iritsi den aurpegi horitako bat

Aitziber Grados, ongi etorri TTAP aldizkarira!

Eskerrik asko. Ongi etorri zuei ere hona, San Pedrora.

Azalduko dugu non gauden…

Bai, zehazki gaude Altsasuko eta Urdiaingo San Pedroko basoan. Hortxe ondoan daukagu San Pedroko ermita. Urtero, ekainaren 29an, San Pedro eguna ospatzen dugu hemen altsasuarrok. Eta bertara ekarri zaituztet oso leku lasaia delako, freskoa ere, eta asko gustatzen zaidalako.

Akaso badago oraindik jende aunitz ez dakiena altsasuarra zarela.

Bai, izan liteke. Jende askok esan izan dit gipuzkoarra naizela pentsatzen zuela. Euskaragatik izanen da, ez dakit… batuan egiten dut. Jende askok esan izan dit: “Oso ondo egiten duzu euskaraz nafarra izateko”. Hori ere bada apur bat… gaizki dago hori esatea. Baina bai, altsasuarra naiz.

Kazetaritza ikasketak egiteko atera zinen herritik. Argi zenuen zein izanen zen zure bidea? Gauzak argi izaten dituen horietakoa zara?

Egia esango dizut. Kazetaritza ikastera joan nintzen, hein batean, Altsasutik irten nahi nuelako, eta Bilbo eta bertako ikasle giroa ezagutu nahi nituelako ere bai. Kazetaritza ikasteko gogoa ere banuen, ze idaztea asko gustatzen zait, ahozko komunikazioa ere bai… Amari galdetzen diot orain: “Zergatik hautatu nuen kazetaritza? Zer esan nizun?”, eta berak ere ez daki oso ondo. Super naturala izan zen, zerbait egin behar nuen eta hori aukeratu nuen.

1999an sortutakoa zara, beraz, Z belaunaldikoa; natibo digitala izan den lehenengo belaunaldikoa, pantailekin hazi eta pantailekin nerabezaroa igaro duena. Akaso horrek badu ere loturatxo bat komunikazioaren eta kazetaritzaren munduarekin?

Ba izan daiteke… Ni, txikitan, kamera batekin grabatzen nintzen, iragarkiak egiten nituen, kamerari hitz egiten nion… Gaur egungo blogen modukoak egiten nituen ere, eta lotura estua izan dezake egun naizena azaltzeko. Garai horretan oraindik ez zegoen blogik, baina nik halakoak egiten nituen jakin gabe zergatik, edo erreferente zehatzik izan gabe.

Sare sozialekin eta, orokorrean, mundu digitalarekin, zer moduz konpontzen zara?

Esango nizuke ondo konpontzen naizela. Egia da kristoren nagia ematen didatela sare sozialek, eta beharbada horiek erabiltzearen arrazoia dela gaur egun lanerako garrantzitsuak direla, ikusgarritasun bat lortzeko eta zu ateratzen zaren edukia ere partekatzeko. Ez dakit kazetaria izango ez banintz modu hain publikoan erabiliko nituzkeen edo ez. Ez dakit.

Alor horretan jarduten duzunean, akaso modu berezian zaindu behar dituzu argitaratzen dituzunak? Horretan pentsatzen duzu?

Nire Instagramean publikatzen ditudanekin ez dut gehiegi pentsatzen. Instagram diot besteak ez ditudalako hainbeste erabiltzen; X sare sozialean ez ditut txioak partekatzen. Instagramekoa nire kontu pertsonala da, lanekoez gain bestelakoak ere partekatzeko. Lanekoak ere partekatzen ditut, eta, noski, hor inportantea da zer esaten duzun, zer partekatzen duzun eta hori guztia… Eta Benetan Zabiz podcastaz ere ari garela, hor bai, noski, ardura handia daukagula pentsatzen dut. Badakigu esaten dugunak oihartzun handia izan dezakeela.

“Emakumeok, gazte izanda ere, saio on bat aurkeztu dezakegu”

Podcastaren formatua bada nahiko formatu informala, hurbilekoa, eta hori ahalbidetzen duen tonua dauka. Zuenetik asko kontatzen duzue…

Gehiegi, batzuetan.

Gehiegi erranen zenuke?

Bai, esango nuke baietz. Ez naiz oso kontziente kontatzen dudanaz. Zentzu horretan, esan ohi dut nire bizitza edo esperientziak kontatzea ez dela hain transzendentea, ez duela gizartean eraginik izango. Kontatzen ditut gauza asko, baina, betiere, pentsatuta noraino.

Gidoi bat idazten duzue? Hau da, gaiak zehazteaz gain, bakoitzaren inguruan zer esan aldez aurretik erabakitzen duzue?

