Pilotaria ez ezik, atletismoan eta futbolean ere aritu izan da, baita pilota entrenatzaile eta hautatzaile ere. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua egin bitartean, EITBko reality ospetsuenean, Konkis-ean, parte hartzeko parada ere izan zuen. Lehiakortasuna haren izaeraren parte da, baina kirolak hori baino askoz ere gehiago eman dio.
Andrea Lusarreta, Nafarroako Euskal Pilota Federazioko lehendakari berria. Kaixo eta ongi etorri Ttapera.
Kaixo, eskerrik asko.
Titulu horrekin, logikoena zirudien frontoi batean egitea hitzordua. Baina egia da hau ez dela edonolako frontoia. Azaldu iezaguzu: non gaude?
Esaten duzuna, nik uste dut frontoira etorri behar ginela. Labiano herriko frontoi estalian gaude, eguraldia dela eta hona etorri gara. Labianok ere badu oso frontoi polita, frontisa oso polita daukana, herriko eliza eta plaza dena.
Zenbat ordu igaro izanen dituzu bai hemen eta bai herriko plazako frontoian?
Bai, txikitatik edozein kiroletan aritzeko balio zigun frontoiak, bai esku pilotan, bai palan, bai baloiarekin. Eta gerora, pixka bat nagusitzen joan ginenean, frontoi estalira etortzen uzten gintuzten.
Egia da, gainera, herrietan frontoiak ezinbesteko paper bat betetzen duela egunerokotasunean.
Azkenean, herriaren elkargune da. Herriko plaza ere bada, eta bertan adin guztietako jendea biltzen da, frontoian bertan edo frontoiaren inguruan. Eta sekulako garrantzia dauka herria egiteko eta edozein jarduera antolatzeko.
Irakurlea kokatzeko, Labianon gaude, Aranguren ibarreko herri txiki bat, 160 biztanle inguru dituena. Denok elkar ezagutzen duzuen herri horietako bat da?
Bai, herrian guztiok ezagutzen dugula elkar. Eta txikia den arren nahiko bizia den herri bat da, harrotasunez esan beharra dago. Elkarteak ere horretan laguntzen du horretan, eta, nola ez, frontoiak ere.
Hasieran erran dugun bezala, Nafarroako Euskal Pilota Federazioko lehendakari izendatu berri zaituzte. Nola daramazu?
Lan eta lan gabiltza. Zuk esan bezala, hilabete gutxi daramagu Federazioan sartuta, eta egia da badugula lan asko egiteko. Dagoeneko hurrengo denboraldiaren plangintzarekin hasi gara. Baina lehenengo hilabete hau, testuingurua tartean, gogorra eta konplexua izaten ari da. Analisi fase horretan gaude, eta jada martxa hartzen. Egoera ikusi dugu, eta bagoaz aurrera.
Kargu guztiei neurria hartu behar zaie. Bazen burutan zenuen zerbait?
Ez. Egia da Federazioaren barne nengoela jada, Emakume Batzordearen barne edota edozein promozio jardunalditan, denok gaudelako posible denean laguntza ematen. Baina ez zen niretzako jomuga bat.
Federazioaren barrenean, Emakumea eta Pilota Batzordearen buru ibili zara. Zeintzuk izan dira zure erronkak eta zure helburuak?
Berriki sortutako batzorde bat zen. Pandemia garaian sortu ginen, horrek ekarri zituen zailtasun gehigarriekin. Lehiaketatik kanpo beste espazio batzuk irekitzen zentratu ginen, beste ekimen batzuk antolatzen. Eta horren promozioan jardun gara. Urtero bai egiten bi-hiru promozio jardunaldi egiten ditugu. Gero, emakumeen presentzia areagotzea izan da beste helburuetako bat. Saiatzen gara erreferente horiek ikusarazten. Horiek dira landu genituen ildoak eta orain lantzen ari diren ildoak. Ikusgarritasuna ematea eta erreferente berriak sortzea.
Hain zuzen ere lehenengo emakumea zara Federazioko lehendakari gisa, eta hori 100 urte bete dituela erakundeak. Mende oso bat behar izan da emakume bat hor egoteko...
