Lau emakume eta gizon bat epaitu zituzten sorginkeria egotzita Auritzen 1525eko ekainaren 19an. Nafarroan egiten zen lehenengo sorgin ehizatzat hartzen dute adituek. Aurretik kasu isolatuak egon baziren ere, modu kolektiboan eta herriaren aurrean egiten zen aurrenetariko adibidea da Pirinioetako herri honetan gertaturikoa. Merkatu eguna zen herrian eta jende asko biltzen zela aprobetxatuz, herriko plazan epaitu eta erre zituzten bost bizilagunak. Haien gorpuak egun batzuetan San Nicolas elizan zintzilik izan zituzten.
Errege Kontseiluko kide Pedro de Balanza izan zen prozesuaren bideratzaile. Errege etxearen izenean gauzatu zen prozesua. Gaztelak Nafarroako erreinua konkistatu berritan gertatu zen. Errepresio handiko garaia. Gizartean beldurra hedatu nahi zuten agintariek, berriro ere matxinadarik eta altxamendurik ez gertatzeko. Ondoren, Pirinioetako beste herri batzuetan ere antzerako prozesuak eman ziren.
500 urte joan dira gertaera horietatik. Egun, sorgin kontuak ipuinekin eta mitologiarekin lotzen baditugu ere, duela bost mende ehundik gora pertsona erretzeko aitzakia izan zen. Gehienetan emakumeak jartzen zirelarik jomugan.
1525eko ekainean Auritzen gertatutakoak gogoratzeko jardunaldi berezia antolatu du Udalak ekainaren 14an. Merkatua egongo da goizean zehar, duela 500 urte gertatu bezala. Arratsaldean, Muxarra Antzerki Taldeak gertatutakoaren inguruko ikuskizuna antzeztuko du herriko plazan. Ondoren, Asisko Urmenetaren zuzendaritzapean grabatzen ari diren Ni ez naiz sorgina dokumentalaren aurrerapen bat eskainiko dute Kultur Etxean. Afari herrikoi batekin emango diote bukaera egunari.
Irrintzi Plaza saioan Unai Irigarai Aurizko alkatea eta Iñigo Larramendi Nabarralde Fundazioko lehendakaria elkarrizketatu ditugu duela bost mendeko gertakari hauen inguruko xehetasunak jasotzeko.