Leire San Martin: "Desmitifikatzeaz gain, sorgin-ehiza emakumeen kontrako indarkeriaren paradigman kokatu beharra dugu"

Miren Mindegia Petrirena 2026ko urtarrilaren 2a

Leire San Martin Marcos historialariak Nafarroako eta, zehazki, Iruñeko sorgin-ehizaren fenomenoa aztertu du. Katakrak argitaletxeak plazaratu du lana, 'La caza de brujas en Pamplona' izenburupean.

Historian banalizatu eta mitifikatu den gertakari bat egon bada, hori sorgin-ehiza izan da. Milaka emakume hil zituzten sutan sorginkeria egotzita eta oraindik ere estigmatizatua izaten jarraitzen duen figura da sorginarena. Baina emakume horiek idarkeria basatia jasan zuten, patriarkatua eta boterea oinarrian zituen indarkeria. Iruñea ez zen salbuespena izan. Leire San Martin Marcos arte historialariak nafar hiriburuan sorgin-ehizaren fenomenoak sortutako itzalaren inguruko ikerketa zabala egin eta argitaratu du Katakrak argitaletxearen eskutik: La caza de brujas en Pamplona. Sala del tormento, procesión infamante y hoguera. 

Egilearen aburuz, sutan hiltzera kondenatzea zigor gogorrena izan zitekeen, baina ez bakarra: "Sorgintzat hartzen zituzten emakumeak betiko markatuta gelditzen ziren. Horietako askok desherriratze zigorrak jasaten zituzten, eta hori bizitzan hilik egotera kondenatzea bezalakoa zen. Pertsona horiek bakartuak eta isolatuak gelditzen ziren betirako, ez zuten aurrera egiteko aukerarik izaten". Hala, gertakari historikoaren berrirakurketa bat egiteaz gain, egiteko asko gelditzen dela ere azpimarratu du: "Sorginaren irudia desmitifikatzeaz gain, sorgin-ehizaren fenomenoa emakumearen kontrako indarkeriaren paradigmaren baitan kokatu beharra dugu". 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!