Karmele Gurbindo eta Nerea Arrasate, ongi etorri Ttapera. Atarrabian bildu gara, zuen herrian, zuentzat berezia den leku batean. Non gaude?
Nerea: Gaztelekuan gaude. Hemen entseatzen dugu posible dugunean, eta oso eskertuta gaude horrelako espazioak ditugulako herriko taldeentzat, musikariok, artistek edo nahi duenak puntualki erabili ditzakegunak. Gu super-pozik gaude, oso erosoa da, etxetik gertu, Atarrabian.
Karmele: Ez dugu oso ozen esaten, zeren momentuz guk soilik erabiltzen dugu entseatzeko, baina oso eskertuta gaude.
Ez da urtebete igaro zuen lehenengo diskoa atera zenetik, ‘Matxenia II’ izenekoa, eta ordutik ez zarete gelditu. Diskoak oso harrera ona izan du. Nola bizitzen ari zarete une hau? Espero zenuten?
Karmele: Oso pozik gaude. Nahiko shock-ean ere, hasi garelako ikusten jendeak ezagutzen gaituela eta gure abestiak abesten dituela.
Nerea: Bai, hori da. Gure abestiak irratian entzuteak kristoren ilusioa egiten zigun, baina agian ez genuen orain arte zuzenekoetan babes hori jasotzeko aukera izan. Beraz, oso emozionatuta gaude udako kontzertuekin.
Denbora gutxi da hasi zinetela, eta hala ere eszenatoki gainean urte piloa daramazuen sentsazioa daukat. Hala ikusten duzue zuek ere?
Karmele: Bai eta ez. Gauza asko bizi izan ditugu urte honetan, baina beste taldeekin elkartzen garenean ikusten dugu asko daukagula oraindik ikasteko. Berez sei abesti ditugu bakarrik, eta flipatzen gaude. Beste bost abesti grabatu ditugu, eta uda honetan egingo ditugun kontzertuak lehenengoz gure abestiekin osatuko ditugu. Orain arte, bertsioak ere egiten genituelako.
Abesti gehiago bidean, beraz. Horietako bat jada ezagutu dugu. ‘Pista bat’ izena du eta estiloari dagokionez aurrekoen bide beretik jarraitzen duela erran dezakegu, ezta?
Nerea: Nik uste dut oraingo abestiak nahiko estilo berekoak direla, aurrekoekin konparatuta. Baina agian eman diogu abiadura gehiago, biziagoak bezala sentitzen ditugu.
Karmele: Letra sakona daukala uste dut eta nahiko argi geneukala, abesti honekin, zehazki, lortu nahi genuena grabatzerakoan. Josu Erbitirengana joan ginen eta argi esan genion: “Hau eta hau nahi dugu”. Estruktura aldetik ez da oso abesti konbentzionala, eta nahiko ongi geratu dela uste dut.
Ziurtasun gehiago irabazi duzue lehenengo grabaketarekin alderatuta?
Nerea: Bai, lehenengo aldian joan ginen estudiora, itsu moduan. Gehienok ez genuen inoiz ezer grabatu, eta oraingoan, aldiz, konposatzerakoan, beste gauza batzuk kontutan hartzen dituzu. Hilabete hauetan hartutako esperientzia guzti horrek asko aberastu gaituela uste dut eta abestietan ere nabaritzen dela. Niretzat Pista bat da, izugarrizko abestia da, oso pozik gaude emaitzarekin eta datozen abestiekin baita ere.
Abesti berrien inguruan ez ditugu pista gehiagorik emango. Egin diezaiogun errepasoa zuen ibilbideari. 2022an sortu zen taldea, eta hasieran bertsioak egiten zenituzten. Nola gogoratzen duzue taldearen sorrera?
Karmele: Oso pozik ateratzen nintzen kontzertu guztietatik. Orain, aldiz, orduan ematen genituen kontzertu bat emango banu, pentsatuko nuke: “Zer egin dut?”. Oso zoriontsuak izan ginen. Tartean geldialdi bat izan genuen, baina hasieran oso zoriontsuak izan ginela gogoratzen dut, nostalgia eragiten dit.
Bertsioak egiten hastea bada hasteko modu eroso bat, ezta? Alde batetik, lantzen dituzulako gustatzen zaizkizun taldeetako abestiak, eta gero balio dizulako segurtasun hori hartzeko eszenatoki gainean.
