Entzutekoak

Sarah Mullally, Canterburyko artzapezpikua

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 14a

Eliza anglikanoak lehenengoz izendatu zuen emakumezko artzapezpikua iaz. Sarah Mullallyren inguruan mintzatu da gaur Bakarne Atxukarro 'Gizalabak'-en atal berrian

Gaur dakargun gizalaba Eliza anglikanoaren azkeneko Canterburyko artzapezpikua da, 2025eko urrian izendatua, eta aurtengo martxoan bere postuan hasi dena. 1960ko hamarkadan jaioa, Ingalaterran hazi zen, eta bere lehen bokazioa ez zen pulpituan hasi, ospitalean baizik. Erizaina izan zen, urte luzez. Ez edozein erizain: Osasun Sistema Publikoan (NHS) ibilbide luzea egin zuen, eta, azkenean, Erresuma Batuko erizaintzako arduradun nagusia bihurtu zen, oso gazterik. 

Eta hor, ospitaleetako korridoreetan, sufrimenduaren aurrean, entzuten eta zaintzen ikasi zuen. Beharbada han hasi zen bere bigarren bokazioa. 1998tik 2001era, Mullally ministro izateko trebatu zen. Teologia ikasi zuen Kenteko Unibertsitatean, eta diploma jaso zuen 2001ean. 2002an, 90eko hamarkadaren erdialdean, Eliza anglikanoaren araudiak emakumeak apaizgoan aritzea baimendu ondoren, apaiz ordenatu zuten. Ez zen ohiko bidea, baina berak ez zuen bi bizitza izan zituenik sentitzen: “bokazio bakarra” zuela esan izan du, zerbitzua. 

2004an, Erizaintza bulegoburu kargua utzi zuen lanaldi osoko apaizgoan aritzeko. Gero, teologia pastoraleko  masterra lortu zuen Londresko Unibertsitatean 2006an. Urte berean, St Nicholas elizako ministro taldeko errektorea izan zen Suttonen. Parrokiako lanaz gain, Etika irakatsi zuen, Eliza anglikanoaren lidergo-programa batekin konprometitu zen, eta Ingalaterrako Elizako elizbarruti-batzordean postu bat bete zuen. 2012tik 2015era Salisburyko katedraleko diruzaina izan zen. 

2015eko ekainean iragarri zen Mullally izango zela Creditoneko hurrengo apezpikua. Eta hala izan zen. Uztailaren 22an, Canterburyko artzapezpikuak apezpiku izendatu zuen, Canterburyko katedralean egindako zeremonia batean. Rachel Treweek eta bera izan ziren eraikin horretan apezpiku izendatu zituzten lehen emakumeak. Urte bereko irailean, Ingalaterrako Elizako lehen emakumea izan zen bi apaiz ordenatu zituena, bi emakume, hain zuzen.

2017ko abenduaren 18an, Londresko gotzain izendatu zuten, Eliza anglikanoko hirugarren kargu garrantzitsuena. Lorden Ganberaren barruan, lord espiritual kargua betetzen du. Erakunde horretan Errege Kaperako lehen diakono emakume izan zen.

2025eko urriaren 3an, Karlos III .a erregeak, Ingalaterrako Elizako buru gisa, Mullally izendatu zuen Canterburyko artzapezpiku berri, bere aurrekoak dimisioa aurkeztu baitzuen, eliza barruko sexu-abusu kasu baten kudeaketari buruzko kritikak  jaso ondoren. Bitxia da errege hori izatea historia egin duena Camila Parkerrekin ezkontzea debekatu zion elizan bertan. Baina hori beste istorio bat da…

Mullally  martxoan Canterburyko artzapezpiku bihurtu zen, eta lehen aldiz emakume bat anglikanismoaren buru  da. Ez da kargu hutsa. 85 milioi fededunen komunitate baten erreferentzia espirituala izatea da, mundu osora hedatua. Baina karguarekin batera, erronkak etorri dira: barne-zatiketak, sexu-abusuen eskandaluen itzala, eta eztabaida moral sakonak —hala nola sexu bereko bikoteen bedeinkapena edo heriotza lagundua—. 

Ea nola egiten dien aurre. Bere estiloa nahikoa lasaia dela esaten dute. Gustuko duela entzutea, eta konfiantza eskaintzea eta jasotzea. “Errukiz eta lasaitasunez gidatu nahi dut”, esan zuen kargua hartu zuenean. Eta hor dugu, ezkonduta dagoen eta bi seme-alabaren ama den erizain ohia orain Eliza anglikanoko  kargurik garrantzitsuenean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!