Entzutekoak

Naroa Carrasco: “Frankismoan, oraindik ikertu gabe dauden errepresio modu ezberdinak eman ziren”

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 16a

1936ko estatu kolpearen ostean, Nafarroan ez zen gerra fronterik egon, baina bai errepresio giro itogarria. Testuinguru horretan kokatzen da Naroa Carrasco historialariaren ikerketa, sozialista nafarrak armada kolpistan “boluntario” gisa izena ematera behartuak izan zirenen kasuak aztertzen duena.

Nafarroan frankismo garaian, errepresioa ez zen soilik atxiloketa eta fusilamenduetara mugatu. Mehatxu giroak, beldurrak eta familiaren aurkako presioak hainbat sozialista eta sindikalista armada kolpistan izena ematera bultzatu zituzten, “boluntario” izenpean. Gehienak Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuan aritutakoak ziren.

Naroa Carrasco historialariak Nafarroako artxiboetan egindako hustuketa lanari esker, 98 kasu identifikatu ditu oraingoz. Profilak bat egiten du errepresioaren patroiekin: kasu asko Erriberan pilatzen dira, eta bereziki Sartaguda herria ageri da maiz, intzidentzia handiarekin. 

Kasu partikularrek errepresio horren dimentsioa agerian uzten dute, “beste errepresio batzuekin konparatuta zifrak txikiagoak dira baina, hala ere, esanguratsuak. Errepresioa metagarria zen eta boluntario gisa izena ematea ez zen modu isolatuan ematen. Norbanako hauek beste gertakari errepresibo batzuk sufritu zituzten”. 

Ikerketa honek erakusten du frankismoaren errepresioa poliedrikoa izan zela eta, oraindik ere, badirela gutxi aztertutako errepresio moduak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!