Ez da gutxi, ez. Urteak pasa dira eta, gutxinaka-gutxinaka, zorionez gauzak aldatzen ari direla uste dut. Erabakitze postu horietan emakumearen presentzia gero eta nabarmenagoa da. Oraindik lan asko dago egiteko, baina uste dut berri ona dela gizarte aurrerakoi batean. Orain arte ez dugu aukerarik izan, gutxinaka aukerak sortzen ari dira eta horretan gaude.
Presio gehigarria ematen dio guzti honek kargu-hartzeari?
Nik uste baietz. Inguruko jendea saiatzen da presio hori kentzen, baina uste dut berez erantzukizun handia dela Nafarroako Euskal Pilota Federazioko lehendakari izatea. Erantzukizun aldetik izugarria da. Ohore bat, are gehiago, lehenengo emakumea izatea 100 urteko ibilbidea duen federazio batean. Baina bertigo puntu bat ere ematen du.
Susmoa dut, hala ere, presiopean ongi funtzionatzen duen pertsona horietako bat zarela.
Bai, nire izaerarekin doan zerbait da, baina horrek ere batzuetan itoarazten zaitu. Baina horrela funtzionatzen dugu, eta horregatik ere sartu gara. Saltsa gustatzen zaigu, eta horregatik gaude momentu honetan hemen eta orain.
Lehendakari gisa, zeintzuk dira zure erronkak? Zer da Federazioarekin egin nahi duzuna?
Euskal pilotak Nafarroan duen egoera ikusita, pilota txikiengana hurbildu behar dugula uste dut. Generazioz generazio pasa izan diguten tradiziozko kirol hau galtzen ari da. Lehen oso ohikoa zen edonork pilota patrikan eramatea eta edozein paretaren aurka jokatzen hastea, herriko frontoian edo dena delako frontoi batean. Eta nik uste hori galtzen ari dela. Hamaika kirol aukeran ditugu, aisialdi ohiturak ere aldatzen ari dira. Ez gara telebistan astebururo ikusten dugun partidu horiekin bakarrik geratu behar. Askoz gehiago da pilota, gure kulturaren parte ere bada. Baina ez bada ezagutzen, nola aukeratuko du ume batek kirol hau eta ez beste edozein? Nafarroak, zentzu horretan, aukera oso polita dauka, ia herri guztietan frontoi bat edo bi dituelako. Goazen ditugun baliabideak probestera. Horregatik, gainontzeko esparruetara eraman nahiko genuke pilota, bai hezkuntza formalera eta ez formalera ere. Aisialdi espazio horietan egotera, ez bakarrik kirol eskoletan. Kirol eskolak gero etorriko dira, baina lehenengo pixka bat umeen artean ezagutarazi nahi dugu. Umeen artean diot, orokorrean, mutikoen artean eta baita nesken artean ere.
Egia da genero ikuspegitik txikitan berdintsu dagoela kontua, baina adinean aurrera egin ahala neskek pilotan jokatzeari uzten diotela...
Nire txikitako pasarte bat ekarri dezaket gogora. Nik kriston zaletasuna neukan, herrian jolasten nuen. Aisialdi esparru batean jolasten genuen, baina gero pilota eskolara joan eta neska bakarra nintzen. Urtebete egon nintzen han, baina egoera ez zen oso erosoa, ez zuen laguntzen eta utzi nuen. Nik nire kabuz eta lagunekin jokatzen jarraitu nuen, baina pilota eskolan ez. Orain neska gehiago baditugu. Kirole eskola batzuetan neskak eta mutilak batera aritzen dira eta beste batzuetan banatuta, baina behintzat badaukate jarraikortasun bat, gutxinaka aukera hori izaten ari dira. Hori da bermatu beharra duguna, jarraikortasuna.
Pilotaz ari gara, eta Federazioaz, noski. Baina ez da jorratu duzun diziplina bakarra, ezta gutxiago ere. Futbolean aritu izan zara, atletismoan, gimnasian ere bai. Denetarik egin duzu, ezta?
