Pirinioetako hizkeren inguruan Josune Aznarezekin

Euskalerria Irratia 2025ko mai. 28a, 19:35

Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariko euskalki edo hizkerak ikertu ditu Josune Aznarez filologoak

Filologoa eta ikertzailea da Josune Aznarez. Urteak daramatza Pirinioetako hizkerak eta euskalkiak aztertzen. Hitzak, esamoldeak eta ipuinak bildu ditu. Erronkariko euskara aztertu du bereziki, hangoak baititu gurasoak. Aetzera, zaraitzuera eta erronkariera euskalkiak baino hizkerak direla dio Aznarezek. “Antzekotasunak dituzte baina desberdinak dira era berean”.

1823an, Bonapartek erronkariera zubererarekin elkartu zuen, zaraitzuera ekialdeko behe nafarrerarekin eta aezkera mendebaldeko behe nafarrerarekin. Koldo Zuazok berriz, euskalkien mapa egin zuenean Nafarroako euskaran sartu zituen hirurak. “Gaur egun zuzenena euskalkiak baino hizkerak direla esatea da”, dio Josune Aznarezek. Erronkariera eta zaraitzuera galdu dira, naiz eta eguneroko euskaran hitz batzuk oraindik erabiltzen diren. Aezkoan berriz, oraindik ere aezkera hitz egiten duenik bada.

2020an Uskararen eleak. Euskararen biziraupena erronkariarren eguneroko hizkeran liburua argitaratu zuen Pamiela argitaletxearekin. Bi urte geroago, 2022an, Oinarrizko hiztegia kaleratu zuen Lamiñarra argitaletxearekin. Lan kolektiboa izan zen, Ariben antolatutako Bortuetako Euskalkien lehen foroan proposatua izan eta gero. Azkenik, Ele ñoak lanean erronkariko euskalkien edo uskaran idatzitako 23 testu labur edo ipuin bildu zituen.

Irrintzi Plaza saioan Josune Aznarez filologo eta ikertzailea gonbidatu dugu, Pirinioetako hizkera desberdinen inguruan mintzatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!