Lipedema esaten badugu, seguruenik ez zaizu hitza oso ezaguna eginen. Lipedema esaten badugu, akaso ez duzu jakinen gaixotasun kroniko eta progresibo bat dela, ehun adiposoari eragiten dioena. Akaso ez duzu jakinen gorputzean —bereziki hanketan, aldaketan eta batzuetan besoetan— gantz-zelulak modu anormal eta desproportzionatuan ugaritzean eta inflamatzean datzala. Ez duzu jakinen ere gaixotasun honek ia soilik emakumeei eragiten diela eta ez duela ohiko obesitatearekin zerikusirik. Pairatzen baduzu ere, akaso ez duzu jakinen hala dela, ez dizutelako diagnostikatu. Infradiagnostikoari erreparatuz eta ikerketa gehiago aldarrikatzeko asmoarekin, Nafarroan Lipedema, Linfedema eta Flebema kaltetuen elkartea sortu da.
Taldeko bultzatzaile eta sortzaileetako bat den Ane Sanchezek iragarri bezala, bihar arratsaldean bilera irekia eginen du elkarteak, gaitz hau pairatzen duten emakumeei zein interesa duen orori zuzendua. "Gure lehenengo helburua elkar ezagutzea eta sarea egitea da". Izan ere, ez dago esperientziak konpartitzea baino irtenbide hoberik, osasun sisteman isiltasuna denean arau orokorra.