Oier Zuñiga: "Ez da posible politikoki inplikatua ez den antzerki bat egitea"

Miren Mindegia Petrirena 2025eko abenduaren 30a

Estreinatu berri den Nor naizen baneki antzezlanarekin buru-belarri dabil Oier Zuñiga (Iruñea, 1986) aktorea. Antzerkiaz eta kulturaz orokorrean mintzatu gara aktorearekin Iruñeko Laba espazio berrituan.

Laba elkarteko espazio berri honetara etorri gara, Oier; txoko polita, berezia, eta oso garrantzitsua iruindarrontzat, ezta?

Bai. Uste dut oso mugarri garrantzitsua izan dela iruindar euskaldunontzat, eta betetzen ari da bere bidea, orain berrituta. Zerbait hartu, bazkaldu, ekitaldi batez gozatu… Horren adibide da egunero bete-beteta izatea.

Gainera, zu honen parte ere bazara; saltsa betean sartuta daude. Zer sinbolizatzen du toki honek zuretzat?

Bazkide asko gara eta ahal dugunean gure aletxoa jartzen ahalegintzen gara. Urte eta hamarkada luzez euskaldunak baztertuta izan gara gure hirian, eta hau konkista txiki bat da; hori sinbolizatzen du niretzat. Iruñeko erdigunean, Gaztelu plazaren egongela erraldoi honetan, horrelako txoko bat gurea eta guretzako izatea konkista txiki bat da.

Apurka bagoaz konkistatzen hiria, eta gureganatzen, nolabait. Bete-betean zaude Nor naizen baneki antzezlanarekin orain; estreinatu berri, gainera. Ze gorputz duzu estreinatu berri duzun honetan?

Nekea; kar-kar. Fisikoki sorkuntza potentea izan da. Ia bost aste luzez ibili gara buru-belarri goizez eta arratsaldez lanean. Baina, aldi berean, ase eta pozik nago. Pozik lanarekin, emaitzarekin eta lantaldearekin, eta bereziki pozik lehen emanaldietan publikoak izan duen harrerarekin. Beraz, ezin dut gehiagorik eskatu. Nekea arinduko da, baina gure poza eta lanaren emaitza hor dago.

Sortzaile zaretenentzat, estreinaldi momentuak oso gorenak dira, ezta? Zuk nola bizi izaten dituzu une horiek? Baduzu estrategiaren bat edo horri aurre egiteko moduren bat?

Estrategiak egunaren arabera doaz aldatzen eta moldatzen. Baina bai; estreinaldi bat bada, nolabait, lan-prozesu baten lehen emaitza eta beste bide baten hasiera. Ez da ezer amaitzen hor, baina bai abiatzen dela ikuskizun edo sorkuntza baten bidea. Beraz, urduritasun asko nahastu egiten dira, aipatu dudan nekea… Baina, aldi berean, gogoa eta plazera; publikoaren aurrean egindako lan eta ibilbide guztia konpartitzearen plazera.

Beti pentsatzen dut horretan antzezlan bat ikusten nagoenean eta aktoreak ikusten ditudanean: oholtzara atera aurreko segundo horietan non jartzen duzu zeure burua?

Zaila izaten da. Askotan esaten dugu aktoreok urduritasuna ez zaigula sekula joaten, eta jendeak ez digu sinesten. Hasi aurreko minutu horietan sartzen zaizu horrelako beldurraren antzeko zerbait, sentsazio bat, inoiz emanaldi batean ere joaten ez zaidana. Dugun pasioaren eta ofizioarekiko arduraren emaitza dela uste dut. Beraz, atera aurretik saiatzen naiz kontzentratzen, neure buruarekin konektatzen eta arnasketak egiten, ahotsarentzat oso onak direlako. Dena ahaztu eta mundu paralelo horretan ahalik eta hoberen bidaiatzera sartzen naiz.

Seinale txarra izango litzateke hori ez sentitzea.

Uste dut errespetua zor diogula ez bakarrik ofizioari, baizik eta antzerkia den erritu horri. Errespetu hori ez badago zaila da erritual hori ematea; antzerkiak duen hemengo eta oraingo magia hori.

Magia aipatuta, emozioekin lan egiten duzue, azken batean.

Bai, emozioekin lan egiten dugu, baina gizakiok emozioak etengabe ditugu. Eta oso aldakorrak dira. Triste gaudela pentsa dezakegu, baina triste egotearen barruan kristoren bidaia dago, emozioen errusiar mendi bat. Eta aktoreok horrekin guztiarekin ere lan egiten dugu. Guk ditugun emozioekin eta pertsonaiak dituen emozioekin. Eta hori nola egiten dugun? Nik, askotan, ekintzak aipatzen ditut. Pertsonaia horrek momentu edo egoera horretan egiten dituen ekintzek zerbait probokatzen diote eta zerbait probokatzen dute beste pertsonaiengan eta publikoarengan. Hartzen ditugun erabaki horiek mugitzen gaituzte barnetik.

Pertsonaia bat iristen zaizunean horri guztiari aurre egin behar diozu; abentura bat izan behar du pertsonaia berri bat esku artera iristen zaizun bakoitzean.

