Blanca Carballo: “Liburuaren helburua herrietako emakumeak ikusaraztea da: haien istorioak, eginkizunak eta lanak”

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 26a

Emaztekiak historian, emaztekien ixtorioak liburua Aezkoako emazteki guztientzako omenaldia da. Gure Aizpea elkarteak artxiboak eta testigantzak biltzeko egindako lanaren emaitza

Izendatzen ez dugun izana, atzentzen da. Ideia hau abiapuntu hartuta ikerketa lan sakona egin du Gure Aizpea emakume elkarteak. Honen emaitza Emaztekiak historian, emaztekien ixtorioak liburua da. Irailaren 5ean Ariben Aezkoako Etxean aurkeztu zuten liburu honetan bailarako emakumeen istorioak, zereginak eta lanak jasotzen eta aztertzen dira. Aezkoako emazteki guztiendako omenaldia da.

Urteetan atzera egitea eta herri txikietako emakumeen inguruko informazioa bilatzea ez da prozesu erreza izan, Blanca Carballo Erbururen azaldu digun bezala: “Testu edo artxibo ofizialetan emakumeen inguruko oso informazio gutxi dago, zeharko moduetan bilatu behar izan ditugu. Artxiboetan bilatzeaz gain, herrietako emakume helduekin hitz egin dugu ere eta beraien bizipenak kontatu dizkigute”. Hala ere, Blancak nabarmendu du prozesua oso aberatsa izan dela: “Emakume hauekin hitz egitea eta beraiek kontatutakoa liburuan jasotzea oso esperientzia polita izan da.

Proiektu honen abiapuntua Aezkoako emigrazioari buruzko liburu bat izan zen. Informazio bilketa prozesuan konturatu ziren bailarako emakume asko emigratu behar izan zutela. Blanca Carballok azaldu digun bezala, “Urtero baina hilabete zehatz batzuetarako joaten ziren. Batzuk udazkena eta negua, hau da, 6 hilabete iparralden pasatzen zituzten. Artaldeekin lan egiten edo iratzea eta artoa biltzen eta gero lantegietan geratzen ziren. Beste batzuk, XX mendean batez ere, udaberrian eta udan joaten ziren hoteletan eta ostalaritzan lan egitera". Honen harira, Lohitzune Amatriak azpimarratu du: “Ikusezin izan dira migratu diren emakumeak. Askok emigratu behar izan zuten eta beste kasu askotan gizonak joan ahal izateko emakumeek lan handia egin behar izan zuten”. Kapitulu baten tituluak dioen gisa “Erdiak gibelean utzi askos, ezin dugu altzina ein”. 

Ikerketa eta koordinazio lanetan aritu den Blanca Carballo Erburu eta maketazio lanak egin dituen Lohizune Amatria Zabala Guardasola saioan egon dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!