Milaka euroko kalte ordaina eta 62.000 euroko isuna ordaintzeko zigorra ezarri zieten Aroztegia auziko zazpi auzipetuei. Horri aurre egiteko dirua biltzeko kanpaina martxan da Aroztegiko Elkartasun Komiteak sustatuta. Helburua denen artean 70.000 euro biltzea da. Zigorra ez baitute ikusten zazpi herritarren kontra, herri oso baten aurka baizik. Garbiñe Elizegiri egin dio elkarrizketa Euskalerria Irratia gaur goizean (argazkian klik eginda entzun daiteke):
Otsailan abiatu zenuten diru-bilketa kanpaina. Nola doa?
Ongi egia erran. Ikusi dugu jendeak erantzun duela eta asteburu honetako ekitaldia kanpaina ixteko asmoarekin antolatu dugu. Aitzinetik ere bazen asmoa kantaldia egiteko eta jendea gero eta gehiago aportatzen ari dela ikusirik igandeko kontzertuarekin denen artean amaiera eman nahi diogu kanpainari.
Kantaldia iritsiko da igandearekin. Parte hartuko dutenen zerrenda ez da nolanahikoa.
Ez. Oso eskertuta gaude jende asko animatu delako, Euskal Herri osotik. Jendea kontent dago. Espero dugu herritarrak batzea emanaldi horretara. Lekarozko plazan izanen da. Akustikoan izanen da eta artista bakoitzak bi-hiru kanta eginen ditu, hori izanen da bakoitzaren aportazioa. Ostatua irekiko dugu eta arratsalde pasa polita izatea espero dugu. Aparkatzeko tokia ere Lekarozko kanpusean izanen da. Autoak konpartitzeko deia ere egin nahi dugu ekiditeko kotxe masifikazioa ahal den heinean. Asmoa, modu xumean egitea izan da baina agian txiki geratuko gara.
Zer da igandean erdietsi nahi duzuena.
Diru bilketa egiteko asmoarekin antolatu dugu. Ahal duenak diru-aportazioa egitea eskatzen ari gara, borondatezkoa izanen da. Eskertu ere egin nahi diegu kanpainan parte hartu duten guztiei. Ikusten ari gara denen artean lortu dugula jarri genuen helburua.
Eta leloa ere argi duzue, ez dira zazpi, herri bat gara.
Hasierako aldarrikapena izan da hori, bai. Argi dago zazpiren artean ez dela posible izan kanpaina hau egitea ezta errepresioari aurre egitea ere. Beste erakustaldi bat da erakusteko herri bat dagoela borroka horretan.