Ongi etorri TTAPera Arsenike.
Eskerrik asko.
Katakrakeko areto honetan gaude, baina azkenaldian gehiago ikusi zaitugu San Francisco kalean dagoen txoko horretan, DLC-n hain zuzen ere. Zer egiten duzue bertan?
Nire irratsaioan dut bertan. Aurten hirugarren denboraldiarekin ari gara. DLC, berez, Alde zaharrean sortu zen DJentzako topagune bat da. Mota askotako saioak egiten dituzte bertan, eta guk, underground mugimenduarekin lotuta dauden musika, pintxadak eta elkarrizketak egiten ditugu. Irratsaioaren izena, berez, Zart da.
Egia da musika elektronikoak merezi zuela horrelako erakusleiho bat. Gainera, lekuak, badu asko erakusleihotik.
Iruñean musika elektronikoaren eszena handi bat dagoela erakutsi dugu. Duela hiru urte hasi genuen proiektua eta uste dut leiho garrantzitsua izan dela musikariontzat.
Noiz hasi zinen musika elektronikora hurbiltzen?
Nire lehen oroitzapena nerabezaroan izan zen, amak aitonaren disko-jogailua oparitu zidanean. Nire lehen biniloak erosten hasi nintzen eta musika nahasteko jakin mina piztu zitzaidan. Abestiak nola elkartzen ziren, zein egitura mota zituzten, nola ekoizten ziren soinuak… Musika ezberdinak nahasten eta probatzen hasi nintzen eta gaur arte…
Modu autodidakta baten beraz?
Bai, beti.
Bada esperimentaletik asko duen mundu bat, baina jakintza teknikoa ere badago atzean ezta?
Bai, eta oso interesgarria izan da nire burua horrela probatzea eta horrenbeste ikastea. Hasieran galduta nenbilen egia esateko. Gero, lagunekin elkartzen, musika asko entzuten, musika asko probatzen eta festak egiten hobetzen joan nintzen. 2019an Erresuma Batura joan nintzen, han sekulako kultura dutelako. Sound System-ak, aretoak, DJ ahotsa ematen diete… Nafarroara bueltatu nintzenean topera jarri nintzen techno-arekin, drum and bass-arekin eta jungle-arekin.
Agian prozesu horretan aurkitu zenituen zure erreferenteak? Zeintzuk izan dira zure heldulekuak?
Gustuko izan ditudan artistak edo erreferenteak gehiago egon dira punk musikari lotuak. Bereziki, Riot Girl mugimendua. Badu filosofia feminista bat, hau da, emakumeak ez direla groupie-ak, baizik eta musika egiten dutenak. Ni filosofia horrekin hasi nintzen DJ-en munduan. Eta nahiz eta emakume askorik ez ikusi agertokietan, filosofia horrek eman zidan bultzada musika egiten eta gauza gehiago probatzen jarraitzeko.
Badu zerbait ere boteretzetik Djaren figurak edo musika jartzeak, hau da, erabakitzeak zein musika entzungo den.
Bai. Nire kasuan gehiago izan da musikaren friki bat naizela, txikitatik, eta familia ere oso musikazalea dudala, eta frikismo horrek eraman nau agertokian egotera.
Djak, izan ere, musika entzule oso handiak zarete.
Hori da alderik garrantzitsuena. Kultura musikal handia izan behar duzu, eta musika mota asko ezagutu. Pasioa eduki behar duzu, bestela ez duzu aurrera egiterik edo musikan sakontzerik.
“Iruñean musika elektronikoaren eszena handi bat dagoela erakutsi dugu”
Egia da musika elektronikoa aipatzen dugunean burura etortzen zaigula aurreiritziz jositako mundu bat. Aunitz lotzen da gauaren munduarekin eta gauaren alde itsusienekin ere. Zenbat dago egitik hor?
