Lizoainibar-Arriasgoiti bailaran aurkitu diren lehenengo euskarazko testuak aztertu eta sailkatu ditu Ekaitz Santazilia filologo, NUPeko irakasle eta euskaltzain urgazleak.
2018. urtean Erredingo Luisene etxeko hainbat dokumentu zahar aztertu zituen Unibertsitateko irakasle talde batek, tartean 44 euskarazko dokumentu topatu zituztelarik. Hala ere, datu hau ezkutuan geratu zen euskal filologoen artean, Ekaitz Santaziliaren eskuetara iritsi arte.
Euskarazko testu horiek guztiak apaizen predikuak dira. Oso ohikoa omen zen XVIII eta XIX. mendean sermoiak idaztea eta askotan errepikatzen ziren eta apaizen artean ere elkartrukatzen zituzten. Luisene etxeko euskarazko testu hauek Joan Miguel eta Fermin Josef Aldunate osaba iloba apaizenak dira. Gaztelaniazko fede mezuen euskaratzeak dira gehienak, eta horregatik erdarazko hitzak topatzen dira eta erdal kutsua nabaritzen da.
Hizkerak lotura du Eguesibar eta Iruñerriko euskararekin, baina zenbat ezaugarrietan bat egiten du Aezkoan, Erroibarren eta Zaraitzu, baita Erdialde eta Ekialdeko euskararekin ere.
Testuak ikertu ditu Ekaitz Santaziliak. Sailkatu ditu, hizkera aztertu eta egileen bizitzaren inguruko datuak ere bildu ditu. Erredingo Luiseneko euskal predikuak (XVIII-XIX) izeneko artikulua argitaratu du Euskaltzaindiako Euskera Ikerketa Aldizkarian. Eta maiatzaren 16an, Lizoain-Arriasgoitin aurkeztuko du, Elizar kulturgunean, arratsaldeko 7etatik aurrera.
Lizoainibar-Arriasgoitik aurkitu diren euskarazko lehenengo testuen inguruan mintzatu da Ekaitz Santazilia Irrintzi Plaza saioan.