Gidoi bat badago, eta Malenek eta biok zehazten ditugu gonbidatuari aterako dizkiogun gaiak, baina gero beti daude inprobisazioak. Eta hor bai, gidoikoez gain, gauza asko galdetu ditzakegu eta hitz egin dezakegu gure bizitzaz. Baina esango nuke zer kontatzen dugun baino gehiago dela nola kontatzen dugun. Ez da berdina gonbidatu bati modu formalean zerbait galdetzea edo modu informalean egitea. Kode hori uste dut oso zehaztuta daukagula Malenek eta biok, eta, beharbada, horrek eraman dezake entzulea pentsatzera ganberroak garela edo oso naturalak.

Zer proiektatu nahi duzuen pentsatzen duzue?

Ez dago zerbait proiektatzeko helburu bat. Esango nuke naturalak garela, eta kalean garen bezalakoak garela. Azkenean, proiektatzen duguna da, literalki, guk lagun artean ere daukagun irudi berdina. Maleni esleitu zaio profil bat, paper bat, izaera bat; niri, beste bat. Eta ez naiz sentitzen jendeak pentsa dezakeenarengandik oso urrun. Lagunek, entzuleek edo ikusleek esaten didatenean ni Malen baino bihurriagoa edo eskatologikoagoa naizela, adibidez, egia da, ados egon naiteke.

Nola hasi zen podcastaren kontua?

Malenek eta biok master berdina egin genuen, eta, aurretik elkar ezagutzen bagenuen ere, ez ginen lagunak. Masterrean ere ez genuen harreman handirik egin, nahiz eta klasean hamabost-edo ginen. Master horretatik, Gaztea Irratiko beka egitera bideratu gintuzten denok, eta hortxe aukera izan genuen kolaborazio bana egiteko. Lehenengo egunetako feeling ona ikusita, erabaki genuen kolaborazioa batera egitea. Mikrofono bakarra genuen, pentsa… Hor izugarrizko harreman polita sortu zen. Beka hiru hilabetekoa bazen ere, amaitu zitzaigunean, Gazteatik bertatik proposatu ziguten igandetako bi emisio ordu betetzea, eta horrela hasi ginen. Malen ez zen oso podcast entzulea, baina nire erreferentzia hor Estirando el chicle izan zen. Helburua ez zen hura kopiatzea, baizik eta estiloa eta tonua hartzea: bi neska aurkezle, eta gonbidatuak modu informalean elkarrizketatzen. Horrela hasi ginen, nire Bilboko pisutik, bi mikrofono merkerekin… Helburua ez zen sekula izan arrakasta edukitzea. Bagenekien hiru hilabetez igandetako bi ordu horiek beteko genituela, eta helburua ondo pasatzea zen.

Hor gako batzuk aipatu dituzu: bi neska gazte, podcast bat egiten, eta euskaraz. Hutsune bat bete duzue.

Nik uste dut baietz. Batez ere, neskak izateagatik eta, argi eta garbi, gazteak izateagatik; gazteak gazteentzat edukiak sortzen. Gaur egun ohikoagoa da, baina garai hartan ez hainbeste. Puntualki, ikusten genuen gazteren bat telebistan edo irratian kolaborazioak egiten, baina ez zen ohikoa. Hizkuntzarena ere hor dago. Gogoratzen dut hasieran galdetu izan zigutela: “Zergatik euskaraz?” Ez genuen beste modu batean planteatzen, ez zen aukera bat, hasieratik argi zegoen. Eta hori, niretzat erronka izugarria izanik hasieran, ez bainengoen leku informaletan eta lagun artean euskaraz egitera ohituta; are gutxiago, Markina-Xemeingo batekin aritzera. Malen ulertzea pila bat kostatzen zitzaidan hasieran, eta akordatzen naiz berari esan niola, argi eta garbi: “Badakit hau euskaraz egin nahi dudala, ez dut beste aukerarik baloratzen, baina jakin kostatzen zaidala konbertsazio informal bat edukitzea”. Ez nekien anekdotak, adibidez, euskaraz kontatzen, eta ez nintzen natural sentitzen. Prozesu bat izan da, alde horretatik, eta, gaur egun, zorionez, lagunekin ere euskaraz egiten dut eta super eroso sentitzen naiz.

“Oso ondo pasatzen nuen bertsotan, baina oholtza gainean egotea ez zitzaidan gustatzen

Eragin hori bera izango du zuen jarraitzaileen artean? Euskara kalera ateratzen lagundu dezakete horrelako edukiek?

