63,503kg. Horixe da boxeo txapelketa profesionaleko kategoria super-arinean gailendu ezin den pisua, zehatz-mehatz. 0,003kg-en langa erabakigarria da, beraz, eta kirolariek euren gorputzak muturreko egoeretara eramatera behartzen ditu maiz. Halaxe zehaztu digu Ander Flaco Amatriain boxeolari ororbiarrak, ekainaren 14an Espainiako Boxeo Txapelketan nagusitu zenak. "Gertatu izan zait betaurrekoak kentzeagatik bakarrik pisuan sartzea". Hori baino lehen, boxeolariek aurreko asteetan egiten duten dietaren gogortasuna dago: "Karbohidratoak gutxienez borrokan aritu baino hiru aste lehenagotik kentzen ditut. Hala ere, gogorrena urarena da, aurreko egunetan gutxitzen joaten garelako, eta azkeneko egunean urik edan gabe pasatzen dugu. Ez baduzu ongi egiten arriskutsua da, deshidratazioz hil izan dira boxeolariak borrokan".
Boxeolaritzaren zirkuitu profesionala "oso gogorra" dela nabarmendu du Ororbiakoak, baina pozik agertu da Bilbon jokatutako finalaren emaitzarekin. Izan ere, arantzatxoa bazuen bere aurkariarekin, Saul Lunarekin: "Trilogia moduko bat izan da bion artekoa". Lehenengo aldi batean borrokatuak ziren, eta finalak bi kapitulu izan ditu: lehenengo saiakera batean berdinketa eskuratu ondoren, ekainaren 14an desberdinketarako hitzordua jarri zen. Gerrikoa, azkenik, Amatriainek eskuratu zuen, oso ongi neurtutako borroka baten ondoren. "Erabakita genuen plana egin genuen eta ongi atera zen". Fisikoan baino, gakoa buruan dagoela zehaztu du: "Boxeoa oso kirol mentala da, borroka baten %98 buruak egiten duela esango nuke".
Horretarako, beldurraren kudeaketa oinarrizkoa da, boxeoaren munduan "tabua" den hitza. "Boxeolariei ez zaie beldurraz hitz egiten gustatzen, ahuldade bezala ikusiko zelako modu irekian erakustea". Alde horretatik, aurkaria xaxatzeko estrategia ringetik kanpo hasten da, zeharka iritsarazten diren diren mezuekin. "Zure buruaz ziur agertu behar zara, zalantza anikilatzaile bat izan behar zara". Irabaztera ateratzea da afera. "Bertan egotera, oso presente egotera behartzen zaituen kirol bat da. Borrokatzen ari zaren bitartean ezin duzu burua beste inon eduki".
Txikitatik izan du Amatriainek boxeoaren arra barruan. "Nire aitarengatik jaso nuen boxeoarekiko interesa, eta ondoren karatean aritu nintzen urte batzuz. Futbolean urte pare bat aritu ondoren hasi nintzen boxeoan, 15 urte inguru nituenean, Atarrabian entrenatzen". Ordutik hamarnaka borroka izan ditu, baina ez du bere burua luzerako ikusten gaur egun. "35 urte ditut, alaba txiki bat daukat... Ez dut sobera luzatu nahi boxeoa, oso gogorra delako eta ez dudalako pena ematen bukatu nahi". Entrenatzeko kirol bezala, aldiz, oso egokia eta gomendagarria ikusten du: "Oso kirol konpletoa da zentzu askotan, eta jendeari entrenamendu bezala eta modu ludikoan aritzeko gomendatuko nioke".