Nerea: Hasieran gustuko genituen taldeen edo antzeko estiloen bertsioak egiten genituen. Konposatzerakoan horrek lagundu zigula uste dut. Jotzerakoan disfrutatzen genituen, gustuko genituelako, pozik aritzen ginen. Kontzertu bat egiteko elkartu ginen talde bezala eta hainbeste gustatu zitzaigun esperientzia jarraitzea erabaki genuela.
Badu zerbait hor engantxatzen duena eszenatokira igotze horrek, badago boteretze bat, espazioa hartze bat edo horrelako zerbait?
Nerea: Bai, eta gainera gure herriko festetan izan zen lehenengo kontzertua, gure lagunekin, senideekin... Sinesgaitza izan zen.
Eta hortik kantu propioak egitera. Urrats hori eman behar zenutela argi zenuten?
Karmele: Nahiko modu naturalean atera zen. Gutxinaka, nahi genuena argi izaten joan ginen, baita egiteko prozesuari dagokionez ere. Sei abesti atera ziren eta sei abesti grabatu genituen. Oso naturala izan zen.
Nerea: Negua iritsi zen eta entsaiatzeko bi edo hiru besterik ez ginen biltzen. Esan genuen: aizu, eta entsaiatu ordez konposatzen badugu? Presiorik gabe, atera zena egin genuen, momentuan bertan, eta gustatu zitzaigun.
Karmele: Beste taldeak ere ikusten genituen eta esan genuen: zergatik ez gu?
Presio aldaketa nabaritzen duzue?
Nerea: Ez besteona, agian guk gure buruarekiko daukaguna. Lehen Karmelek esan duen bezala, kontzertuetan geroz eta zorrotzagoak gara gure buruarekin, nahi gabe bada ere. Baita abestiek eta kontzertuek dakarten beste gauzekin ere: argazkiak, orain bideoklipa... Guzti hori beste modu batez ikusten hasten zara.
Bideokliparena aipatu duzu, eta egia da badela gai berezi bat zuen kasuan. Bideoklip bakarra daukazue oraingoz. Gaur egun talde askok bideoklipak abestiekin batera sortzen dizute, baina ez da zuen kasua.
Karmele: Bai, bai... Esan dugun bezala, taldean dena oso naturala izan da, baita bideokliparena ere. Ez genuen argi hasiera batean, eta abestiei garrantzia eman nahi izan genien. Horrela izan zen. Orain, aldiz, denbora izan dugu, baita dirua ere, eta bideoklip berri bat egingo dugu, aurrera goaz horrekin. Ea zer ateratzen den...
Erabaki batzuk naturalki ateratzen dira, beste batzuk kontzienteagoak dira. Nesken talde bat eratzea erabaki kontziente horietako bat izan zen?
Karmele: Bai, noski. Gainera, kontatu izan dugu, gure lehenengo kontzertua Atarrabiako jaietan eman genuen, Egun Feministan jotzeko eskatu ziguten. Ordurako denbora generaman nesken talde bat osatu nahian, eta horrela izan zen azkenean. Bi edo hiru hilabate besterik ez genituen izan kontzertua prestatzeko, baina kontzientea izan zen. Neskak bilatzen egon ginen taldea osatzeko.
Nerea: Partekatzen genituen espazioak herrian, elkar ezagutzen ginen eta agian horregatik errazagoa izan zen elkartzea.
Ordurako bazenuten musikarekin lotura?
Karmele: Ainhoak eta biok kontzertu akustikoak egiten genituen, eta Jaionek akordeoia ikasi zuen kontserbatorioan.
Nerea: Jaionek eta Aritzek beste talde batzuk zituzten.
Karmele: Nik txikitatik izan dut burutan talde bat osatzea, baina akaso neska izateagatik ez nuen oso argi ikusten. Banituen lagunak 15 urterekin taldeak osatzen zituztenak, oso argi zutenak hori.
Nerea: Eta ikusten zenuen adibidez nik zer dakit zein taldek bateria jotzailea bilatzen zuela, baina esaten duzu: orain sartuko naiz talde horretan? Ez da berdina, uste dut aukera polita izan genuela elkarrekin talde bat osatzeko, nesken moduan gustura, gure gauzak partekatuz eta gure espazioak sortuz.
Desberdina da gizonez osatutako talde batean jotzea?
Karmele: Noski, bai.
Nerea: Bai, bai.
Zertan nabaritzen da?
Karmele: Ez dakit. Ahotsa altxatzerakoan, gauzak proposatzeko adibidez, izan daiteke. Ni gizonezko taldeetan aritu naiz eta bere momentuan ez nuen oso argi ikusten, baina orain bai. Agian orain desberdin jokatuko nuke gizonezko talde batean.
