Hasier Larretxea: "Ttikitatik ohartu nintzen bideak hautsiko nituela"

Miren Mindegia Petrirena 2025eko irailaren 8a

Bere azken hiru liburuen poemarik esanguratsuenak Itzalen kartografia liburuan batu ditu Hasier Larretxeak (Arraioz, 1982). Madrilen bizi arren, Iruñeko Karrikiri dendan elkarrizketatu du Baztango poeta TTAP aldizkariak.

Kaixo, Hasier, ongi etorri TTAPera!

Mila esker, Miren. Plazera da.

Badakigu azkenaldian Madril duzula bizitoki, baina geroz eta gehiago etortzen zarela Nafarroa aldera. Gaur Karrikiri dendan elkartu gara, euskal literaturarentzat gotorleku eta arnasgune izan den toki berezi honetan. Zer esanahi du zuretzat?

Niretzat euskal literaturaren ale horiek topatzeko gunea eta musikagintzan ere aurkikuntza berriak egiteko txokoa izan da. Baita ere solasean aritzeko topagune aski garrantzitsua, bai.

Garrantzitsua eta gozoa. Behin baino gehiagotan egon zara hemen zure lanen bat aurkezten. Oraingoan, lan berri batekin zabiltza: Itzalen kartografia. Zure poema hautatuen antologia moduko bat da. Ariketa horren beharra zenuen zure bizitzako momentu honetan?

Zorizko modu baten egin dut, eta egia da introspekzio-ariketa interesgarria eta garrantzitsua dela. Aitor dut erronka handia izan dela, berez, Logroñoko Agosto Clandestino jaialditik gonbidapena jaso nuela, eta bertan argitalpen txikiak egiten dituzte, 300 alekoak, eta pentsatu nuen ohiko antologia bat bidali beharrean euskarazko azkeneko hiru liburuetatik ez nituela poemak gaztelaniara itzuliak. Beraz, hortxe ibili naiz, jakinik ez naizela itzultzailea eta jakinik interpretazio berriak direla. Ohartu naiz ere egile baten obran murgiltze horrek eramaten zaituela iragan batera eta ustez gibelean utzitako elementu horiek berriz ere ukitzen heltzen zarela.

Bada errebisio-ariketa moduko bat ere. Nola sentitu zara hori egiten?

Konplexua da ariketa. Ohartzen zara zeure burua edo bizitza egon dela atal edo une ezberdinetan. Eta liburu bakoitza horren erakusle den heinean, horri ere aitzin egiten diozu, nahiz eta batzuetan ariketa oso exijentea izan. Gertatu izan zait poema batzuekin ez naizela moldatu eta horiek alde batera uzteko hautua egitearena. Eta, gehienbat, etorri zaizkit iraganeko itzal horiek, iraganeko zantzu horiek, iraganeko ohiko gaiak ere bai: adibidez, katolizismoak zenbati nola mugatu gaituen, landa-eremua, sinbologia… Itzal eta argi artean joan naiz aitzineko Hasierrekin solasean.

Ez dakit, nolabait, baketzen ere lagundu dizun. Hori ekartzen du zauriak errebisitatzea?

Aunitz. Gainera, nire kasuan, erran duzun moduan 19 urte daramatzat Madrilen, baina hilabeteak dira fisikoki hemen presenteago nagoela. Literaturarekin egiten nuen memoriaren ariketa, hurbiltzearena. Iraganeko, haurtzaroko Baztango, paisaiaren eta mistikaren bizipen haien aberastasuna baliatu izan dut literaturan, nolabait, genealogiei hitza emateko. Landa-eremutik heldu gara egile batzuk, eta erreminta horiek ez zituzten gure amatxiek. Belaunaldi haien ordezkari izan gara gu. Egia da nik hasiera baten horri uko egin niola Madrilen, baina oso aberasgarria da. Baina distantziari eta denborari esker joaten zara beste begirada bat sortzen. Gauzak pausatzen doaz, zu ere urteak betetzen joaten zara, eta begirada ere ez da berdina iraganeko esperientziei dagokienez. Beraz, ariketa polita izan da, xumea, nire gabeziak kontuan hartuta, eta pozik nago ekarri dizkidan irudiekin. Idazten duzunean, gibelean gelditzen da idatzitakoa, eta urruntasun moduko bat sentitzen duzu. Eta ohiko gaiak eta mamuak hor eduki arren, beste modu baten lantzen duzu begirada eta idazkera.

