Miren Agur Meabe: "Hirurogei urteko emakume arrunt baten epopeia da ‘Amorante frantsesa’"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko mai. 13a, 19:06

Idazle lekeitiarrak bere azken liburua aurkeztuko du asteazkenean 19:00etan Karrikirin, poesia formako misteriozko thrillerra

Literatur generoekin, mugekin eta formekin jolastu nahi izan du Miren Agur Meabek bere azken liburuan, alderdi askotako "prisma" bat osatuz. Susa argitaletxearen eskutik argitaratutako Amorante frantsesa asteazkenean aurkeztuko du idazle lekeitiarrak Iruñean, Karrikiri dendan, arratsaldeko 19:00etan. Bere hitzetan, poesia forman idatzitako misteriozko thrillerra da: "Ez da ohiko formula, baina nire buruari jarri nion helburu hori, euskaraz landu gabeko eremu literario bat esploratzea, pentsatuz izan zitekeela modu bat irakurketa errutinak hausteko". 

Eleberri beltz handietan bezala, hilketa batetik abiatzen da Meaberen liburua. Neska gazte baten hilotza aurkitu dute Artxandako magalean, eta horrek Agurtzane protagonistaren bizitzan eragin zuzena izanen du. Neska gaztearen institutuko atezaina, Agurtzane 60 urte beteak dituen emakumea da, "porlanezko bunkerra" deitzen duen etxe batean bizi dena. Hilketak arrakala bat irekiko du bere bakardade preziatuan. Idazlearen iritziz, eredugarria izan nahi duen pertsonaia bat ere bada eleberriko protagonistarena: "Emakume adinduak edo beste bizitzaldi batean sartzear daudenak ez dira oso ugariak gure literaturan. Alde horretatik, iruditzen zait Agurtzanek bakardadearekin duen harreman orekatu eta aberasgarri hori; nahiz eta berriz loratzeko eta norbait maitatzeko gogoa izan, izan daitekeela eredugarri". Agurtzane, izan ere, "pertsona arrunt bat" da, egunerokoan gertatu daitezkeen kasualitate miragarriek "epopeia" bat bizitzera eramango dutena. 

Literaturaren generoekin jolasean, metaliteraturatik ere edaten duen ariketa bat izan da Meabek osatu duena. "Azken atalean, epilogoan, protagonistak literaturarekin duen harremanarekiko keinu bat egiten da". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!