Nik uste dut baietz. Azkenean, gazte askok egoera berdina bizi dute. Akaso ez dute inoiz pentsatu horrelako eduki bat kontsumitzea, baina bat-batean erreferentzia bat topatu dezakete saio honetan, eta ikusi posible dela lagunarteko elkarrizketa bat euskaraz edukitzea, euskaraz bizitzea. Eta ez dira bakarrik elkarrizketak, Euskal Herriko erreferentziak erabiltzen ditugu, eta ideologikoki bidaltzen ditugun mezuak ere oso euskaldunak direla esango nuke. Eta gure helburua, berez, ez da entzulearengan hori guztia iltzatzea, baina horrela ateratzen zaigu, kalean ateratzen zaigun bezala.

Podcastean atal nagusietako bat, zalantzarik gabe, elkarrizketak dira, gonbidatuekin solasaldiak. Nola ikusten duzu hor zure burua elkarrizketatzaile bezala?

Niri asko gustatzen zait, eta ez dut sentitzen nire lanaren parte bakarrik denik. Orokorrean, norbait ezagutzen dudanean, parrandan edo erromantikoki, adibidez, galdera asko egiten ditudala iruditzen zait, izugarrizko kuriositatea dut pertsonak ezagutzerakoan. Podcastean ere hala da, nahiz eta badakidan nire lanaren parte dela, oso dibertigarria iruditzen zait. Aurrean bazaitut galdetuko dizut, eta ez bakarrik aurrean bi kamera dauzkagulako. Jendearekin hitz egitea eta jendea ezagutzea gustatzen zait.

Eta beste gako bat bota duzu hor: dibertigarria izan behar du lanak. Dibertigarria bada, ona da?

Bai. Niretzako lanak dibertigarria izan behar du, erromantizatu nahi izan gabe, noski. Lan egitea zer den badakigu, nik ere nahiko nuke lanik egin behar izan gabe bizi. Zorionez, oso pribilegiatua sentitzen naiz. Izan ere, ekipo oso txiki bat gara, hiru pertsonakoa, neskak, lagunak. Gure lana izugarrizko parranda bat da. Tarteka ere buruhausteak daude, nola ez. Baina nik ez dut ulertzen nire lana, gaur egun, dibertigarria izan gabe. Linbo saioaz ari bagara ere, lantalde handiago bat dago eta ardura gehiago eskatzen du horrek, teknikari piloa dago… Baina, hala ere, oso ondo pasatzen dugu, izugarrizko zortea izan dut horrekin.

Bukatu berri da Linbo-ren bigarren denboraldia. Zer moduz joan da?

Super ondo. Oso azkar pasa zait. Atzo grabatzen hasi ginela ematen du, eta, dagoeneko, bukatu dugu… Esango nuke lehenengo denboralditik bigarren honetara aldaketak egon direla guztion aldetik. Lehenengo aldiz kamera aurrean jarri izan bagina bezala izan da, baina aldaketa bat ikusi da. Seguruago sentitu naiz oholtza gainean. Gogotsu hartu dugu, lehenengoa bezala, baina honetan umore gehiago egon dela esango nuke. Ikusleek eskatzen zuten, eta, azkenean, heldu zitzaien. Oso pozik gaude egindako lanarekin. Izan ere, esango nuke ez dela erraza, gaztea zarenean, hainbeste esperientziarik ez duzunean, horrelako saio bat egitea. Baina listoia altu utzi dugula esango nuke.

Horrelako formatuetan, late night-etan, ez da ohikoa emakume bat ikustea aurkezle lanetan, ezta gaur egun ere. Hori ere hautu bat izan da, ezta?

Bai, eta, lehenik eta behin, esker ona eman behar diot lantaldeari nire izena proposatzeagatik. Emakume izatearena ez dut uste arrazoi bakarra zenik, baina garrantzitsua dela uste dut. Etorkizunean kazetari eta aurkezle izan nahi duen neska txiki batek ikusten badu aukera badagoela, beharbada, erreferentzia bat izan dezake hor. Hasieran banuen iruzurgilearen sindrome hori, baina, programak grabatu ahala eta balorazioa ona izan denean ere, esan dut: “Zer demontre! Noski baietz, hemen nago zerbaitengatik”. Emakumeak eta gazteak izanda ere, saio on bat aurkeztu dezakegu.

Oso hotza naiz, nolabait esateko, eta horrek lagundu dit lanean ere tenplantza mantentzen”

Hori hala da, baina egia da zeharkatzen gaituen gizarte matxista honetan, emakumeoi gehiago kosta ahal zaigula horrelako proiektuei baiezkoa ematea, are gehiago ez bagaude ziur oso-oso ongi eginen dugula…

Bai, eta, proposamena iritsi zitzaidanean, hala pentsatu nuen: “Neska naiz, gaztea, oso fuertea da hau… Baina, zergatik ez? Noski egin dezakedala!” Gizon batek planteatuko luke sikiera galdera hori? Nire ametsa izan da beti saio bat aurkeztea, beraz, nola ez nuen onartuko? Bide batez, esango dut naizela pertsona bat bere beldurrak eta segurtasun-gabeziak ere badituena, noski, baina, kasu honetan, oso gai ikusten nuela nire burua hau egiteko. Gainera, zerbait gaizki atera izanez gero, tira, erremontatuko nuke. Kontziente naiz ez naizela jakinda jaio eta prozesu bat dela, baina ikasteko aukera bat ere bazela ikusi nuen. Eta, nola ez, lantaldea ere aproposena zela ikasteko, izan ere, sekulako konfiantza eman izan didate hasieratik.