Agian, aurreiritzi horiek musika honen jatorriaren ezezagutzatik datoz, kultura honen jatorria ez ezagutzeagatik. Musika elektronikoa egiten hasi zirenak komunitate oso zehatzetan hasi ziren, Detroiten bereziki. Marjinatuta zegoen jendea, pertsona arrazializatuak, queer-ak… Kultura oso bat eta komunitate oso bat sortu zuten, eta erdigunean gauza garrantzitsu asko jartzen zituzten, esaterako haientzat espazio seguruak izatea. Mugimendu hori Europara etorri zenean identitatea galdu zuen eta estetikarekin edota kanpoko aldearekin bakarrik gelditu zen. Eta azken hamarkadetan, gainera, enpresa askok atera nahi izan dute etekina mugimendu honetatik, baina badago erresistentzia sare garrantzitsu bat kultura undeground bezala mantentzen duena.
Agian musika elektronikoa ezagutzen ez duenari, musika elektronikoa esan, eta genero bakarra dela pentsa dezake. Baina zenbat azpi-genero daude…
Mordoa. Denetarik dago. Musika mota bat da, baina bere barruan estilo eta azpi-estilo pila bat daude. Adibidez, techno-an, azpi-estilo asko daude: Acid-a, Hardcore-a, Detroitekoa… Eta horien barruan ere badaude azpi-eszenak bere estetika ezberdinarekin ere. Drum and base estiloan, adibidez, neurofunk-a, jump up… ere badaude.
Eta horien artean, zuk egiten duzun musika, non kokatuko litzateke?
Ez zait asko gustatzen estilo bakarrean etiketatzea, baina geruza asko eta askotarikoak dituzten pistak erabiltzea gustatzen zait eta bereziki drum and base eta techno-aren artean nago eroso, 140 eta 178 BPM artean. Hau da, gehiago definitzen naute gustuko ditudan elementuek, direla soinu hipnotikoak eta erritmo azkarra. Eta horren barruan estilo asko egon daitezke.
Unibertso oso bat dago musika elektronikoaren barruan, soinu sinpleenetik hasita, ezta?
Eta edozein gauzarekin egin dezakezu sample bat, hori sintetizatu… Gauza asko egin ditzakezu.
Ibiltzen zara sample-ak ehizatzen bezala? Badagoelako soinuekin obsesionatzen dena ere. Gertatzen zaizu hori?
Niri ez; baina badut lagun bat, farola baten zarata bat entzun, eta horrelakoak grabatu eta erabiltzen dituena…
Iruñerrian, azkenaldian, musika elektronikoaren mugimendua piztu dela esan daiteke. Agian hor zegoen eta ez gara orain arte ohartu, baina, DLCri esker, akaso, biziberritu da?
Iruñerrian mugimendu interesgarria dago azkenaldian, bai. Kolektibo, proposamen berri eta jai asko ateratzen ari dira. Agian estilo zehatz batzuk entzuten dira gehiago, eta beste batzuk ertzetan daude, baina momentu on batean gaudela esango nuke.
Nola genero honek hainbeste azpi-genero dituen… Egongo dira batzuk publiko zabalagoarentzat errazagoak direnak? Agian beste batzuk minoritarioagoak dira?
Adibidez, niretzat, oso mainstream-a izan daiteke house musika. Eta drum and base estiloa, adibidez, hemen ia ez da entzuten.
“Gustuko izan ditudan erreferenteak gehiago egon dira punk musikari lotuak”
Eta drum and base estiloa zer definitzen du?
Bereziki kaxa eta bonboa non kokatzen diren. Techno musikan bonboa 4×4 erritmoan joaten da, eta drum and base estiloan erritmoa guztiz ezberdina da. Energia ezberdina da eta technoan horrenbeste sartu ezin daitezkeen geruza asko sartu daitezke. Melodikoagoa izan daiteke, hitzak sartu daitezke…
Gero eta emakume gehiago ikusi ditugu DJ bezala ere. Hori bai dela benetan pozgarria ezta?
Azkenaldian emakume gehiago animatzen ari dira, bai. Batez ere pintxatzera eta ekoiztera. Baina oraindik badago asko egiteko. Aretoetan, orokorrean, oso zaila da gure proposamenak aurrera eramatea. Tratuan ere ezberdintasuna nabari dira oraindik, eta askotan egoera deserosoak jasaten ditugu. Adibidez, mansplaning-a egitea, kabina okupatzea, ez uztea gure lana egiten… Baina geroz eta gehiago gara eta gauza hauek elkarbanatzen ditugu. Sarea indartzen ari gara.