Ez dakit begirada hori aldatzen den hizkuntzaz aldatzen duzunean ere. Hizkuntza batek mundu ikuskera ematen dizu, eta, akaso, euskaraz mundu bat islatzen da eta gazteleraz mundu hori ezberdin islatzen da. Horrelakorik gertatu zaizu?

Galdetu izan didate, nik gaztelaniaz ere idazten dudalako eta argitaratu izan dudalako. Ez dakit zergatik batzuetan murgiltzen naizen hizkuntza baten eta beste batzuetan beste baten. Gertatu izan zait familia kontuei buruz edo hurbilagoak izan direnen kontuei buruz gaztelaniaz idazten nuela hasiera baten. Ez dakit ote den nire ama hizkuntza euskara izanik nik neuk gatibatuta nituen pentsamendu, sentipen eta ikuskerak bigarren hizkuntzarekin errazago atera izan direla, kasu honetan, familiari buruz mintzatzeko. Nire poesiagintzan, euskaraz, egia da izan dudala etorriera esperimentalago bat, nahiz eta gauza antzekoei buruz mintzatu. Euskaraz triptikoago egin dudan sentsazioa dut.

Gogoan dut behin beste elkarrizketa bat egin nizula, eta hauxe bera aipatu zenidan. Zure poesia, ez dakit ausartagoa izan zen hitza, edo zeure buruarekin zintzoagoa zela, eta hasierako poesiak gehiago ezkutatzen zuela zure ahotsa.

Uste dut kosta izan zaidala eta beti dudala mamu moduko bat. Aitak esaten dit aurkezpen batzuetan fraide egitea dudala. Izateko modu hau izanik, ezin duzu mundu guztia kontent eduki. Beraz, nire erronketako bat izan da, eta horretan saiatzen nabil; Enrique Vilamatasek esaten zuen gurasoak hilda baleude bezala idatzi beharko genukeela. Gainera, batzuk, lantzen ditugun gaiak badira memoria edo autobiografia identitarioak. Eta hor mugak jartzen joaten zara, zure inguru hori lasai edukitzearekin batera.

Aipatu dituzu lehen itzalak. Zure literaturan, gehienbat euskarazko poesian, gai batzuk errepikatu izan dira. Ez dakit zauri deitu, baina gehienetan zaurietatik atera diren gaiak izan dira? Horietako bat aipatu duzu lehen, katolizismoaren pisua. Hori izan da zure gai totem horietako bat?

Baztango lagun batek erran zidan Arraiozko elizan aurkezpen bat egin behar nuela, eta, azkenean, egin nuen. Akolito nintzen garai haietan amatxien inguruko pisu hori hor zegoen. Bidea ez haustearena. Baina txikitatik ohartu nintzen bideak hautsiko nituela. Gogoan dut Arraiozera bidean nola herriko ume batek esan zidan jada ez nintzela mezatara joaten. Egia da ni akolitoa izan nintzela, eta gustura, baina hori utzi eta elizatik ez nintzen itzuli, hiletak eta data zehatzak kenduta. Nik Eliza edo erlijio perspektiba irekidunetan sinisten dut. Hau da, badaude katolizismoan mugimendu ezberdinak, eta hor identifikatuago sentitzen naiz alor sozialean, humanitarioan lan egin duen Eliza horrekin, eta ez Eliza boteretsu horrekin, eta, gehienbat, zer-nolako diskurtsoak dituen desberdinak garen pertsonekin. Poesiara ekartzeko elementu interesgarriak iruditzen zaizkit Elizaren elementu horiek. Gauza gehiagori buruz solas egiteko interesgarriak iruditzen zaizkit. 