Kristoren abentura da. Eta, batzuetan, nahiko argi ikusten duzu dena, pertsonaia bera, bat-batean hitz, ekintza edo esaldi batean zerbait ikusten duzulako. Eta beste batzuetan, irakurri eta irakurri eta ahots altua esan eta probatu… Etengabeko lana egin behar duzu bide hori topatzeko. Hitz egiten dugu beharrezkoa delako, baina gure ofizioan pertsonaiarik ez dago aktorerik gabe. Pertsonaia aktorea da. Haren aurpegia delako, nire gorputza delako, haren ahotsa delako, haren keinuak direlako. Bagara gu, beste imajinaziozko egoera batean.

Oso lanbide bitxia da. Magikoa. Ikus dezakezu aktore bera pertsonaia ezberdinak egiten, eta zeure buruan ez dira pertsona bera.

Baina, aldi berean, ni naiz fisikoki. Gure baitan pertsonalitate asko daude, eta gero erabakitzen dugu zer erakutsi eta zer ezkutatu. Horren arabera ere egiten gara gizakiok jendaurrean. Eta antzerkian saiatzen gara aurpegi asko azaleratzen eta agerian uzten, jendeak ikus ditzan.

Berria egunkarian berriki argitaratutako elkarrizketa batean, Bernardo Atxagak hausnartzen zuen antzerkiaren gainean. Hurrean, esaten zuen: “Eskerrak fikzioari, eskerrak antzerkiari, hari esker azaldu dezakegulako gizartean eta eguneroko bizitzan dagoen geruza faltsu guztia”. Alde hori ere badauka antzerkiak, ezta? Ispilu bat jartzen digu aurrean.

Erabat. Ez bakarrik antzerkiak, baina uste dut antzerkiak parez pare jartzen gaituela hemen eta orain pertsona fisikoekin, haien ahotsekin, haien arnasarekin. Ez dago tarteko filtrorik, zineman egon daitekeen bezala. Literaturan ere antzekoa gertatzen da; idazle batek lehenago idatzitakoa imajinatzen dugu. Antzerkiak erakusten digu gure egunerokoan zenbateraino ezkutatu eta zenbateraino agerian uzten dugun. Denok dugu lagunen bat “ongi nago” esaten dizuna, baina berehala sumatzen diozu ez dagoela ondo. Hori guztia antzerkian zuzenean ikusten dugu bete-betean.

Axut!-en eta Artedramaren antzezlana da egiten ari zareten hau. Talde horiek egiten duten antzerkiak badu konpromisotik edo politikotik. Posible da politikoa ez den antzerkirik egitea?

Nik uste dut ez dela posible politikoki inplikatua ez den antzerki bat egitea. Hain zuzen ere, Atxagak hain ongi azaltzen zuenagatik. Gure jendartearen ispilu bat jartzen du antzerkiak. Eta oholtzara igotzen garen bakoitzean badugu ardura bat, eta, are gehiago, euskaraz sortzen dugun sortzaileok. Gure herriarekiko, gure komunitatearekiko eta gure hizkuntzarekiko ardura bat dugu. Artedramak eta Axut!-ek hori oso presente dute beren lan guztietan. Horrek ez du esan nahi panfleto politiko bat egiten duzunik. Egin daitezke satira politikoak, eta badira horretarako espazioak, baina gure herrian gertatzen denaz, dauzkagun ametsez, dauzkagun kezkez hitz egin behar da, eta antzerkia horretarako oso ona da.

Ardura hori oholtzatik behera ere eramateak karga bat dakar aktoreentzat? Nabaritu izan duzu presio hori?

Ez dut presio berezirik nabaritu izan, nire bizitzan gustatu izan zaidalako betidanik konprometitua izatea. Alde batetik, etxean jaso dugulako, Iruñean bizi garelako eta tokatu zaigulako gauza batean edo bestean konprometitzea. Ez bada auzoko festetan izan, izan da euskararen alde edo beste mila saltsatan. Eta niri bezala, beste milaka herritarri. Beraz, ez zait arraroa egiten nire ogibidean ere nire kezkak, ametsak eta beharrak mahaigaineratzea. Ofizioa ez dut ikusten nire bizitzatik aparte.

Nola definituko zenuke zuri egitea gustatzen zaizun antzerkigintza mota?

Ze galdera zaila… kar-kar. Antzerki mota asko dago, eta egiteko modu asko. Niri gustatzen zait, edo saiatzen naiz egiten, hunkitzen nauen eta ikustea gustuko dudan antzerkia. Eta zaila da, antzerkigileok badugulako ezpata bat gainean behin profesioko kideak garenean oso zaila delako zerbaitek arreta deitzea eta zerbait gustuko izatea. Baina lortzen duzu besteek egiten duten lanekin emozionatzea, ikustea zer dagoen horren atzean, sentitzea zer adierazi nahi duten… Hori da gustatzen zaidan antzerkia. Antzokitik ateratzea eta sentsazioak izatea.

Hor arrakastaren ideia ere sartzen da. Oso ideia labainkorra da, arrakastaren kontzeptua definitzea ez delako erraza; zer da, zure ustez, arrakasta erdiestea?

