Ikustekoak

“Saharako errefuxiatu kanpamentuetako ur eta elikagai eskasia larria da”

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 13a

Itsaso Álvarez de Francisco eta Mikel Mugeta Saharako errefuxiatu kanpamentuetan izan dira, hainbat erkidegotako 147 bidaiarirekin batera. Metropoli Forala saiora hurbildu dira bertako errealitatea eta bidaian bizitakoa kontatzeko.

Saharar errefuxiatuen kanpamentuak munduko desplazamendu edo errefuxiatu-egoera luzeenetako bat dira. Aljeriako hego-mendebaldeko basamortuan daude, Tinduf hiriaren inguruan, eta 1970eko hamarkadatik bertan saharar ugari bizi dira. Azkeneko datuen arabera, 170.000–200.000 saharar inguru bizi dira erbestean. Bost kanpamentu nagusi daude, “wilaya” deituriko egitura administratiboan antolatuak: Aaiun, Smara, Auserd, Dajla, Bojador.

ANAS elkarteak urtean bitan Saharako errefuxiatu kanpamentuetara joateko bidaia antolatzen du. Hauen helburua, batetik, haurrak harreran hartzen dituzten familiek haurrak bisitatu eta haien familia ezagutzea da, eta bestetik, egoeraren berri ematea eta sentsibilizazioa lantzea.

Itsaso Álvarez de Francisco eta Mikel Mugeta irakasleak dira, klasean errefuxiatu kanpamenduak landu dituzte eta lehen aldiz bidaia egitera animatu dira. Beraiek Bojador kanpamentuan egon dira: “Zaila da hamar egunetan bertako errealitatea benetan ezagutzea. Hala ere, aurkitu genuena oso gogorra izan zen”. Bereziki, uraren eta elikagaien eskasia larria da, “lehen ez baina orain ura eta elektrizitatea pagatu behar dute eta oso soldata baxuak dituzte. Hiru hilabetean 50 euro irabazten dituzte, oso esanguratsua dela”.

50 urte bete dira kanpamentuak sortu zirenetik eta  azkeneko urteetan bertara bideratzen den laguntza humanitarioa murriztu egin da. “Errefuxiatuen kanpalekuetan etxetik kanpo bizi dira, beste herrialde batean, eta hala kontatu digute. Etxera itzultzeko itxaropenarekin bizi dira, baina ez dakite noiz gertatuko den”.

Sahararren eskuzabaltasuna, hurbiltasuna eta komunitate-lotura sendoak ere nabarmendu nahi izan dituzte. “Beraiek daukaten komunitate sentimendua eta harreman pertsonalak hemen galdu ditugu. Hamar egun hauetan beraien familiaren parte sentitu gara eta oso polita izan da”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!