GIZALABAK

Stanisława Leszczyńska, heriotzatik milaka ume salbatu zituen emagina

Euskalerria Irratia 2025ko mai. 27a, 15:05

Bakarne Atxukarrok Stanisława Leszczyńska Auschwitzen biziak salbatu zituen emagina aurkeztu digu #Gizalabak atalean

"Bizitzaren aingerua" esaten diote Stanisława Leszczyńskari, beharbada espazioa eta denbora partekatu zituelako Auschwitzen “heriotzaren aingerua”rekin.

Emagina izan zen Auschwitzeko kontzentrazio-esparru hartan, gerrako urteetan, 3.000 erditzetan, egunean 4tan baino gehiagotan, ia bi urtez, eta bizitzak salbatzea lortu zuen.

1896ko maiatzaren 8an jaio zen Polonian. 12 urterekin familia osoarekin Brasilera joan zen, baina bi urte geroago itzuli zen.

24 urterekin Varsoviara joan zen, eta obstetrizia ikasketak hasi zituen han. Ezkondu egin zen, bi seme-alaba izan zituen, baina ezerk ez zion galarazi ohorez graduatzea bi urteko ikasketa profesionalak egin ondoren.

Lanean hasi zenetik, bere pazienteen errespetua eta maitasuna lortu zituen. Bokaziozko emagina izan zen.

Gerra aurretik harreman estuak izan zituen komunitate juduarekin, bere etxebizitza eskola erlijioso judu baten eta sinagoga baten ondoan zegoelako.

Gerra garaian, ghettoan ekoitzitako ondasunak hiriko gainerako lekuetara bere pisutik igarotzea baimendu zuen. Eta ghettoko neska bat ere babestu zuen bolada batez bere etxean.

Bere senarrak ere komunitate juduari lagundu zion, lan egiten zuen inprentaren bidez, debekatutako dokumentuak inprimatuz.

Hori guztia aldatu zen norbaitek salatu zituenean. Militarrek Stanislawa eta hiru haur atxilotzea lortu zuten, zaharrenak leihotik ihes egitea lortu baitzuen, aitarekin batera.

Zoritxarrez, Varsoviako Altxamenduaren ondoren hil zuten gizona. Baina familiako gainerakoak, Gestapok galdekatu ondoren, kontzentrazio esparruetara  eraman ziztuzten: bi seme gazteenak Mauthausengora, eta Stanislawa eta bere alaba Auschwitzekora.

Ama-alabak, beraz, elkarrekin sartu ziren Klara emagin ofiziala zen eta jaio bezain laster haurrak hiltzen zituen esparruan. Begi urdinak eta germaniko itxura zituztenek bakarrik irauten zuten bizirik, seme-alabarik gabeko bikote alemaniarrei adopzioan emateko.

1943an, ordea, Klara gaixotu egin zen. Eta une horretan, Stanislawak eta bere alabak ordezkatu zuten.

Stanislawak bere lekua hartu zuenean, eman zioten  hornidura bakarra guraize pare bat, botika-pote bat eta benda batzuk izan ziren, besterik ez.

Haur juduak desagerrarazteko agindu zorrotzak ere jaso zituen. Hango zuzendariengandik zetozen agindu horiek, “heriotzaren aingerua” izengoitiarekin ezaguna zen Josef Mengele. Presoekin esperimentuak egiten zituen sadiko  bat zen gizon hura. Stanislawak berak ere haren krudelkeria jasan behar izan zuen, injekzio bat jarri ziolako, sukar tifoideak eragin zizkiona. Zenbait egunez behaketan egon zen, baina zekienez oso gaixo zegoela erakusten bazuen zein izango zen bere amaiera, ahal zuen moduan disimulatu zuen, bere onera etorri zen arte. Horrelaxe salbatu  zen.

Alabari ere kolpeak eman zizkioten, eta esperimentu medikoak egin zizkioten. Bi aldiz agindu zioten gas-ganberara joateko, baina Stanislawak, ezinbestekoa zela jakinda, alaba hil behar bazuten bera ere kamerara joango zela esan zuen. Eta Auschwitzek emagin bat behar zuenez, ama eta alaba kameratik libratu ziren.

Stanislawak ez zion jaramonik egin judu jaioberriak hiltzeko arauari; aitzitik, ahal zuenean, isilpean ematen zizkien beren seme-alabak galdu zituzten ama haiei. Gainera, emagin gisa ez zuenez egunero zerrenda pasatu behar, beste preso batzuek bezala, eta askatasun handiagoa zuenez esparruan mugitzeko, emakume gaixoei botikak, oheko arropa edo ura eramateko aprobetxatzen zuen.

Hiru mila aldiz inguru desobeditu zuen araua, eta haietako bakoitzean gas-ganberan amaitzera arriskatu zen. Baina ezin izan zituen bizitzak salbatzeko asmoak erabat burutu, hilabete batzuen ondoren Klara lanera itzuli baitzen. Stanislawak jaiotzen lagundu zuen hiru mila haurretatik, Klarak mila eta bostehun ito zituen bueltatu bezain laster. Gainerakoetatik ehunka batzuk adopzioan eman zituzten, eta mila inguru hotzak eta goseak hil zituzten.

Auschwitzeko kontzentrazio esparrua 1945eko urtarrilaren 26an askatu zuten. Stanislawa ez zuen tokia utzi nahi izan erizaintzako emakume guztiek utzi ahal izan zuten arte.

Gero, handik kanpo, bere hiru semeekin elkartu, bere auzora itzuli eta ordura arte egin zuena egin zuen: umeak munduratzen lagundu. Han lan egin zuen 1957an erretiroa hartu zuen arte.

1970eko urtarrilaren 27an topaketa bat izan zen Varsovian, eta Stanislawa, Auschwitzeko amekin eta kontzentrazio esparruan jaiotako haurrekin elkartu zen. Salbatu zituen haur guztietatik hogeita hamar bat baino ez ziren bizirik atera.

Hiru urte geroago, bere osasuna hondatu egin zen. 1974ko martxoaren 11n hil zen hesteetako minbiziak jota, 78 urte zituela.

Haren hiletara milaka pertsona joan ziren, juduak eta kristauak, Auschwitzeko aspaldiko lagun asko eta Auschwitzen salbatu zituen haurrak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!