PROIEKZIO GELA

Robert Redford, aktore 'arrunta'

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 25a

Zinema sekzio berria jarri dugu martxan Irrintzi Plaza arratsaldeko saioan Itsaso Jauregi kazetariarekin. Robert Redford aktore ezagunaren ibilbidea errepasatuko dugu lehenengo atalean

Lehendabiziko programa pasa den astean zendu zen Robert Redford aktorearen eta zuzendariaren omenez izanen da. Bere pelikula asko zeuden aukeratzeko, baina berak zuzendutako bere lehenengo pelikulaz arituko naiz gaurkoan: Ordinary People (euskaraz Jende Arrunta) 1980ko drama filma bat da. Judith Guest idazlearen izenburu berdineko Ordinary People eleberrian oinarritua dago, eta gidoia idazterako orduan jatorrizko lan horretan asko oinarritu ziren. Pasa den urtean zendu zen Donald Sutherland aktorea agertzen da, baita Mary Tyler Moore, Judd Hirsch eta Timothy Hutton aktoreak ere.

Laburki kontatuta, pelikulak estatu batuetako klase ertaineko familia baten egunerokoa erakusten digu, doluari aurre egiten dioten bitartean; izan ere bere kideetako bat, anaia zaharrena Buck izenekoa, istripu batean hil zen. Redfordek eleberriko materiala hartu eta giza harremanen azterketa psikologiko bihurtu zuen. Dolua, komunikazioa, errua eta pertsonen arteko harremanak bezalako sentimenduak kamera-mugimendu eta enkoadraketa sinpleekin filmatu ziren, baina antzezlan bat balitz bezalako aurkezpen batekin. Film itogarria da, isiltasunez, elkarrizketa hutsalez eta xehetasunez betea. Horrela azaldu zituen Redfordek filmak lantzen zituen gaiak 1970eko amaieran egindako elkarrizketa batean:

I had grown up with a lot of people who had extreme difficulty in communicating, and parents who don’t care. To me the silence between generations is important, it’s interesting to me. People unable to communicate.it’s as much as the effort as one makes than anything else. People making connection is very interesting to me and what it misses it and why it misses it it’s interesting to me. And that to me as a classic syndrome in America".

Elkarrizketa horretan esandakoa hau da: Komunikatzeko zailtasun handiak zituen jende askorekin hazi nintzen, eta interes gutxi zuten gurasoekin. Niretzat belaunaldien arteko isiltasuna garrantzitsua da, interesgarria da niretzat. Komunikatzeko gauza ez den jendea behatu nahi nuen, haien artean komunikatzeko egiten dituzten saiakerak. Pertsonen arteko harremana oso interesgarria da niretzat; zergatik huts egiten duen harremanak eta zer dagoen horren atzean. Eta hori niretzat Amerikako Estatu Batuen sindrome klasiko bat zen.

2014an beste elkarrizketa batean zuzendariak are gehiago sakondu zuen pelikularen oinarrietan: Oso garai patriotikoa zen Ameriketako Estatu Batuetan bigarren mundu gerra ondoren. Hazten joan nintzen heinean konturatu nintzen barrenean bazegoela propagandan esandako guztia ez zen Amerika bat, eta hor dagoenari buruz istorio bat kontatu nahi nuen, non sentimenduak igortzea zailagoa den. Jende askoren helburua gauzak perfektuak izatea zen, baina ez zeuden sentimenduez hitz egiteko prest. Beren baitan begiratzeko beldur zen jendearen istorio bat kontatu nahi nuen, hitz egiteko zailak izan daitezkeen gauzak estali nahi zituztenena.