Garrantzitsua da gauzak bikain ateratzen ez direnean ere aurrera egitea, eta erakustea.

Bai, izan ere, zer pasatzen da gaizki ateratzen bada? Berriro saiatuko garela. Probatu behar da. Hala ere, esango dizut konfiantza osoa nuela neure buruarengan, banekien, eguna iritsita, hor jarriko nintzela eta nire burua, proiektua eta saioa defendatuko nituela.

Zer moduz daramazu jendeak zu ezagutzearena?

Tira, denetarik dago. Ez da berdina kafetxo bat hartzen zaudenean, lasai, norbait gerturatzen bazaizu, edo parrandan zaudenean izugarrizko mozkorrarekin. Baina hori da errealitatea, noski, eguneroko bizitzan gertatu daitekeen zerbait. Baina jendea oso jatorra da oro har, oso eskuzabala. Eta ez pentsa ni naizenik izar bat, baina baten bat etortzen da tarteka.

Umorearen eremuan ere egin izan dituzu gauzatxoak, bakarrizketekin; bertsolaritzaren munduan ere hanka punta sartu izan duzu… Guzti horretatik ikasitakoa baliatzen duzu?

Oso ondo pasatzen nuen bertsoak egiten, baina oholtza gainean egotea ez zitzaidan batere gustatzen, eta bertsolaritza horregatik utzi nuen. Eta berdina pasa zitzaidan bakarrizketekin. Izugarrizko antsietatea sartzen zitzaidan oholtza gainean, garai hartako bertso-saioetan bezala. Eta hori kudeatzen ere ikasi egiten da. Edonola ere, honek zerbait erakutsi badit, izan da bertsolaritza eta umorea publikoki ez direla niretzako leku erosoenak; aurkezle izatearena, aldiz, bai, hor ez dut sekula antsietaterik izan. Beraz, batzuetan jakin behar duzu zeri esan baietz eta zeri ezetz, zer den gauza bakoitzak benetan sentiarazten dizuna.

Baina probatzen ez baduzu, ezin jakin…

Bai, askotan pentsatu dut pixka bat psikopata naizela, kar-kar. Oro har, ez naiz pertsona bat emozioak oso modu bizian sentitzen dituena, oso orekatua naiz emozionalki. Inoiz ez nago oso triste edo oso pozik, beti da erdibideko zerbait. Urduritasunarekin berdin gertatzen zait, oso ondo kudeatzen dut, momentuz. Probatzearenak sortu ahal dizu nolabaiteko ezinegon bat, deserosotasun bat gorputzean… baina hori barrutik kudeatzen dut, lasai egoten naiz. Oso hotza naiz, nolabait esateko, eta horrek lagundu dit lan honetan ere tenplantza mantentzen, probatzeko arrisku hori hartzen.

Tresnak ematen dizkizu horrek, nolabait, eta ongi dago horretaz ere modu irekian hitz egitea, ezta?

Bai, bai, ez daukat inongo arazorik honen inguruan hitz egiteko, are gehiago, harrotasunez kontatzen dudan zerbait da. Hoztasun horrek, maila pertsonalean bai, eragin izan dizkit buruhausteak; askotan sentitu nahi izan ditut gauzak intentsitate handiagoz, eta batzuetan ezin dut. Baina kasu honetan uste dut onuragarria ere badela, urduritasuna eta bihotza erregulatzeko modu natural bat, nik aukeratu ez dudana.

Etorkizunera begira, zer proiektatzen duzu? Zer gustatuko litzaizuke egitea?

Ez dakit, etortzen dena etortzen dela, horrekin ados. Konfiantza daukat, momentuz, etorri daitekeen horretan, eta nire buruan ere bai. Bestalde, egitea gustatuko litzaidakeen zerbait bidaia saio bat izango litzateke; asko gustatuko litzaidake. Linbo saioaren ostean, pentsatu izan dut: “Eta, orain, zer? Zer gehiago egin dezaket?” Ba Linbo-ren denboraldi askoz gehiago egitea ongi legoke, baina, batez ere, egiten dudan horrekin disfrutatu nahiko nuke, dibertigarria izatea, ez aspertzea. Hori da nire helburua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!