Elkarrizkettap

Lorena Arangoa:"Ama Birjinaren inguruko artelanen bat eginen nuke; negozioa eten egin behar dela aldarrikatzeko"

Maialen Huarte Arano 2026ko maiatzaren 8a

Lorena Arangoa (Irurtzun, 1983) aktore ari da aspalditxoan. Clown-arekin bilakatzen ditu bere ikuskizunak umore. Umoretik begiratzen dio Munduari. Mugarik gabeko algarak erakarri nahi ditu, bereziki landa eremuan, ikuspegi feminista batetik, euskaratik eta euskaraz. Patxada tarte bat hartu eguneroko eroan eta gozatzeko parada izan. Hori eskaini nahi dio publikoari. Hori du helburu oholtzara igotzen denean. 

Lorena Arangoa Clown-a

Ongi etorri gure elkarrizketaren txoko honetara.

Eskerrik asko.

Solasaldia prestatzerakoan zalantzak izan ditut zure burua aurkezterako garaian, izan ere, izan zara sukaldari, goxoki saltzaile, fruta dendan aritua, zerbitzari, pailazo, clown.. nola definituko zenuke zure burua.

Oraintxe bertan aktore naiz, aktore lanetan aritzen naiz. Baina, gauza gehiago ere izan nahiko nuke. Espero dut horretarako oraindik denbora izatea… kar kar.

Irurtzunen gaude, zure herrian. Kultur Etxe hau zer da zuretzat?

Etxea. Hemen egin nuen nire lehen bakarrizketa. Nirebaitaturik. Eszenografia ekainean prestatu eta iraila arte izan zen hemen muntaturik. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Egun asko izan naiz hemen sarturik. Ia egunero.

Zer nolako harrera izan zenuen?

Arraroa izan zen. Bakardadeari buruz hitz egiten nuen obran. Ibizatik etorri berria nintzen. Han clown eskola batean aritu nintzen eta Arruitzera bizitzera joan berria nintzen, hemen inguruko herri txiki batera. Egunerokotasun horretan kasik ez nuen jenderik ikusten herrian. Halako batean leihotik norbait ikusten nuenean jaitsi egiten nintzen harekin hitz egitera. Eta hortik etorri zitzaidan ideia. Patxi Larrearekin obra hori lantzen hasi nintzen. Bakardadea islatu nahi genuen. Eta planteamendua izan zen: pertsona bati inguruko denak hiltzen bazaizkio? Alegia, txakurra, txoritxoa, arraina eta senarra. Denak hil egiten dira. Bakarrik gelditzen da eta hala bizi behar du. Horrela hasi zen bakarrizketa. Hori muntatu nuenean sekulako ideia iruditu zitzaidan. Eta jabetu ere ez nintzen egin, baina estreinaldiaren atarian konturatu nintzen ama alarguna dudala. Eta lehen egun horretan kultur etxeko eserlekuen erdi-erdian eseri zen. Antzezlanean ari nintzela, senarra hiltzen den momentuan, denok begiratu zuten nire ama. Eskerrak amari kontatua niola estreinaldiaren aurretik zein gai izanen zen nagusi eta berak argi esan zidan: ez naiz ni ba alargun bakarra izanen Munduan? Eta bai, hala da. Berarentzat ez zen arazo izan, baina jende askok galdetu zidan ea omenaldi moduko bat ote zen harentzat. Ez zen hala izan, agian bai moduren batean edo bestean.

“Umoreak ez luke mugarik izan behar dramak ez duen bezala”

Bakardadeaz aritu zinen duela zenbait urte iada. Gaur egun ere oso presente dugun gaia da.

Gaur egun are indartsuagoa litzateke obra bera agian. Presenteago dago.  Pandemia garaian agerian geratu zen zein bakarrik egon gaitezkeen eta ordutik esanen nuke egunerokotasunean dugun gaia dela.

Oso txikitatik igo zara zu horrelako oholtza batera. Noizbait esan diozu zure buruari: nik artista izan nahi dut?

Ba oso gogoan dut eskolako garaietan une bat bereziki. Kontxi irakaslearekin ginen. Zazpi-zortzi urte izanen genituen. Eta egun batez jarri gintuen gu, handitzerakoan izan gintezkeenaz hitz egiten. Zer ikas genezakeen. Zertan lan egin. Izan gintezkeela suhiltzaile, edo albaitari, edo arte dramatikoa ikasi antzezle izateko… eta hor, klik egin zidan buruak. Ez nekien hori ikas zitekeenik ere! Amari kontatu nion berehala. Nerabezaroan baina aldaketa izan nuen, baina orientatzaileei galdezka aritu ondoren bideratu nintzen berriz antzezlanaren ingurura. Ez lehen botean. Hasieran joskintza egitea proposatu zidaten antzezleak janzteko. Argi nuen hori ez zela nire bidea, nik antzeztu egun nahi nuen. Garai hartan ez zen ofiziala baina Nafarroako Antzerki Eskola bazen Iruñean. Oso potentea zen. Oinarri handia hartzeko bidea izan da.