Bai, kirola nire bizitzaren parte da. Gainera, arlo profesionalean ere horretan jarduten dut, eta hamaika kirol egin ditut. Praktikan, batzuk oso gustukoak ditut, beste batzuk gorrotatzen ditut, baina hori ere polita da. Azkenean gehien gustatzen zaizuna edo erosoen sentiarazten zaituena hautatzen duzu.
Zer izaten du kirolak horrenbeste engantxatzen duela?
Alde batetik, lehiatzeko grinak erakartzen nau, nahiz eta orain beharbada ez daukadan horretatik horrenbeste. Uste dut kirolak erakutsi ditzakeela balio batzuk gero bizitzako edozein esparrutara estrapolagarriak direnak. Esango nuke niri gaurko egunean daukadan izaeraren oso parte garrantzitsu bat kirolak eman didala. Gero, ez dakit, norbera frogatzearena. Lagunartean ere praktikan jarri dezakegun zerbait da, naturaz gozatzeko modu bat... Ez dakit, gauza onak ditu.
Erronkak, adrenalina, jokoa, norgehiagoka... Guzti horri gehitzen baldin badiogu show hitza, Konkis-era iristen gara. Bertan ere parte hartu zenuen duela asko. Nola sartu zinen saltsa horretan?
Txikitako ametsa zen. Telesailaren edizio asko ikusi nituen txikitatik. Bere garaian Patagonian egiten zituzten frogak oso gustuko nituen, eta pentsatu eta egin, kastinera joan eta 20 urterekin Kolonbian egon ginen, 14. edizioan. Niretzako sekulako esperientzia izan zen txikitako amets hori lortu ahal izatea. Eta egun horietan bizi izan nuena izugarria izan zen.
Pilota, aldiz, izan da protagonismoa hartu duena zure bizitzan. Zergatik mantendu zara pilotari lotuta?
Pilota beste kirolekin ere partekatu izan dut. Gero, unibertsitate garaian alde batera utzi nuen, entrenatzeari utzi nion batez ere, nahiz eta partiduren bat jokatzen nuen. Gero bai egon zela bolada bat ez nuela jokatzen eta beste istorioetara egon nintzela. Nahiz eta modu batera edo bestera hor egon den beti. Entrenatzaile lanetan ere aritu naiz, ni jokatu beharrean umeekin pilota eskolan. Gustuko nuen, eta beti hor bueltaka egon den gauza bat da, praktikan. Bestalde, frontoira joatea eta pilota partidetaz gozatzea asko gustatzen zaidan afizioa da. Horrek ere gaurko egunean jarraitzen du eta. Beraz, pilota beti egon da modu batean edo bestean nire bizitzan.
Txikia zinenean zeri heldu zinen pilotaren munduan mantentzeko?
Pilotan jokatzea beti izan dut gustuko eta, gero, nahiz eta urteren batean utzi, herrira itzuli eta lagunekin partiduren bat edo beste jokatzen nituen. Txikitatik frontoiak konpartitu ditugun askok modu batera edo bestera jokatzen jarraitzen dugu, zentzu horretan ez dakit zer daukan, baina engantxatu egiten du.
Izan duzu emakumezko erreferenterik?
Zorionez bai, txikitan Maite Ruiz de Larramendi entrenatzaile genuen, eta guretzako Maite izugarria izan zen. Gogoan dut 2010 urteko Mundialean pilotari onena izendatu zutela pilotari guztien artean, gizon zein emakume, eta hurrengo egunean bertan gurekin zegoen, trinketean eskolak ematen. Guretzako beti izan da erreferente, eta gaurko egunean hala izaten jarraitzen du. Horrelako jende asko behar da pilota munduan.
Belaunaldiartekotasuna mantentzeak oinarrizkoa dirudi. Alde horretatik, rol desberdinetan aritu izan zara pilota munduan, entrenatzaile, selekzionadore, jokalari... Zer ematen dizu rol bakoitzak edo zerekin disfrutatzen duzu gehien?
