Zientzia uhinak

Iñaki Eguren Santamaria: "Minbiziaren kontrako ikerketan inmunoterapiak emaitza esanguratsuak eman ditu"

Euskalerria Irratia 2025eko urriaren 2a

Iñaki Eguren Santamaria mediku onkologoa eta ikerlaria da, ezohiko elkarketa izanagatik, ikuspegi abantailatsua ematen dioen faktorea. Minbiziaren kontrako ikerketan eman diren azken urratsetaz aritu gara 'Zientzia-uhinak' sekzioaren lehengo atalean

Pazientearekiko arreta zuzena eta ikerketa zientifikoa. Bi alderdiak uztartzen dira Iñaki Eguren Santamariaren ibilbide profesionalean, ikuspegi berezia ematen dioen faktorea. Minbiziaren kontrako ikerketan azken urteotan eman diren aurrerapauso nagusiak azpimarratu dizkigu: "Kimioterapia da tratamendu ohikoena eta ezagunena, baina azkeneko urteotan aurrerapauso garrantzitsuenak beste bi ikerketa alorretan eman dira gehienbat. Alde batetik, mutazio zehatzetara bideratutako tratamenduak; eta bestetik, eta honetan jarduten dut nik gehien, inmunoterapia tratamenduak". 

Azken honetan eman omen dira emaitza esanguratsuenak azkeneko urteotan. "Honen ezaugarri nagusia da norbere defentsak erabiltzen direla gaitzaren aurka egiteko. Zelula tumoralak hausten dituen azken molekula norbere sistema inmunitarioak sortutako molekula bat delako". Kimioterapia tratamendua izaten da gaur egun minbiziari aurre egiteko tratamendu ohikoena, baina onkologoak azpimarratu bezala "oso eraginkorra da kasu batzuetan, baina ondorio latzak izaten ditu maiz eta batzuetan ez da gaixoa guztiz sendatzeko gai". Abiapuntu horretatik, bestelako terapietan ikertzeko bideari ekin zaio azkeneko urteotan, eta testuinguru horretan kokatzen da inmunoterapia hain zuzen ere. 

Ikerketa traslazionalaren arrakalak azpimarratu ditu Egurenek. Izan ere, ikerketa eremuan lortzen diren emaitzak maiz ez dira ondoren gaixoekin praktikan jartzerakoan lortzen diren berdinak. "Laborategiaren eta ospitalearen arteko diferentzia horiek azaltzeko, baliteke bi tokietako praktiken arteko aldea izatea arrazoia. Eta praktika horiek desberdintzen dituen faktore nagusia da animalien edo gizakien zelulak erabiltzean datza". Horrexegatik, giza laginak erabiltzean lortu daitezke emaitza esanguratsuenak, nahiz eta ez den erraza suertatzen. "Saiatu izan gara ospitalean hartzen diren biopsiak laborategira eramaten, giza jatorria duten laginak erabiliz. Ezagutza toki batetik bestera eramateari deitzen zaio ikerketa traslazionala". 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!