Idurre Eskisabel: "Orain arteko hizkuntz politikek ez dute herritarren euskalduntzea lortu; paradigma aldaketa behar dugu"

Maialen Huarte Arano 2025eko irailaren 25a

Euskarak jauzia egiteko akordioa aurkeztu dute: Batuz Aldatu du izena. Euskalgintzaren Kontseilua izan da prozesu horren hauspoa eta euskarria: eta 113 eragilek egin dute bat dagoeneko. Hizkuntza politiketan jauzia behar dela aldarrikatzen ari dira. Salto horren nondik norakoa aztertzen aritu dira, definitzen eta neurri zehatzak proposatzen. Euskarak atzera egiten segi ez dezan helburuak zein izan behar diren ongi finkatzea ezinbestekoa dela uste dute euskalgintzako eragileek. 

Batuz Aldatu izeneko akordioa asmo handiz sortutakoa da.

Asmo handiz baino premia handiz esanen nuke. 2021ean egin zen lehen urratsa premia handi batek bultzatuta. Euskalgintza hain errotuta dagoena euskararen gaineko kezketatik sortu da. Azken hamarkadetan ikusi dugu normalizazio prozesua edo irabazte prozesua etete bide batean sartu dela eta hori konpontzeko hizkuntz politiken proposamena da. 

Euskarak aurrera egiten segitzeko gauzak aldatu behar dira, beraz?

Bai, eta errotik aldatu behar dira. Adostasun handi bat dago euskalgintzaren baitan. Eremu eta begirada askotatik egiten da: hezkuntzatik, kulturatik, hedabideetatik, helduen euskalduntze-alfabetatzetik...guztietan ikusi da orain arteko bideak goia jo duela. Horri erantsi behar zaio soziolinguistikak, ikerketaren begiradak, ekarritakoa ere. Inkestetan, datuetan sumatzen dira joera batzuk iraunkortzen ari direla eta motelaldia erakusten dutena. Azken urteotan propio egin diren ikeketek ere erakusten dute hori, are, atzeraldiaren arriskua erakusten dute. Aldatu behar da eta aspalditik esaten ari gara jauzi bat eman behar dela hizkuntz politiketan, paradigma aldaketa behar dela, beste begirada batekin aritu behar garela eta proposamen hori oinarri sozial batekin ekartzera dator akorido proposamen hau. 

Hori guztia nola erdietsi, zer beharko da?

Galdera handia da hori. Gu oinarri batzuk jartzen ari gara. Paradigma aldaketa behar dela esaten ari garenean esaten ari gara orain arte egin diren hizkuntz politikek ez dutela izan anbiziorik herritar oro euskalduntzeko. Hortik pasatzen da. Euskararen etorkizuna eta begirada. Nondik hasi? Hasteko, abiatzen gara oso errealitate desberdinetatik. Ez da gauza bera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dagoen egoera hizkuntz politikak egiteko, Nafarroan dagoena, zonifikazioak gainera gehiago zailtzen du, eta Ipar Euskal Herrian inolako ofizialtasun aitortzarik ez daukalako. Euskal Herri askotariko honetan beraz, nola egin? Bada, helburuak finkatuta. Gero lekuz leku ikusi beharko da zein den horretara heltzeko bideorria. Pentsatu beharko dira epe batzuk, politika publiko batzuk, planifikazio bat, baliabide batzuk, araugintza bat... baina egingarria da. Helburua zehazten bada eta helburu horren alde egiten bada lortzen ahal da, eta hori, beste arlo batzuetan ikusi dugu. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!