Oso konplikatua da, orain bizi garelako momentu batean non arrakasta neurtzen den behin bakarrik leku handi batean milaka eta milaka pertsona kontzentratzearen merituan. Hori bada meritua, ez da erraza 15.000 pertsona batzea X lekutan, eta lan hori egitea garrantzitsua da. Baina arrakasta, nire ustez, ez da bakarrik horretan neurtzen. Hori urtean behin gerta daiteke, berdin zait bertsolaritza final batean, jaialdi batean edo kontzertu handi batean. Kontua da zein arrakasta txikiak dauzkagun bide horretan. Eta horretan literaturak, musikak, arte plastikoek, antzerkiak… etengabe lortzen ditugu arrakastak, egunero. Nola betetzen ditugun antzokiak, nola ehunka jende etortzen den asteburu batetik bestera gu ikustera, gure hizkuntzan eta komunitate baten parte izatera. Nire iritziz, hori are arrakastatsuagoa da.

Gainera, arrakastak sare sozialen garaian hartu du beste forma bat ere, zurea bezalako ofizioetan arriskutsuak izan daitezkeenak. Ematen den irudiarekiko menpekotasuna dago; zu zer moduz moldatzen zara?

Ahal dudan moduan; kar-kar. Ez naiz oso aritua sare sozialetan, baina beharrezkoa denean ere igotzen ditut gauzak, eta tresna inportanteak iruditzen zaizkit informazioa helarazteko eta zertan ari zaren partekatzeko. Hemen gertatzen dena da sortzaileok ogibide prekarizatua baldin badugu eta gure egoera beti baldin bada oso aldakorra, gaur egungo informazioaren makrosistema honetan, beste ogibide bat gehitzen zaigula. Eta guk izan behar dugu gure community manager-ak, guk landu behar dugu gure irudia, eta sorkuntza propioak egiten ditugunean, proiektu txikietan, ofizio asko jorratzera erabat kondenatuta gaude. Badute tranpa txiki hori sare sozialek. Ni aktorea naiz, ez naiz influencerra. Baina ez bazaude adi, ematen du ez zaudela lanean.

Ez da erraza balantza hori, ez. Nola esango zenuke dagoela antzerkiaren osasuna Euskal Herrian? Ez dakit ez ote diren prekarizatu gehiago lanbide hauek…

Ez gaude momentu onean. Pandemiak mozketa bat eragin zuen; bereziki, zuzeneko arte eszenikoetan. Musikan ematen du makroekitaldiek izan dutela horrelako gorakada bat, baina formatu txikiko zuzeneko ikuskizunetan beherakada bat gertatu da. Hala ere, barrera horiek haustera gatoz. Esango nuke kaleko antzerkia hasi dela zabaltzen. Orain abiatu dugun Nor naizen baneki obrarekin emanaldi gutxi izan badira ere, bete egin dira eta sarrerarik gabe geratu da jendea. Uste dut berriro ere hartu diogula gustua, eta espero dugu hedatzea zinemara eta bestelako ekitaldietara ere.

Artea eta antzerkia beti izan dira beharrezkoak, baina garai zehatz batzuetan esango nuke hartzen duela garrantzi berezi bat. Uste dut bagaudela horrelako garai batean. Eskuin muturra eta diskurtso erreakzionarioak bete-betean ditugu. Horrelako garaietan garrantzi handiagoa hartzen du antzerkiak?

Zalantzarik gabe. Arteak orokorrean, esango nuke. Ezinbestekoa dugu, eta are gehiago gurea bezalako herri batean, non kolonizatuak bizi garen, non mehatxupean dagoen gure hizkuntza. Pentsatzen dugu urrun geratzen zaizkigula gorroto diskurtso horiek, diskurtso faxista horiek, baina gero eta gertuago ditugu. Uste ez genuen pertsona horiengan, gertu ditugun bizilagunengan… Horregatik, adi egon behar dugu. Horretarako, sorkuntza ezinbestekoa da. Eta are gehiago zuzeneko ikuskizunak iruditzen zaizkit, lehen aipatu dudanaren ildotik, bete-betean jartzen gaituztelako ideiak, kezkak eta beharrak transmititzen dituzten gorputzekin. Zuzeneko talka horrek bestelako eragin batzuk ditu gure gorputzetan, eta, horrenbestez, gure emozio eta pentsaeretan.

Bukatzen joateko, Oier, orain Nor naizen baneki antzezlanarekin zabiltzala; antzerkiak balio du etorkizun posibleak irudikatzeko, ezta?

Balio du eta bere betebeharra ere bada. Utopiak, ukroniak, elkarrekin pentsatzeko eta esperimentatzeko oso tresna egokia da. Ez bakarrik iraganari begiratzeko. Nor naizen baneki obran oso ondo enpastatzen da hori. Iragana berrikustearen aitzakiaz orainari egiten dizkiogu galderak. Nor gara, zer gara, nondik gatoz, zer gara euskaldunak, zer da gure hizkuntza… Hori guztia modu zuzenean edo zeharka galdetzen diogu geure buruari guk.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!