Zalantzarik gabe, literatura izan da tresna bat zuretzat prozesu horretan. Agertzen den beste gaietako bat Baztan bera da, bere argi eta ilunekin. Biak gara baztandarrak, eta iruditzen zait lotzen dela Baztan muturreko gauzekin. Toki arras itxi bat bezala edo paradisu bat bezala. Eta ez da ez bata ez bestea. Baztanen hasi eta hezi garenok badakigu badituela bi alde horiek.

Argiak eta itzalak. Guztiz. Oroitarazten didazu poema bat erreferentzia egiten diola Legateko gurutzeari, eta erraten du, gutxi gorabehera, zergatik dagoen esamesen errituala, zergatik dauden talde hertsiak… Hor badago ahots bat eta iragan bat. Eta urteak betetzen zoazen heinean errealitatea ez duzu berdin ikusten, eta iraganeko irakurketa horiek ere ez. Ni nahiko pertsona mugitua nintzen Baztanen, eta egia da saltsa aunitzen ere ibili nintzela. Asko ikasi nuen, eta inork ez zidan inoiz ezer erran nire afektibitateagatik edo homosexualitateagatik. Badu zerikusia ere zu zer moduz agertzen zaren munduaren aurrean. Nik argi nuen indartsu agertu behar nuela. Eta banekien hori bazela antzerki moduko bat, ez nintzelako ni horrelakoa, baina behar nuen nolabaiteko autodefentsa bat testuinguru horietan. Ederra da gaur egun Baztanera itzultzea eta errealitate hau ikustea, eta gogoratzea bere garaian nola ibili ginen landa-eremuan LGTBIQ+ kolektibo batekin. Beste testuinguru bat zen eta sentsibilitatea ere beste bat zen; gehienbat, administrazioaren aldetik. Orain, aniztasuna besarkatzen dela ikusten duzu, eta zorionekoak garela. Erronkak daude oraindik, baina zeinen garrantzitsua den hirietatik gertatzen ari den itzulera hori ere.

Nolabait, Baztanekin baketzen ari zarela atzematen dut. Haserretze bat egon zen? Non eraiki zen zauri hori?

Uste dut banengoela nire baitakoak orekatu gabe edo… Madrilen, lehen urteetan, deskonexio handia izan nuen euskal literaturari eta musikari dagokionez, eta uste dut ondo etorri zitzaidala. Egia da, nire aldetik, kosta izan zaidala hartu-emanak bideratzea, baina uste dut logika naturala dela. Urteak daramatzazu beste lurralde edo hiri baten, eta zure iragana diren pertsona eta espazio horiek ez daude berdin. Larremotzetik liburuan, esaterako bazeuden esaldi indartsuak. 

Eta literaturarekiko pultsio hori noiz piztu zen zugan?

Idazten hasi nintzen nire baitakoak onartzen ez nituenean, nire baitakoak sentitzen hasi nintzenean. Erraten hasi nintzen: “Aizu! Hemen zerbait gertatzen hasi da. Ez duzu gay izatearen erreferenterik, eta erakarpen bat sentitzen hasi zara gorputz batengatik?”. Eta katolizismoaren aipua egin dugun honetan, nik zailtasunak nituen arlo sozialean, fobia soziala edo. Nire baitakoak adierazteko zailtasunak nituen. Lokarri edo traba horiek askatzeko modua izan zen. Kantuendako hitzak idazten hasi nintzela gogoan dut.

Elkarrizketara ekarri dut zure lehenengo liburua, Bazaudete? izenekoa. Orain errebisio ariketa hori egiten ari zarela, ez dakit gogoan duzun zer sentsazio izan zenituen lan hau argitaratzerakoan. Azkenean zure bizipenetatik edaten duen poesia egiten duzu.