Sareak ere horretarako garrantzitsuak dira. Santaspascuas jaialdia, Iruñean bertan, gertatu zena da adibide ona. Konta egiguzu zer gertatu zen.
Iruñean urtero egiten den musika jaialdia da, eta aurten, Djen multzoan ez zegoen emakumerik. Hiriko emakume DJ guztiak elkartu eta antolatu ginen, eta kontra-jaialdi bat egin genuen, Ni santas ni pascuas. Asko gozatu genuen denok eta bikain irten zen dena. Oso pozik atera ginen hortik. Hamabost emakume egon ginen pintxatzen.
Askotan ikusten dugu ere karteleko emakume bakarraren sindromea bezala ezagutu dezakeguna. Zuri ere tokatu zaizu?
Zoritxarrez bai. Askotan gertatzen da. Askotan, deitzen dizutenean, konturatzen zara emakume bat bakarrik nahi dutela euren kartelerako eta zure proposamenaz ez dakitela ezer.
Zuri tokatu izan zaizkizu indarkeria egoerak pairatzea?
Asko jasan ditut, zoritxarrez. Oso zaila izan da, gainera. Gizonek azaltzea zer egin behar duzun eta mahaia ukitzea… Nik badakit nire ekipoa muntatzen. Etortzen dira eta nire mahaia inbaditzen dute, adibidez. Askotan esan didate ere egiten dudana arreta deitzeko egiten dudala eta ez dugula merezi kartel baten egotea. Sare sozialak superstar baten modukoa eduki behar ditudala esatea… Gauza asko exijitzen dizkigute. Gizonei ez diete hori eskatzen. Horren aurrean, gure artean sareak sortzea, espazio seguruak eraikitzea eta protokoloak gauzatzea da irtenbidea.
Musika elektronikoa Rave-en munduarekin lotzen da asko ere. Mito asko daude rave-en inguruan. Zuk nola definituko zenuke?
Komunitate eta askatasun adierazpen bat dira. Free party bat egitea da aske sentitu nahi duen jendeak egiten duen jaialdia, eta haien artean kudeatzen dira. Leku bat bilatzen dute, soinu sistema bat muntatu eta etekinak atera nahi dituzten enpresarik gabe festa bat antolatzen dute. Helburua komunitatean gozatzea izaten da, modu autogesionatu baten. Sarrera ez kobratzea da gako nagusiena.
Rave-ak kanpotik eta barrutik nola ikusten diren, ezberdintasuna nabaritzen duzu?
Nabaritzen da, bai. Aurreiritziak dira, sarritan. Kaotikoak direla edo gehiegizkoak direla… Baina barrutik ikusita errespetuzko komunitate bat dago beti, elkar zaintza dago, gauza guztiak antolatzeko azpitaldeak daude… Eta soinuaren garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Soinuari garrantzia ematen zaio rave-etan. Hori muntatzeko eta eramateko antolakuntza handia egoten da.
“Soinu hipnotikoek eta erritmo azkarrak definitzen naute”
Musikaren mundua bada gero eta mundu kapitalizatuago bat ezta? Jaialdi erraldoien garaia, kontzertu erraldoien garaia… Rave-ena, modu kolektiboan egiteaz gain bada erresistentzia gune moduko bat?
Modu aske batean disfrutatzeko toki bakarra dela esango nuke. Dena dago enpresei lotuta. Aretoekin ere arazo hori topatzen dugu. Iruñean taberna asko daude, aretoak ez hainbeste, eta kolektibo txikien proposamenei ez diete normalean babesik ematen. Zaila izaten da aretoetan lekua aurkitzea.
Kolektiboez ari garela, Basati kolektiboa sortu duzue. Zer da?
Basati Iruñerrian sortutako drum and base eta jungle soinuetan oinarritutako kolektibo eta ekintza queer bat da. Duela urte eta erdi hasi ginen, ikusten genuelako Iruñean ez zegoela estilo hauek mugitzen zituen kolektiborik. Beraz, estiloa zabaldu, elkarguneak egin, festak antolatu… Hor gabiltza.