Nerea: Baina nik uste hori dela dinamika. Ez da berdina, guk egin genuen bezala, betidanik ezagutzen dituzun mutilekin talde bat sortzea. Badaude erdi ezarriak dauden dinamika batzuk hor.
Zenbat aldiz galdetu dizuete ea zuen abestiak feministak diren?
Karmele: Uff... Bilatzen baduzue aurkituko dituzue. Baina, berez, ez ditugu abesti feministak egiten. Non aurkitzen da hori hain argi? Letretan?
Nerea: Ez, ez... Agian abestiren bat badago mezuren batekin, baina ez da mezu feminista bat, mezu bat besterik ez.
Karmele: Bai. Nahiko nekatuta gaude horrekin. Baina ulertzekoa da ere, arraroa delako oraindik emakume talde bat egotea. Ulertzen dut, emakumeak garenez, feminismoa jakintzat ematen den zerbait dela.
Galdera hori errepikatzen bada, akaso erran nahi du hegemonikoa gizonezkoek osatutako taldeak direla?
Nerea: Izan daiteke, eta jarrera handia dugula. Izan ere, beste neska taldeak ezagutzen ditut ez dietenak horrenbeste galdera hori egiten. Ez dakit gure jarreragatik den, edo estiloagatik, edo ez dakit zein den zergatia.
Karmele: Lau neskak eta mutil bat garelako. Zeren gizonak gehienezkoa diren taldeetan, neska bakarra egon daitekeen horietan adibidez, asko aldatzen da hori. Baina bai, hala da.
Oraindik ere badago pentsatzen eta erraten duenik musikaren munduan ez dela matxismorik existitzen. Iaz oso komentatuak izan ziren deklarazio batzuk entzun genituen horren bueltan. Horrelako hitzen aurrean, zer erranen zenukete?
Nerea: Ez dela egia. Ez badu ikusi, itsu dagoelako da. Zeren matxismoa badago hor, ez soilik musikarien arteko harremanean, baita bestelako oinarrietan ere: publikoa, beste langileak, antolatzaileak... Musikan eta beste arte esparrutan, egunerokoan bezala, ezin da esan matxismorik ez dagoenik. Guk, daramatzagun bizpahiru urteotan nabaritu badugu, hainbestetan jasan badugu matxismo hori, denbora hain gutxi eramanda, nola esango du kontrakoa hain ibilbide luzea daukanak? Ezin dut irudikatu, benetan iruditzen zait ezin duela izan.
Zuek, talde bezala daramazuen denbora honetan, zertan nabaritu duzue?
Karmele: Kupoarena asko nabaritzen dugu, adibidez, beste talde guztiak gizonezkoenak direnean. Eta soinu teknikariekin hitz egiterakoan, askotan Aritzekin hiz egitera jotzen dute bakarrik, oso fuertea da hori. Eta adibidez, bateria frogena ere. Soinu teknikari batek bere (Nerea) bateria hartzea froga egiteko. Non ikusi da hori?
Nerea: Hori gertatu da, bai. Eta ondoan zaude, baina ondokoarekin hitz egiten dute, gu alboan izan arren. Ia kontzertu oro bizi izan dugu hori, ez bakarrik soinu teknikarien eskutik, baita antolatzaileen eskutik ere. Eta publikoa ere...
Karmele: Oso bortitza da hori.
Nerea: Ia-ia momentu oro nabaritu dugu.
Bortizkeria nabaritu izan duzue publikoaren aldetik?
Karmele: Batzuetan bai. Baldin bada publiko zehatz bat, musika talde zehatz batzuk badaudenak eta espazio zehatz batean, ezberdintasun bakarra bazara... Bortitza da, ze agian ez dute horrelakorik ikusi, eta gelditzen dira begira tente... Arraroa da.
Teknikariak aipatzen genituen. Zeinen tekinari emakumezko gutxi dauden, ezta?
Nerea: Musika teknikari batzuk egonen dira, oso onak, baina zaila izanen da beraientzat ere gizonezko esparru batean sartzea, ezta? Gauean ordu pilo bat sartu behar dira, eta gainera gehiengoa gizonezkoak diren taldeetako soinua egiten. Zaila izan beharra da, eta normala izan daiteke igual hamar bolo egitea, diru pixka bat irabaztea, eta psikologikoki nekatuta bukatzea. Guk emakumezko teknikari gutxi ezagutzen ditugu.
Udara iristen ari da, eta horren eskutik jaialdiak. Kartel askotan emakumezkoen taldeak gutxiengoa izaten jarraitzen du, eta hori orain inoiz baino emakumezko talde gehiago daudela...