Rol bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta ez dakit zeinekin geratuko nintzatekeen, edo zerk ematen didan zer. Egia da orain jokatzen jarraitzen dudala, baina nik uste dut ez nagoela oso egoera fisiko onean, ez daukat besteek duten maila, nahiz eta konpetitiboa izaten jarraitzen dudan. Baina badakit ez naizela maila zehatz batera itzuliko, ez dut orain nagoenetik asko igoko, baina gozatzen jarraitzen dut. Entrenatzeari dagokionez, neskekin dugun harreman hori oso garrantzitsua da. Beraiek ere konfiantza izugarria jartzen dute gugan, oso erreferente garrantzitsu bilakatzen zara beraientzat, ez bakarrik frontoian, baizik eta bizitzako bestelako esparrutan ere. Eta orain, lehendakari bezala, denbora gutxi daramat postuan baloratu ahal izateko. Igual aurrerago galdera berdina eginez erantzun garbiago bat eman nezake.
Zure egoera fisikoa ez dela hoberena diozu, baina berriki paleta gomako binakako txapelketa irabazi duzu Uxue Murillorekin batera. Etxekoen artean jokatutako finala izan zen, Oberena klubekoak denak. Nola bizi zenuen?
Oso erronka polita izan zen, eta gainera Uxuerekin. Txikitatik berarekin egon naiz frontoietan. Uxue ere bada eta beti izan da oso erreferente garrantzitsu bat. Gainera, kriston maila dauka, eta txapelketa hori berarekin jokatzea, inork ez zuenean gugan konfiantzarik, eta azkenean txapela eskuratzea... Polita izan zen. Baina nik uste, eta hau oso garbi esaten dut, niretzako Uxue aurrelari onena dela, eta berarekin jokatzea ere oso erraza egiten dela.
Egia da azkeneko urteetan zirkuitua handitu dela eta telebistan ere ikusi ditzakegula gaur egun emakumezkoen partiduak. Zeri esker lortu da aurrerapauso hori ematea?
Ikusgarritasun gehiago izaten ari gara bai telebista bezalako komunikabideetan, bai bestelakoetan. Apustua egin dela argi dago. Eta nik uste defendatu eta ikusarazi dugula maila polita dugula. Ikusgarritasun aldetik hain maila polita baldin badugu, zergatik ez lirateke gure partiduak telebista bidez eman behar? Uste dut erakutsi dugula baietz, erakartzen dutela.
Erran dugu pilota ikuskizun bat baino gehiago dela, baina zein garrantzitsua hala ere ikuskizuna, ikusgarritasuna ere lortzeko eta, horren ondorioz, erreferenteak sortzeko ere.
Bai. Nik uste aukera oso polita dela emakume pilotariak ikusarazteko. Bere garaian komunikabideen mundua bestelakoa zen, baina oso garrantzitsua izaten jarraitzen du. Pilota eskolara joaten bazara, adibidez, txikietako askok elite mailan dauden bost emakumezko pilotariren izenak emango dizkizute. Lehen, hori pentsaezina zen. Guk bagenituen Maite (Ruiz de Larramendi) eta bere bikotea (Yera Agirre) eta beraiengandik oso urrun bazegoen besteren bat. Gaurko egunean, zorionez, ikusarazte horrek eragina izan du.
Bazegoen hor zulo bat, izan ere, emakumeek pilotan, zehazkiago palan, presentzia nabarmena izan dute historikoki. Onarpena, aldiz, ez da neurri berean egon.
Hori da. Orain, igual oso errotuta dago emakumeen esku-pilota, baina nik ere, zentzu horretan, mahaiaren gainean jarriko nuke emakume palistak urteetan egon direla. Sekulako maila izan dute, bai iraganean eta baita orainaldian ere, bai trinketean bai paleta goman. Orain ere larruan hasi dira. Gainera, pilota kirol bezala oso gogorra da. Eskua jende askok uzten du, emakume askok utzi izan du gogortasunagatik, materiala egokitu bada ere. Aldi berean, ez da talde kirol bat, eta horrek ere eragiten du. Binaka joka dezakezu, baina ez dauka talde kirol batek eman diezazuken hori. Pilotak, agian, zentzu horretan ez, kontran, beste gauza baliotsu asko dauzka.