Ordutik zure bidea ez da oso lineala izan, baina esanen nuke oparoa baietz.

Bueno. Bai. Egia da ez naizela gelditu. Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi nuen, eta oso gustura ibili nintzen. Bigarren mailan, izan genuen clown eskola. Hiruhilabeteko batez aritu ginen horretan eta asko gustatu zitzaidan. Baina gero sukaldaritza ikastera ere jo nuen. Hori ere asko nuelako gustuko. Praktikak egiten nenbilela atera zitzaidan aukera: Ibizako clown eskola. Eta seinaleari kasu egitea erabaki nuen.

Zer adierazteko erabiltzen duzu umorea?

Dena. Bai eszenatokian eta baita hortik kanpo ere. Edo haserre nago edo tontakeriak esaten ditut. Ez dut erdibidetik.

Eta zerbait izkutatzeko?

Baita, klaro.

Agian gehiago izkutatzeko adierazteko baino?

Segurtasun falta guztiak algarara eramaten badituzu errazagoa da, bai.

Umoretik ere gauza asko aldarrikatu daitezke. Feminismoa, euskara eta landa eremua.

Uau. Ze hiru hitz indartsu. Pozten naiz hori badatorkizu burura nire lanarekin. Hiru adierazle oso indartsu dira eta bai, esanen nuke nire lanean eta egunerokoan buruan ditudala.

“Emakumeen gorputz biluziek lehen kolpean eragiten duten barrea barrura begirakoa da, eskandaluzkoagoa. Gizonen gorputz biluziek sortzen duten erreakzioa guztiz barre axolagabea da algara”

Emakume izateak eragin dizu zure buruari mugak jartzeko?

Nik nire buruari eta publikoak ere jartzen duena. Oso konprobatuta dut, adibidez, gorputzarekin. Gizonezkoek askoz ere gehiago erabiltzen dute euren gorputza umorea egiteko. Ipurdia erakutsi, kamiseta kendu… Emakume batek egiten badu, berriz, publikoaren lehenbiziko harrera gehiago izaten da harriduratik. Gero bai, sartzen dira umore horretan. Nik eszenatoki gainean ipurdia erakutsi dudan guztietan lehenengo inpaktua izan da ai ama.. eta barrura egiten den barrea.

Eta gizonen kasuan guztiz bestelakoa da, kanpora egiten dute barre.

Bai, noski. Barre algara ozenak suertatzen dira halakoetan.

Eta ez duzu inoiz arazorik izan zure burua biluzteko.

Eszenatokian ez. Hondartzan agian gehiago.

Umorean, askoz ere gizon gehiago dago?

Ezagunagoak dira gizonak. Emakume asko daude umorea egiten. Nik ia gehiago ezagutzen ditut. Baina underground-ean gaude. Gutxiago ikusaraziak, soldata txikiagoekin… nahiz eta antzerkian publikoa %80an emakumea izan. Ez dakit zergatik gertatzen den hori.

Askotan esaten da umorea egitea zailagoa dela drama egitea baino. Ados zaude?

Neri errazagoa iruditzen zait umorea egitea. Konplexuagoa da drama. Polita eta interesgarria, baina zerbait egin eta jendeak barre egitea ikusgarriagoa da. Zerbait egin eta jendearen jarrera negar egitea bada… ez da horrenbeste iristen, ez dut horrenbeste sentitzen.

Aktore bazara eta zure obrak ere idazten dituzu. Nola jakiten duzu prestatzen duzun sketxa barregarria izanen dela?

Nire burua imajinatzen dut publikoan. Ikustea gustatuko litzaidakeena prestatzen ahalegintzen naiz.

Umoreak mugak izan beharko lituzke?

Ez dut uste. Dramak ez du mugarik. Pertsonaiei denetarik gertatzen zaie drametan eta inork ez du zalantzan jartzen. Umoreak zergatik izan behar du bada puntu bateraino?

“Ama Birjinaren inguruko artelanen bat eginen nuke; negozioa eten egin behar dela aldarrikatzeko”

Euskarak ateak ireki edo itxi egin dizkizu.

Zalantzarik gabe ireki. Erabat. Azkeneko obra Aranburugoitiarrak, herri-kirolen ingurukoa, euskaraz edo elebidun egiten dugu. Ez gaztelania hutsez, adibidez.

Sorkuntzatik ere naturalagoa da zuretzat euskaraz egitea?

Erdaraz asko sortu dut hala ikasi dudalako bai Nafarroako Antzerki Eskolan zen Ibizako clown eskolan, ikastaroak ere asko dira gaztelaniaz. Euskara erabiltzen hasi nintzenean jabetu nintzen askoz ere barregarriagoa naizela euskaraz erderaz baino. Inprobisatzerako garaian esaterako, askoz ere errazagoa egiten zait euskaraz aritzea. Politagoa egiten dut, gainera.

