80ko hamarkadatik aurrera, GIBa pertsona eta sexualitate jakin batzuekin lotu zen. Gizon gayekin, pertsona transekin, sexu-langileekin, yonkiekin. “Arriskutsutzat” edo “desbideratutzat” jotzen ziren sexualitateekin. Normaren barne ez zeuden kolektiboekin. Eta horrela, pixkanaka, GIBa osasun-arazo hutsa izateari utzi, eta marka sozial bihurtu zen.
Eta orduan zer? Gorputz “garbien” eta gorputz “zikinen” ideia zabaldu zen. Sexualitate “zuzenak” eta sexualitate “arriskutsuaen” idea barneratu zen. Pertsona “arduratsuak” eta pertsona “errudunak” etiketatu ziren eta gure gizartean erabat heldu ziren. Honek guztiak sexualitateran estigma indartu eta GIBaren estigma sortu zen.
Oraindik ere presente dagoen estigma. Komentarioetan, isiltasunetan, ikusezinetan, proba egiteari beldur izatean, “GIBa daukat” esateko beldurrean. Askotan gogorrena ez da birusa bera, epai soziala baizik. Zure desira, zure gorputza edo maitatzeko modua seinalatuak izan daitezkeela sentitzea. Eta garrantzitsua da gogoratzea ere GIBak sexuari buruz dugun ikuspegia sakon aldatu zuela.
Urte askotan diskurtsoa beldurraren inguruan eraiki zen: ukimenaren beldurra, plazerraren beldurra, beste gorputzen beldurra. Errutik edo arriskutik abiatuta sexualitatea bizitzen ikasi zuten belaunaldi osoetan. Baina gaur egun errealitatea bestelakoa da.
Tratamendu berriei esker, GIBa duen pertsona batek bizitza luze, osasuntsu eta bete-betea izan dezake. Eta badakigu oso garrantzitsua den zerbait: Detektaezina = transmitiezina. Hau da: tratamendu eraginkorra duen pertsona batek ez du birusa sexu bidez transmititzen. Hala ere, medikuntzak aurrera egin duen arren, gizartearen imajinario askok iraganean jarraitzen dute harrapatuta.
Horregatik beharrezkoa da GIBari buruz hitz egiten jarraitzea. Eskoletan, komunikabideetan, familietan, musikan, irratian... eta urrian aterako dugun dokumentalean: Gorputzak eta memoriak: GIBaren herentzia.
GIBaren herentzia lantzeak esan nahi duelako sexualitatea askatasunetik bizitzeko eskubidea edonork daukagula, eta baita plazreretik, zaintzatik eta duintasunetik ere. Eta ulertzea inor ez dela diagnostiko baten bidez definitu behar.
GIBaz hitz egitea memoriaz hitz egitea da, eskubideez, gorputzez, desiraz eta gizarte bezala elkarrekin bizitzeko moduaz. Ekainaren 16an 11:00etan prentsaurrekoa egingo dugu CIVICANen, eta gainera dokumentalaren aurrerapentxoa jarriko dugu. Gonbidatuak zaudete.