Emakumeen partiduek ez dutela interesik pizten, ez dutela publikoa erakartzen. Argudio hori askotan erabiltzen da emakumeen partiduak ez antolatzeko. Horren aurrean, zer erran?
Hori diotenei mezu oso garbi bat helarazi nahiko nieke: mesedez, hurbildu frontoira emakumezkoen pilota partiduak ikustera. Asko gozatzen da. Materialaren aldetik ere aldaketak egon dira, beharretara egokitu dira. Beraz, joan frontoira eta gozatu pilota ikuskizunaz.
Bat baino gehiago akaso harrituko litzateke, ezta?
Bai, harrituko ziren segur aski.
Herri askotako bestetan, adibidez, emakumezkoen partiduak gizonezkoen partiduan itzalpean antolatzen dira, normalean gizonezkoena baino lehenago, bestela publikoa bertaratuko ez delakoan.
Nahiko argudio ahula ere bada hori. Zentzu horretan, ez dakit interes falta kontu bat den edo ez dutela errealitatea ikusi nahi. Izan ere, gaurko egunean izugarrizko maila dagoela usten dut, eta aukera eman behar digutela baldintza berdinetan publikoaren aurrean jokatzeko. Adibide bezala, atzera begiratzea gustatzen zait, erraketistei zehazki. XX. mende hasieran ere izan genituen. Erraketistei lekua eman zietenean, sekulako maila erakutsi zuten, frontoi pila bat betetzen zituzten, ez bakarrik hemen edo Estatu espainiarrean, nazioartean ere sekulako maila zuten, eta frontoi ospetsuenetan jokatu zuten. Gero, Frankoren erregimenak baztertu eta historian ahaztu ziren, baina aukera izan zuten. Emakumeak hor zeuden duela 100 urte eta hor jarraitzen dugu gaur ere.
Ados Elkartetik ere lan ikaragarria egin da azkeneko urteetan ere, alde horretatik, zirkuitu berriak sortzeko, espazio berriak irekitzeko. Emakumeak arlo profesionalera eramatea erdietsi da. Zer da gaur egun emakume pilotari profesionala izatea?
Bai, Ados Pilota Elkarteak hein handi batean lortu du emakume pilotari profesionalak izatea, baina gaurko egunean lan kontratu bat izatea eta aseguru bat izatea esan nahi du horrek. Bere zirkuituak antolatzen dituzte edo badira ere beste ekimen pribatu batzuk, baina lehenengo pausu bat da, eta etorkizunari begira jorratu beharreko bidea hasi dute.
Baina, hala ere, gaur egun pilotatik bizitzea kimera bat da?
Oso zaila da pilotaz bizitzea, baina gutxinaka hori lantzen joan beharra dugu, eta baldintza minimo batzuk lortzea, gerora ere aurrerapausoak ematen jarraitzeko.
Uste duzu lortuko dela berdintasun erabateko bat pilotaren munduan? Edo ikusiko dugula guk behintzat?
Ez dakit, ez naiz oso baikorra. Ez dakit ikusiko dugun. Tamalez, oso zaila da. Berriro atzera bueltatuz, orain dela 100 urte izan baziren, eta zergatik ez orain. Baina gaurko egunean nola funtzionatzen dugun ikusita, nik uste zaila izango dugula.
Urrats bat bada behitzat zurea bezalako postuetara iristea, esperantza ere ematen digu horrek.
Bai, eta hemendik ere animatu nahiko nituzke zalantzetan dagoen emakume orori erabakitze postu horietan sartzera aukera suertatzen denean. Zalantzak baldin baditu, erronka polita dela esango nioke, konfiantzaz ekimenari eusteko, aurrerapauso hori emateko.
Inpostorearen sindromearen mamua agertzen zaigu hortik, maiz. Zuk sentitu izan duzu? Askok akaso oraindik. Ere. Eta hor ateratzen da inpostorearen mamu hori. Hori sentitu duzu zuk momenturen batean? Bai, nola egin aurre horri?
Bai, baditugu orotariko momentuak, momentu txarrak eta abar. Baina nire buruarengan ere konfiantza nabarmena dut. Batzuetan ere oso “echada p’alante” naiz.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!