Iñaki Sanz Azkue: “Iratzea bezalako ongarririk ez dago”

Euskalerria Irratia 2025eko urriaren 15a

‘Iñistorketan: Iratzearen kultura Urumea bailaran paisaia, ondarea eta memoria’ liburua aurkeztu du Iñaki Sanz Azkuek Aranzadi Zientzia Elkartearekin

Mendeetan zehar iratzea ezinbesteko lehengaia izan da baserrietan. Abereei azpiak egiteko erabili izan da batez ere, eta ondoren, hortik ongarria egin eta baratzean eta soroan zabaltzeko. Hala, horiek ekoizpen ona izatea nahi bazen, ezinbestekoa zen iratzea urtero moztea. Horrek, ordea, gatazka asko ekarri izan ditu, iratzea lortzeko lehian aritu direlako herritar asko. Hori dela eta, udal askok arauak jarri behar izan zituzten mozketak kontrolatzeko eta eztabaidak baretzeko.

Ikerketa honetan, Urumeako eta batez ere Hernaniko kasua aztertu dira. Bertan, iratzearen mozketek eragin oso handia izan zuten, ez soilik herritarren eguneroko bizimoduan, baizik eta paisaian, udal mailan eta herri-lurren pribatizazio prozesuan. Iratzeari loturiko kultura eta paisaia kultural oso bat sortu zen, eta egun, oraindik ere duela hamarkada gutxi arte iraun duen kultura horren arrastoak aurki daitezke. Liburu honetan, iratzearen kulturak XIX. mendetik gaur arte bailaran egin duen ibilbidea eta izan duen eragina aztertzen da. Paisaia, ondarea, memoria, gerrak, eguneroko lana eta beste hainbat kontu nahastuz.

Iñistorketan: Iratzearen kultura Urumea bailaran paisaia, ondarea eta memoria liburua argitaratu dute Aranzadirekin Josu Narbarte arkeologoak, Maite Esarte eta Suberri Matelo etnografoek eta Iñaki Sanz Azkue biologoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!