Gironari distiraz irabazita, Europara begira jarri da Alessio Lisciren Osasuna. Mailari eusteko helburua ondo bideratuta dauka, eta larunbateko garaipenari esker, hautagai bilakatu da ohorezko postuen borrokan.
Osasunak bidegurutzea topatu zuen Gironaren aurkako neurketan, eta ilusioaren bidean barneratu zen, irudi bikaina eskaini, eta hiru puntu mamitsu zakuratuta. Osasunaren joko bizi eta dominatzaileak ez zuen zerikusirik izan aurreko hiru partidetan eskainitako bertsio ahul eta indargearekin. Maila handiko taldea da Girona, baina gorritxoak gainetik igaro zitzaizkion, lehen zatian batez ere.
Hori bai, Sadarreko zaleek asko itxaron behar izan zuten garaipenaren gola ospatzeko. Paulo Gazzaniga atezaina gaindiezina izan zen nafarrentzat, harik eta 80. minutuan Budimirrek burukada itzel batekin gainditu zuen arte. Harekin batera, Victor Muñoz izan zen partidako protagonista nagusia, bere korrikaldi etengabeekin anabasa eragin baitzion Gironari.
Gauzak hala, Osasuna hamargarren postuan joango da geldialdira, 37 punturekin. Orain indarrak berritzeko garaia izango du, eta azken txanpan, Europako ametsaren atzetik ibiliko da.
Txanponaren beste aldean, atzo Josu Dominguezen Osasunak 1-0 galdu zuen Valentzia aurkari zuzenaren zelaian. Etxekoek 63. minutuan hartu zuten aurrea, eta gorritxoak ez ziren erantzuteko gai izan. Hala, esku hutsik geratu ziren galdu gabeko hiru partidaren ondoren. Ia ziurra da Osasuna playoffetan izango dela, baina ahalik eta posturik onena lortzea komeni zaio.