"Ez dugu ahaztu duela 50 urte, gaur bezalako egun batez atxilotu, torturatu eta ospitaleratu zutela Amparo Arangoa Satrustegi. Ez ditugu gure bihotz gorputzetatik ahaztu hurrengo egunetan Javier Yaben argazkilariak ateratako argazkiak, Amparoren ubeldurak eta herri oso baten samina. Arratsaldeko 15.00ak aldera, Leitzako Sarrio paper lantegiaren parean atxilotu zuten Amparo Arangoa ORTko militantea, kuartel etxean galdera batzuk egin ondoren eraman zuten Tolosara eta bertan torturatu zuten, hain izan ziren tortura basatiak, azkenerako Iruñean ospitaleratu egin behar izan zutela. Ospitaleko gelan bertan atera zizkion Ihabenek argazkiak. Zeruko Argian argitaratu eta ondoren, mundu osoan zabalduriko irudiek berretsi zuten Euskal Herrian torturatzen zela, bistan geratu zen delituaren gorpua. Tortura ez zen horregatik desagertu, baina Amparok begiak zabaldu zizkien hori ukatzen zutenei bere gorputzaren erakustaldi ausart horrekin. Horrela bilakatu zen Amparo torturaren aurkako sinbolo", esan du Jon Arangoak, Amparoren ilobak, atzo Leitzan egindako agerraldian.
Arangoaren kasua ez dela isolatua nabarmendu dute agerraldian, eta azken hamarkadetan Mendialdean 50 tortura kasu baino gehiago identifikatu dituztela adierazi dute, "Leitza, Larraun, Lekunberri, Goizueta, Araitz, Betelu eta Aresoko herritar ugariren giza eskubideak larriki urratuak izan dira Espainiar Estatuko Segurtasun Indarrek eragindako torturen ondorioz". "Garrantzitsua iruditzen zaigu errealitate hau gizarteratzea, gizarte eta memoria demokratikoaren eraikuntzan beharrezkoa delako Espainiar Estatuko indar polizialek egindakoak argitara ateratzea", gaineratu du. Horrekin batera aitortza eta erreparaziorako mekanismo ofizialak eskatzea, bizikidetza demokratiko bat eraikitzeko oinarrizko abiapuntua dela deritzote. Zergatik torturatu zituzten argitzeko garaia, metodo krudel horren aplikazioa noren aginduz ahalbidetu den, nork eta nola baimendu zuen jakiteko garaia dela iruditzen zaie, erantzukizun publikoak hartzekoa, eta, batez ere, inpunitatea amaitzekoa:"Aitortzarako garaia da, aitortza politiko eta sozialerakoa", gehitu dute.
Ekitaldi sorta, maiatzean
Herritar orori dei egin diote antolatutako ekintzetan parte hartzeko. Maiatzaren 15ean, 19.00etan Larraungo Gabari Gune Irekian: Arg(h)itzen dokumentalaren emanaldia izango da. Maiatzaren 22an, arratsaldeko 18:30etan Leitzako udaletxean Tortura: begirada historiko eta judiziala solasaldia Amaia Izko abokatuaren eta Iñaki Egaña historialariaren eskutik. Eta hirugarrenik, aitortza ekitaldia egingo da maiatzaren 31ean, eguardiko 12.00etan Leitzako Herri Aretoan, Minek ez gaitzatela lotu, jarrai dezagun hegan izenburupean.
Jon Arangoari Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.