“The Fall” odisea bat da giza irudimenaren barna. Tarsem Singh zinema zuzendari indiarrak zuzendutako filma 2006an estreinatu zen. Filmak 1920ko hamarkadan kokatzen gaitu, ospitale batean. Bertan, Roy izeneko pelikuletako ordezkoa dago, pelikula bat grabatzen ari zirenean zubi batetik erori zen eta istripu horretan hankak mugitzeko gaitasuna galdu zuen. Ospitale berean Alexandria izeneko bost urteko umea dago; beso bat apurtu du istripu batean, bera ere erorita. Royk bere ospitaleko ohetik istorio fantastiko bat harilkatzen du umearentzat: narrazio baten barruko narrazio horretan paisaia ederrak eta exotikoak agertzen dira, bost pertsonaia koloretsuekin hornituta.
Roy da istorioaren narratzailea hasieran baina dena Alexandriaren irudimenean gertatzen da. “Itxi eta igurtzi begiak” esaten dio Royk hasieran, eta hor izarrak ikusten ditugu eta Alexandriaren irudimenean murgiltzen gara.
Neskatoak bere eguneroko pertsonak Roy-ren narrazioan irudikatzen ditu. X izpien eskaner bat egiteko armadura moduko bat daramaten ospitaleko langileek beldurra ematen diote, beraz, historian soldadu gaiztoak dira, Odious enperadorearen laguntzaileak. Historiako 5 heroietako bat deskribatzerakoan, Royk pertsonaia indiarra dela dio, Alexandriak amerikako pertsona natibo bat bezala irudikatuko zuela pentsatuz, baina Alexandria bere haurtzaroan Indian egon zenez pertsona indiar bat bezala irudikatzen du. Beste heroietako bat, maskara eramaten duen bidelapurra, narratzaileak Alexandriaren aita bezala deskribatzen du hortzetan hutsune bat duelako, umeak bezala, baina Royk haurraren aita hilda dagoela jakiten duenean, fantasia aldatzen da: mozorrotutako bidelapurra Roy dela erabakitzen du umeak.
Beraz, errealitatea eta narrazioa nahasten doaz, eta Alexandria pixkanaka konturatzen da Royk kontatzen ari duen istorioak zerikusi handia duela bere bizitzarekin: pertsonaietako batzuk dorreetatik erortzen dira, traizionatuak izaten dira...Royren traumak mundu oniriko honetan islatzen dira. Plano bakoitza zehatz-mehatz egina dago ikusleak beste mundu batera eramateko; estetikoki oso ederra den pelikula da. Pertsonaiek modu antzeztuan hitz egiten dute, Hollywoodeko zinema mutuko lehen lan horietan bezala.
Filmaren ekoizpena pelikula bera bezain epikoa izan zen. Singhek efektuak alde batera utzi zituen eta benetako kokalekuetan grabatzea erabaki zuen. Erabaki horren ondorioz, ekipoa urrutiko inguruneetara joan zen. 19 urtez egon zen lokalizazioak bilatzen, eta argazkiak atera zituen filmatu nahi zituen lekuetan. Namibiako basamortuetatik hasi eta Baliko oihanetan amaitu: 20 herrialde baino gehiago bisitatu zituzten.
Gero 9 urte eman zituen haurraren bila, eta Errumanian aurkitu zuen: Catinca Untaru. Ez zen aktorea, baina izugarri ongi egiten du pelikulan. Catinca aurkitu zuenean esan zuen: grabatu egin behar dugu orain, bestela umea haziko egingo da. Catincaren naturaltasunari eta errugabetasunari eusteko, sinetsarazi zioten Royren aktorea, Lee Pace, gurpil-aulkian zihoala eta ezin zituela hankak mugitu. Umeak arretaz entzuten zituen bere istorioak eta erreakzionatu egiten zuen naturaltasunez: gidoia asko aldatu zen, biek inprobisatzen zituzten gauzengatik.
Pelikula argitaratu zutenean harrera kritiko nahasia izan zuen. Batzuek haren distira bisuala eta originaltasuna goraipatzen zuten; beste batzuek, berriz, haren egitura narratiboa zalantzan jartzen zuten. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, filmak jarraitzaile sutsu batzuk lortu ditu eta kultuko klasikotzat hartzen da orain. Zuzendariak elkarrizketa batean esan zuenez, maite duten eta filma gorrotatzen duten jendeak gogoko ditu, baina ezin duena aguantatu axolagabetasuna da.