Jarrett familia Estatu Batuetako familia nuklear perfektu horren isla da: etxe handi eta zuri batean bizi dira, eta gurasoek elkarrizketa hutsalak dituzte haien artean: ezagunei buruz hitz egiten dute, burtsaren inguruan edo dekorazioaren inguruan. Familiaren irudi perfektua mantendu behar da, dena ondo dago eta ez da ezer gertatzen: itxura eta transmititzen den irudia da garrantzitsuena. Baina ezer ez dago ongi. Familian aipatzen ez diren gaiak daude: Bucken istripua eta heriotza, eta Conraden ondorengo suizidio saiakera. Gai horiek estalita daude, eta pertsonaia bakoitzak horiei aurre egiteko modu desberdinak ditu. Aita, Donald Sutherlandek antzeztua, Conradez arduratzen da, baina bere kezkak pena edo errukia gordetzen du barnean.

Ama, Mary Tyler Moorek antzeztua, pertsonaiarik interesgarriena eta zailena da. Emakume hotz, urrun eta gogorra da, ez daki eta ez du jakin nahi bere semearen sentimenduez. Gurasoak elkarrizketa hutsalez betetako festa batean dauden eszena batean, aitak emakume batekin hitz egiten du eta Conrad semea psikologoarengana doala esaten dio. Hori amarentzako sententzia bat bezala da: gauza horiek ez dira jendaurrean hitz egiten, eta pribatuan kudeatu beharreko zerbait dela dio. Conrad semea hildako anaiari buruz hitz egiten saiatzen denean, amak gaia saihesten du: oinak altzaritik kentzeko esaten dio, edo bizilagunaren txakurraz hitz egiten hasten da.

Filmaren hasieran, Conrad, Timothy Huttonek antzeztua, hilabete darama ospitaletik kanpo. Normaltasunera itzuli nahi du, baina adierazi ezin dituen emozio asko ditu, eta are gutxiago bere familiari, Psikologoarengana doa, Bergerengana, Judd Hirsch-ek interpretatua, bizi izan dituen egoera traumatiko batzuk prozesatzen laguntzeko asmoz. Erru-sentimenduak anaiaren heriotzagatik, amarenganako erresumina ospitalera bisitan joan ez izanagatik, eta gorrotoa bere buruarekiko.

Ez dago amaiera zoriontsurik eta esaldi aurrefabrikaturik, baizik eta inkomunikazioan itota bizi den familia baten erretratua; familia konbentzional baten atzeko aurpegia. Aipatzekoa da 1980ko hamarkadako pelikula bat dela, eta gauza batzuk zaharkitu samarrak geratu direla, baina filmak gaur egun ere oso garrantzitsuak diren gaiei buruz hitz egiten du, eta oso modu sentikorrean landutakoa.

Oscar Sarietarako sei izendapen jaso zituen filmak, lau irabaziz: Film onenaren Oscar Saria, Zuzendari onenaren Oscar Saria (Robert Redfordek jaso zuen), Egokitutako gidoi onenaren Oscar Saria eta Gizonezko bigarren aktore onenaren Oscar Saria (Timothy Huttonentzat). Ez da Redfordek zuzendu zuen film bakarra, beste zortzi zuzendu zituen bere bizitzan, eta beste hainbat filmetan agertu zen aktore gisa: The sting eta Butch Cassidy and Sundance kid, Paul Newmanekin batera, Jane Fondarekin lau film egin zituen osotara Barefoot in the park eta The electric horseman, besteak beste…bere erruz gutako askok kazetaritza ikasi genuen All the president’s men pelikula ikusi ondoren.

Natura babesteko lan ere egin zuen, eta aipatzekoa da zinema industrian izan duen garrantzia, batez ere Sundance zinema jaialdiari dagokionez. 1978an sortu zuen, Utah-n zituen lurralde batzuetan. Txabola batzuekin hasi zen jaialdia, autogestionatua ia-ia, eta gaur egun ospetsua den jaialdia da, non zinema independenteko sortzaile berriak elkartzen diren urtero. Hortik atera dira Quentin Tarantino eta Paul Thomas Anderson, besteak beste. Bere ibilbidean zehar bere kuriositatea bizirik mantendu zuen, eta baliabide gutxiko zinemagileak babestu zituen, haien lana garatzeko leku bat eskainiz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!