Errefusa sentsazio bat sentitu izan dut ale honekin eta hurrengo liburuarekin, Azken bala-rekin, baina literarioa da. Literatura soziala zen, eta hau aski politikoa zen. Eta azken urteetan ale honi –Bazaudete?– kariño handiz begiratzen diot. Eta hain gazteak ginen garai haietan, estima handia dudan Elizondoko Juan Angel Perotxena ilustratzaile eta artistarekin lan polit hori egiteko aukera izan genuela. Gogoan dut Itxaro Bordak gonbidatuta Baionan izan ginela irakurketa performatibo bat egiten. Eta duela bi urte berriro elkartu ginen Juan Angel eta biok Amaiurko herriak eta Arantzadi zientzia elkarteak gonbidatuta liburu hibrido bat egiteko.

Ze polita herrira bueltatzea herriak deitzen zaituenean.

Aunitz. Niretzat oso sinbolikoa zen eta poz handia sentitu nuen Amaiurko herritik deia jaso genuenean. Edota Baztandarren Biltzarreko kantua idazteko deitu zidatenean. Pizgarriak eta pozgarriak dira horrelakoak.

Madrilera bizitzera joan zinen gazte-gaztetan. Aipatu duzu aita pare bat alditan. Familiarekiko ere haustura bat gertatu zen, baina zauri hori garatuz eta sendatuz joan da denborarekin, ezta?

Izugarri. Aitaren ametsa ni herri kirolari egitea zen. Zorionekoa ni, 16-17 urterekin aizkora txapelketa baten agertu nintzela dekoloratutako ilearekin, kar-kar –Iruñera etortzen nintzen eta beste erreferente batzuk nituen…–. Baina familia horretan sortu nintzen eta egun horretan ez nituen moztu behar nituen enborrak moztu, eskuak odolez beterik. Hortik denbora baten isiltasuna egon zen aitarekin. Gero, nire homosexualitatea dela eta, egia da nahiz eta nerabezaroan isiltasuna hor egon eta amaren zubigintza lana ere, urteekin, senarrari informazio bat eman niola herrira etorri zen lehenbiziko aldiz. Errespetu handiarekin itxaroten genuen une hori. Aita sukaldera iritsi zen, eta “bienvenido a Euskal Herria” erran zion, kar-kar. Eta nire senarra Tenerifekoa da, eta bikain, kar-kar. Eta denborarekin jakin dut, Iruñeko beste kazetari eta kultura-eragile batzuen aldetik, ni nire aldetik nenbilenean kontzertutik kontzertura, ile gorriarekin… aita ari zela solasean pena litzatekeela aita-seme arteko erlazioa afera horrengatik haustea. Balioa eman behar zaio aitak egin duen prozesuari. Herri-kirolaria, egurketaria, hedabideetan batzuetan proiekzio bat eskaintzen duen gizon indartsua. Estimu handian dut egin duen prozesua, bai.

Gaur egun aunitz aipatzen da maskulinitatearen deseraikitze hori, eta kasu honetan, kontzeptua ezagutu gabe egin zuen lan hori zure aitak.

Bai; pentsa noizbait Eurovision ikustera joan naizela lagunekin, Madrildik Arraiozera, eta bera ere ikusten egon da, bere ardo koparekin. Pertsona ezberdinekin egon ahal izateak ondo egin dio. Beti esan izan dit niri herri kiroletan gustura aritu dela, baina kulturaren esparruan irakaspen ezberdinak izan dituela.

Zuk landutako gai nagusi bat izan da landa-eremua. Gizateriarentzat arnasgune bat bilakatu da orain, hiriaren gainbehera honetan?

Batez ere, pandemian hasi zela esango nuke. Orain, etxebizitzen tentsionamendua dela eta, soldaten eta lanpostuen prekarizazioa dela eta, aldatu egin da. Lehen, poltsa bat 30 eurorekin betetzen zenuen, eta orain ez. Herrietan eta haranetan dinamika aski interesgarriak egiten ari dira, LGTBIQ+ mugimendua, mugimendu feminista… Eta protagonistak herrikoak eurak dira, gainera. Fokua horretan jarri da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!