Karmele: Bai, alde horretatik, bai, nabaritzen dugu talde gehiago daudela. Baina ez dakit, niri oraindik inpostorearen sindromearena gertatzen zait... Baina errealitatea hori da, gero eta gehiago gaudela eta aurrera goazela.
Nerea: Eta bestalde, jaialdiei dagokienez, batzuetan gertatzen da emakumezko taldeak egon arren kartel-buruak oraindik gizonezkoenak izaten jarraitzen dutela, edo gehiengoa direla eta emakumezkoenak letra txikian, bigarren mailan agertzen direla.
Karmele: Bai, hori egia da, eta ordutegietan ere lehenengoak ia beti. Gu, alde horretatik, oso gustura egon gara, oso eroso sentitu gara ordutegi horretan. Baina horretan desberdinak garela esango nuke. Beharrezkoa da oraindik emakumezko talde gehiago egotea.
Hitz egin dezagun zuen musika estiloaz. Hasieran punketik gehiago edaten zuen zuen musikak, bertsioak egiten zenituztenean, baina denborarekin poperantz jo duzue. Nolakoa izan da garapen hori?
Karmele: Fontaines DC asko gustatzen zait, eta gustatuko litzaidake haien moduko abestiak egitea, baina nahiko zaila da hori. Alde horretatik jo dugu, baina bai, nik uste popa defendatu beharra dugula. Erraza dela dirudi, baina melodia itsaskorra egiteak badauka bere zailtasuna.
Akaso hori da maiz kritikatzen edo gutxiesten dena pop etiketa jartzen denean, ezta? Jendeari erraz iristen zaiola.
Nerea: Nik uste dut artista bakoitzak bilatu behar duela egin nahi duen hori, besteak gutxietsi gabe. Bakoitzak bere balioa dauka. Gu gustura gaude egiten dugunarekin, eta naturalki egiten dugu.
Karmele: Nik hasieran bai jotzen nuela hori pentsatzera: joanen gara jaialdi honetara non denak gu baino punkiagoak diren, eta guk popa abestuko dugu... Baina uste dut jende askok Naxker entzuten duela horrexegatik, ez zegoelako ia inor hori egiten: nesken talde bat popa egiten, euskaraz. Jendeak entzuten bagaitu zerbaitengatik izanen da, ongi dagoenaren seinale, ezta?
Hemen, Iruñerrian, musika mugimendu berri bat sortu da azken urteotan. Ez dakit Chill Mafia efektua izanen zen, baina egia da ate bat ireki zela hor, talde berriak ekarri zituena. Zein da zuen irakurketa?
Nerea: Bai, egia da haiek zerbait desberdina egin zutela, gustuko zuten hori egin zutela. Pandemia garaia zen ere, denbora gehiago daukazula gustuko duzun horretan pentsatzeko.
Karmele: Bai, argi dago beraiek ate bat ireki zutela. Oso fan izan naiz, eta banaiz. Eta Iruñean ni behintzat oso gustura nago, bertan bizitzen, kontzertuetara joaten... Kontzertu asko daude, musika asko egiten da, eta asko disfrutatzen dut horrekin.
Belaunaldi horren parte zarete zuek ere. Eta belaunaldi horrek baduen zerbait bada sare bat osatzen duzuela, badela elkar ezagutza bat, proiektuak konpartitzea...
Nerea: Bai, bai. Hala ere, nik uste falta direla oraindik espazioak, musikariek haien artean gauzak, esperientziak, aholkuak eta abar partekatzeko. Baina bai, elkar ezagutzen dugu. Polita da elkartzea, besteen kontzertuak ikustea eta ondoren horren inguruan hitz egitea.
Karmele: Eta, gainera, Iruñea oso txikia da, eta denak ezagutzen dugu elkar. Baina talde gehiago beharrezkoak dira. Iruñean pop talde gehiago behar dira. Oso punkiak gara, punka bada, baina pop gehiago behar da.
Udara bertan dugu, abesti berriak esku artean, disko berria bidean, bideoklipa... Nola aurreikusten dituzue hurrengo hilabeteak?
Nerea: Topera.
Karmele: Irrikitan gaude. Gainera abesti berriak joko ditugu kontzertuetan, oraindik atera ez badira ere. Atera dugunaz gain beste bat aterako dugu ekainan, eta beste hiru grabatu ditugu dagoeneko. Bertsio oso gutxi eginen ditugu zuzenekoetan, oso polita izango da.
Nerea: Gure abestiekin soilik egingo ditugun lehenengo kontzertuak izango dira.