Landa eremuan aritzen zara asko. Baina egia da apenas iristen dela antzezlanik herrietara, bereziki txikienetara.

Alde batetik, aurrekonturik ez dutelako. Landa eremuan, hori bai, azken urteotan emakume talde ugari eratu dira eta indartsu daude ekimenak egiteko. Ofizial bilakatu dira zenbaitzuk eta horrek eragiten du ekonomikoki ere badutela gutxieneko oinarri bat. Antzezlanak eurenera eramateko baliatzen dute. Eta herri txikietan aritzeak dakar herri guztia doala zu ikustera. Aiton-amona, seme-alabekin familiak… eta denek gozatzen dute. Oso interesgarria da.

Aiton-amona horiek agian sekula gerturatu gabeak dira antzezlan batera.

Horietako asko amaitutakoan gugana gerturatzen dira. Hori pasada bat da. Gogoratzen dituzte garai batean komedianteak etortzen zirela herrietara. Ttikitako oroitzapenak dituzte. Baina hortik haratago asko ez dira kanpora joaten artea ikustera.

Zure kasara aritzen zara maiz. Prozesu osoa eramaten duzu aurrera: ideia izatetik antzezlana oholtza gainera jartzera arte. Nolakoa da egiteko hori?

Ideia batetik abiatuta taularatu nahi dudanaz hausnartzen dut. Hasiera eta bukaera pentsatzen ditut. Eta gainerakoa inprobisatzen joaten naiz. Oso garrantzitsua da niretzat amaiera argi izatea. Non bukatu nahi dudan. Norantza joan behar duzun jakitea.

Nolakoa da jasotzen duzun ordaina. Zure pertsonala eta ekonomikoa.

Ba ni zortekoa naiz aktore izatetik bizi naizelako duela hiru urte. Horren aldeko apustua egin nuen. Fruta denda utzi eta honetan sartu nintzen buru-belarri. Laugarren urtea izanen da oraingo hau.

Zer transmititzeko igotzen zara oholtzara?

Egonaldi on bat pasarazteko. Eguneroko bizi zama lasterretik aldenduta lasai eseri eta gozarazteko.

Mobila pizten duenak publikoan. Zer eragiten dizu?

Norbaitek mugikor deia jaso eta antzezlanaren erdian telefonoa erantzutera hausnartzen bada, nik ere gauza bera egiten du, haren albora gerturatu, bere telefonoa hartu eta antzezlanaren parte egiten dut.

Ikusi zaitugu printzesaz, etxekoandre ahaldunduz, pitonisaz, alargunaren paperean… orain, zer duzu buruan?

Ama Birjinaren inguruan bueltaka ari naiz. Amorrua ematen dit zer nolako bonboa ematen ari zaion horri azkenaldian. Rosaliaren lanarekin, influencerrak kristautasunari lotuak… utzi diezaiogun negozioa gorazartzeari! Ez dakit horren punky jartzeko moduan egonen ote naizen. Baina ideia badut. Gero, Milagros eta Valentina antzezlanaren bigarren partea ere sortzen ari gara.

Bertsolariak nola, inprobisatzen ere ikusten zaitugu azkenaldian. Nola egiten da hori?

Baditu bere egiturak nahiz inprobisazioan aritu. Joko bakoitzak baditu bere parteak. Oso dibertigarria da. Inprobisazioak badu lotura handiagoa zinemarekin antzerkiarekin baino. Lotura gehiago du. Ez duzu elementurik. Zure gorputza eta ahotsa dituzu. Momentuan sortu behar duzu dena horrekin. Imajinazioa gehiago doakigu pelikuletara.

“Nire ametsetako bat radionobela bat inprobisatzea da oholtza gainean”

Publikoaren hartu-emana ere proposatzen duzue.

Bai. Jendea asko lotsatzen da eta aldaketak egin ditugu. Hasieran ahots goran eskatzen genizkien ideiak. Orain, paperetan idaztea eskatzen diegu. Edozer gauza. Jendea libreago sentitzen da eta gauza oso potenteak idazten ditu.

Oholtzaren gainean askeago sentitzen zara bakarrik?

Bai. Zalantzarik gabe. Baina bakarrik ere sentitzen naiz.

Nola ikusten duzu antzerkia edo artea etorkizunean?

Ez dut asko planteatu. Nahiko nuke eskuragarria izanen balitz. Denontzako.

Amets bat ere baduzu. Irratiaren bueltan zerbait sortzeko.

Radionobela bat litzateke nire amets kuttunena. Ez dakit oso ongi zergatik. Baina eginen nuke. Oholtzan egitea. Radionobela inprobisatu bat. Hori da nire erronketako bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!